Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Nekea

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Urtea bete da guztion bizitza aldatu zuen pandemiaren lehen kasuak Euskal Herrian agertu zirenetik. «Inork hau kontatu izan baligu duela urtebete» esaldia askoren ahotan entzun da azken hilabetean, urteurren gogaikarri hau hurbiltzearekin batera gero eta ozenago. Ikasgai asko jaso ditu herritarrak azken urtean, baina hasierako hilabeteetan antzematen zen baikortasunetik —«gizarte eredu berri bat eraikitzeko balioko du honek», «elkartasun sareak eraikitzeko ona izango da», «indartuta aterako gara» eta gisako esaldiak entzun ziren barra-barra— ezkortasunerako marra uste baino finagoa izan da, azkenean.

Gizarte eredu berri bat, ez, jendeak lehengora itzultzea du amets. Eta galdera hau entzuten da: «Inoiz lortuko al dugu lehen bizi ginen bezala bizitzea?» Aurreko udan normaltasun berria deitu zuten apur horrekin amesten du jendeak, ukatu zaion askatasuna berreskuratzearekin; eredu horren ajeak eta akatsak, eta pandemiak begien bistan utzi dituen ondorio eta albo kalteak ahaztuta.

Elkartasun posibleen sareen arrastoa topatzea ere ez da erraza. Eta kezkagarria da konfinamendu garaian balkoietako polizia gisa izendatu ziren horiek kalean hurkoa epaitzen ikusi eta entzutea, norberak egiten dituen arau hausteei pisua kenduz eta besteenak nabarmenduz. Ez dirudi gizarte kohesionatu eta solidarioagoa eraikitzeko oinarri sendoegia.

Nekea ere bada. Baikortasunetik etsipenerako bidean, argi izpien beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.