KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Samurretik hasi eta ozenegi

Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun

Jagoba Astiazaran, Iñar Sastreeta Eñaut Elorrieta



Musikariak: Jagoba Astiazaran (txistua), Iñar Sastre (organoa)eta Eñaut Elorrieta (ahotsa).Egitaraua:Leire: Bide Gurutze; X. Munibe, J. Olaizola, P. Sorozabal, A. Valverde eta besteren obrak.Lekua: Leireko monasterioa (Nafarroa). Eguna: abuztuak 13.

Urteak dira Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikariak elkarrekin lanean dabiltzala, besteak beste, euskal musika tradizionalaren doinuen berrirakurketak proposatuz. Horren emaitzetako bat da 2020an kaleratu zuten Arineketan diskoa, fandango, arin-arin eta zortzikoak jolasean dabiltzan proiektua, eta hainbat herritan aurkeztu zutena. Leire: Bide Gurutze izendatu duten honetan, Leireko monasteriotik hasi, eta Gernikara doan bidaia historiko eta musikala zabaldu dute, txistua, organoa eta ahotsa biltzen dituen programa erakargarrian. Eñaut Elorrieta izan dute lagun.

Xabier de Muniberen Irten ezazu kantak ireki zuen kontzertua, itzaletatik sortuz. Mikrofoniarik gabe, ahotsa biluzik, hasieratik antzeman zen Elorrietaren tinbre berezia, Ken Zazpi taldearekin ezagun egin zena, oso ongi egokitzen zaiola programa mota honi. Hala izan zen baita ere Estibalitz Robles Estitxu-ren Agur maria barnekoian: bertsio sendo eta eztia entzun ahal izan genuen. Beste Agur maria batek, Jose Olaizolarenak, goxo bete zituen Leireko zirrikituak, txistuaren fraseatze finari esker.

Bigarren zatia Nafarroan barrena abiatu zen, Aita Donostiaren Mutilen karika eresiak eta Aita Hilario Olazaranen Txoriak piezekin, Lorenzo Ondarrak moldatuta. Sastre eta Astiazaranen arteko elkar ezagutza agerikoa izan zen zati honetan, biak baitira sen oneko gidari. Haatik, emanaldia behar bezala gozatzea eragotzi zuen alderdi bat gurutzatu zen, ondorengo piezak ere baldintzatu zituena: balantzea. Egiaz, Leireko organoa ez dago bertako espazioaren neurrira egina, izugarrizko instrumentua baita barnera biltzea eskatzen duen tokian.

Hala, azken zatian, Amaiurko gazteluaren setioa eta Gernikako bonbardaketa gogoan hartzen zituenean, historiaren pasadizo beltzenen burrunba izan zen nagusi. Ondorioz, Elorrietaren ahotsaren anplifikazioak ahoskera kaltetzea eragin zuen, Antton Valverderen Amaiur gaztelu baltza eta Elorrietaren beraren Gernikan lausotuz. Zelai emankorra erein zuten, eta hazi gehiegi bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.