Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Bolsonaro

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Donald Trump bezalako bat nola izango zen, bada, AEBetako presidente? Duela bi urte, ia ezinezkotzat jotzen zena gertatu zen, eta hor dabil demokraziaren doinu distortsionatuetan dantzan, graziarik ez duten pailazokeriatan. Jair Bolsonaro dator orain, Brasilen diputatu ezezagun zenean, ia zorotzat zeukaten militar ohi harroputz eta bitxia. Egurra barra-barra banatuko du, graziaz beteriko neurriak hartuz hark ere, bere Elizan errezatzen ez duten guztien artean, Jainkoaren eta ordenaren izenean. Demokraziaren degenerazioaren beste adibide bat.

Merkatuek maite baitute. Izan ere, merkatuak eta haien interesak joko arau guztien gainetik dauden garaiotan, berdin dio nola iristen diren horrelakoak botere osoa izatera. Berdin dio sare sozialen bidez gezurrak egia bilakatzen badituzte, berdin, bozketak manipulatzen badituzte, edo justizia politikaren menpera jartzen badute... Bolsonaroak ongi datoz kontsentsuz erabakiko ez liratekeen neurri ekonomikoak indarrez jartzeko, edota haiek sor litzaketen kaleko protestak bortxaz geldiarazteko.

Brasilen garai larriak bizi dituzte, eta okerragoak etorriko dira, Bolsonarok irabaziz gero. Baina Fernando Haddadek ere ez du erraza izango, azken orduko zorte kolpe bati esker irabaziko balu.PTk eragin duen deskontentua kudeatzeaz gainera, agertoki politiko ustelduan jokatu beharko baitu, Bolsonaroren militar haserretuen erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.