Mendi duatloia

Hasi, behintzat, hasi dira

Beste kirol asko bezala, COVID-19ak kinka larrian utzi ditu mendi inguruan jokatzen diren hainbat diziplina ere. Horietako bat izan zitekeen urtero jokoan izaten den Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua, baina ez da kasua. Antolakuntza gehienek urteroko probei jarraipena emango diete aurten ere.

Maite Anton duela bi urte hasi zen mendi duatloian lehiatzen. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hamar urte daramatza jada Juan Zubiak (Zumaia, Gipuzkoa 1971), Ibarrako (Gipuzkoa) mendi duatloia antolatzen. Egun, bertan bizi da, eta zirkuituko arduradunetako bat ere bada. Ondo bidean, urriaren 12an jokatuko dute aurten ere urteroko ekitaldia. Egun gutxi falta dira, eta lanez lepo dabil azken egun hauetan. 2011n zirkuitua martxan jarri zenetik, urtero izan da Ibarrako proba egutegian. Hamargarren urtemuga ospatzeko, Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan jarriko dute. Baina aurtengo ekitaldia ezin izan dute azken unera arte ziurtatu. «Abuztura arte ez genuen ezeren berririk. Egoeraren arabera, erabaki bat hartu behar genuen. Antolatzaileen esku utzi genuen erabakia, baina argi geneukan probarik antolatu ezean, zirkuitua bera ere bertan behera utzi beharko genuela. Proba batzuk bertan behera gelditu diren arren, zirkuitua osatzeko adina proba batu ditugu», azaldu du Zubiak.

Mendi duatloien zirkuituan askotan aritutakoa da Xabier Urrutikoetxea Urruti (Usansolo, Bizkaia, 1984). Mendian korrika eta bizikletan ibiltzea gustuko duen aldetik, urteak daramatza diziplina horretan. Parte hartzeaz gain, azken urteetan Usansoloko mendi duatloiko antolatzaileetako bat ere bada. Aurtengoan, ordea, ez da duatloirik jokatuko Usansolon. Orain arte jokatutako bi probetan hartu du parte. «Hasiera arraro xamarra izan da aurtengoa. Garai hauetan zaindu beharreko neurriak muturreraino eraman direla ikusi dut, eta orain arte oso giro bikaina ikusten ari naiz zirkuituan».

Maite Antonek (Oñati, Gipuzkoa, 1984) ere ez du arrotz zirkuitua. Orain dela bi urte izan zen lehenbizikoz lehiatzen, eta iaz beste bi proba ere egin zituen bikotekako modalitatean. Aurten, Urduñan (Bizkaia) jokatutako proban egin du estreinakoa. «Oso gustura sentitu ginen. Azkar batean konturatu ginen segurtasun eta osasun neurri guztiak betetzen zirela, eta alde horretatik beste urteen antzera ibili ginen. Behin irteera emanda, ez genuen alderik nabaritu» nabarmendu du Antonek. Zubiak eta Urruti-k, antolatzaile diren aldetik, hartu beharreko neurriak izan dituzte hizpide. Kirol gehienetan bezala, lehia hasi aurreko momentuakdira antolatzaileen buruhausterik handienak. «Dortsala hartu aurretik, eskuak garbitzea ezinbestekoa bihurtu da, eta tenperatura ere hartzen digute lehian hasi aurretik». Gainera, beroketa hasi eta irteera eman baino minutu bat lehenago arte, maskararekin egotea derrigorrezkoa da. Horrez gain, baten batek lasterketa utziz gero, momentu oro maskara erabiltzera derrigortuta dago.

Antolakuntzek aurkeztutako protokolo zorrotzek ziurtasuna eman diete probei. Ibarran hartuko dituzten neurriak ere argitu nahi izan ditu Zubiak. «Argi geneukan proba aurrera eraman nahi bagenuen hartu beharreko neurriak zorrotz bete behar genituela. Bost kirolariz osaturiko ilarak prestatuko ditugu, haien artean metro eta erdiko tartea bermatuz, eta bikotekako taldeakbost minutu beranduago irtengo dira».

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, naturan egiten direnak dira kutsatzeko arrisku gutxien duten kirolak, eta horien artean dago mendi duatloia ere. Ia ez dago kontakturik kirolarien artean, eta zirkuituko parte hartzaile kopurua 150 kirolaritara murriztuta, arrisku gehienak saihestu ahal dituzte.

Anton eta Urruti Urduñan jokatutako proban izan ziren. Antolakuntzak herriaren kanpoaldean egitea erabaki zuen. Kirolarien arteko distantziak mantentzeko eta jende pilaketak ez gertatzeko neurria zen, eta bikain hartu zuten parte hartzaileek. «Igartzan jokatutako proban oso seguru sentitu nintzen, eta Urduñakoanere. Bertan izan ziren ikusleak ere distantzia handira zeuden. Burbuila batean bezala geunden» argitu du Urrutik. Urduñako antolakuntzak egindako ahalegina txalotzeko modukoa izan zela berretsi du Antonek. «Izugarrizko lana egin zuten. Bestalde, protokoloaz gain, beste urteekin alderatuta, ez nuen alde nabarmenik ikusi». Alde horretatik, Zubiak ere argi dauka: «Kirolariak edozein tabernatan baino askoz ere seguruago daude mendi duatloietan. Horretan ez daukat zalantzarik».

Inoiz baino kirolari gehiago

Protokoloak protokolo, eta neurriak neurri, mendi duatloiko zirkuitua erantzun bikaina izaten ari da. Mendi lasterketen egutegian beherakada bat izan den bitartean, zirkuitua parte hartzea bermatzen ari da. Arrazoiak asko izan daitezke, Zubiaren arabera:«Parte hartzaileen kopurua izan daiteke gakoetako bat. Jende asko biltzen den lasterketetan oso zaila da neurri guztiak betetzea. Gure probetan, berriz, kopuruak horretan laguntzen du. Goraka doa, hala ere, parte hartzea mendi duatloietan». Probak jokatu ahala antzeman dute hori. Igartzan (Beasain, Gipuzkoa) jokatutako probara jendea zalantza askorekin gerturatu baldin bazen ere, Urduñan jada beldur guztiak uxatu zituen antolakuntzak. Kirolarien jatorria ere ikusi besterik ez dago: Euskal Herriko kirolariez gain, Errioxatik, Kantabriatik eta Burgosetik jendea hurbiltzen ari da zirkuitura, eta oihartzuna gero eta handiagoa da.

Urruti-k ere beste arrazoi bat eman nahi izan du: «Mendi lasterketa asko bertan behera gelditu dira, eta korrikalari askok dortsala jartzeko beharra zeukaten. Mendi duatloiek horretarako aukera eskaini diete askori». Pandemiak eragindako albo kalteak ere hizketagai izan ditu bizkaitarrak. Hainbeste hilabetetan etxean eta lehiaketarik gabe egon ondoren, lehiarako grina ikusten du. «Azken urteetan lehiarako joera asko areagotu da. Denok dugu izugarrizko bizikleta, denok dugu material ona, eta denak gaude depilatuta. Askok zirkuitu hau baliatu dute irtenbide bat izateko». Bertan aurkitutako giroa aitzaki gisa hartuta, zirkuitu osoa jokatuko duela ere aitortu du. Antonek, berriz, lehiari bainoago, partaidetzari ematen dio garrantzia. «Orain bi urte, lagun batek gomendatuta hasi ginen zirkuituan. Emakumeentzat agian lasterketa gogorrak dira bakarrik egiteko, eta horregatik ez dabiltzahainbeste emakume. Bikoteka egiteak ateak zabal diezaizkie askori». Aukera egokia dela uste du, gutxienez, kirola ezagutzeko, eta horretaz disfrutatzen hasteko.

Pandemiak eragindako kalteek 2020ko zirkuituko egutegia murriztuko dute derrigorrez. Iaz, esaterako, hamar probatik gora jokatu ziren, baina aurtengorako zazpi proba baino ez dituzte aurreikusten egutegian. Orain arte Igartzan eta Urduñan jokatutako probez gain, beste bost proba jokatzeko ahalegina egingo dute antolatzaileek: Arespalditzakoa (Araba), Ibarrakoa (Gipuzkoa), Zegamakoa (Gipuzkoa), Amasakoa (Gipuzkoa) eta Adunakoa (Gipuzkoa), hain zuzen ere.

Orain arte jokatutako bi probak ikusita, hiru protagonistek ez dute arriskurik ikusten gelditzen direnak ere jokatzeko. «Oso zirkuitu familiarra da mendi duatloiena, oso giro atseginekoa. Nik, behintzat, azken orduko ezusterik egon ezean, gelditzen diren probetan parte hartzeko asmoa daukat» azpimarratu du, gustura, Antonek.

Urruti-k ere gogo hori dauka: «Bikoteak neguko triatloiak prestatzeko nahia dauka, eta niri ere ederki etortzen zaizkit haren aitzakian».

Zubia ere pozik dago orain arte ikusitakoarekin: «Azkenaldian asko ikusten ez genituen kirolari batzuk itzuli dira zirkuitura, eta jende gaztea ere murgiltzen ari dela konturatu gara. Albiste ona da hori, zalantzarik gabe, mendi duatloiaren orainerako zein etorkizunerako».

Ezohiko egoera honetan, mendian korrika eta bizikletan ibiltzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen die gaur egun kirolariei mendi duatloien zirkuituak. Pandemiak okerrera egin ezean,mendi duatloiko lasterketetako parte hartzaileek eta antolatzaileek osatzen duen familiak denboraldia gauzatu ahal izateko esperantza dute. Eta hori ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.