mikel p ansa
HIZPIDEAK

Porlanaz beste

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Mugak irekita daude, hondartzak ere bai, ez-jaiak eta ez-ospakizunak hasi dira, aspaldi elkar ikusi gabeko jendeak berriz topo egin du... Ia lau hilabete pasatu dira Euskal Herrian aurreneko koronabirus kasuak agertu zirenetik, bi hilabete joan dira itxialdian, eta 2.100 gaixo baino gehiago hil dira koronabirusaren eraginez. Gainezka egin zuten ospitaleek udaberri hasieran, ito beharrean ibili dira zahar etxeak, hildakoak agurtu ezinik gelditu dira senide asko, mendekotasun edo elbarritasunen bat duten asko zokoan egon dira, umeei tristura eta adingabeei etsia ekarri dizkie konfinamenduak, lana galdu du langile askok, hezkuntza sistemaren mugak eta ezinak agertu dira, kontziliazioarenak are gehiago, eta gizarte honek zaintzarekin arazo handi bat duela inoiz baino nabarmenago gelditu da. Opor sasoiak datoz, baina dolu, malko eta etsipen garaiak igaro ditu gizarte honek. Sektore guztietako langileek sufritu dute, batzuek txaloen aitortzarekin, besteek horiek gabe. BERRIAk aste honetan argitaratu dituen hogei testigantzak dira horren lekuko. Uda dator, alarma egoera bukatu da, baina ezin dira ahaztu eta bazter batera utzi birusak jarritako etxeko lanak: sistema publiko sendo bat sortzea, osasuna, hezkuntza, zaintza eta kontziliazioa behar bezala bermatzeko. Maria Silvestre soziologoaren esanak aintzat hartuz: gizarte honek ez diezaion balio handiagoa eman zubi bati zaintzari baino; porlanak ez beste zerbaitek egin beharko du gizarte hau berreraikitzeko lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.