Kosovoko selekzioa

Hesian: Espainia

Selekzio ofiziala da 2016tik. Kosovoko Parlamentuak zortzi urte lehenago egin zuen Serbiatik banatzeko hautua. Bihar, estatu gisa aitortzen ez duen baten aurka ariko da, 2022ko Munduko Koparako bidean: Espainia. Gatazka ez da baretu.

KOSOVOKO FUTBOL FEDERAZIOA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kosovo. Gatazka politikoa eta militarra gogora. Atzo goizekoa, atzo baita historian duela 23 urte. Serbiaren barruan zegoen herritar multzo bat zen Kosovo eta Metohia; albaniarrak ziren gehienak. Beste zerbait nahi, eta beste aldeak nahi ez. Ondorioa: gerra. 1998ko otsailetik 1999ko ekainera. Handik bederatzi urtera, independentzia adierazpena Kosovoko Parlamentuak, AEBen eta Europako Batasuneko estatu askoren babesarekin. Serbiak onartu ez: oraindik ere probintzia autonomotzat dauka. Kosovoko iparraldean bizi da serbiar komunitate nagusia, eta ez du estatu berria onartzen. 2010ean, Hagako Nazioarteko Auzitegiak ebatzi zuen adierazpenak ez zuela urratzen nazioarteko araudia. 2013an, akordioa bat egin zuten Serbiak eta Kosovoko Errepublikak, harremanak izateko bien artean, baina oso urruti dago konponbidea.

Gatazka Kosovoren inguruan; barruan ez ezik, kanpoan. Nazioartean ere kalapita eragile baita hasiera-hasieratik: Nazio Batuen Erakundeko herrialde batzuek estatu gisa aitortzen dute; beste batzuek, ez. Tartean, Espainia. Independentzia Serbiarekin adostu gabe onartu izana ezin ontzat jo Espainiak, barrura begirako gatazka politikoetan hauspoa ematea litzatekeelako; adibidez, Euskal Herrian eta Katalunian.

Espainiak Kosovorekiko duen jarrera hori kirolera ere heldu da. Duela pare bat urte eskas, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak mehatxu moduko bat egin zion Espainiari, bidali egingo zuela lehiaketa guztietatik ez bazuen errazten Kosovoren parte hartzea.

Oztopoz betea izan zen, esate baterako, futbol selekzioaren bidea ofizialtasunerantz. Independentzia eskuratu eta zortzi urtera, 2016an, onartu zuten UEFAk eta FIFAk. Aurretik, Serbiatik ospa egin eta berehala, FIFAk ukatu egin zion lagunarteko partidak jokatzea ere. 2012an kendu zion debekua, eta 2014 hasieran, baimena berretsi egin zuen Futbolaren Nazioarteko Federazioak, baina muga honekin: Kosovoko taldeek eta selekzioak jokatzen zuten partidetan, ezingo zen herrialde horretako ereserkia entzun, eta Kosovoko sinboloak ere ezingo ziren erakutsi.

Orain, Espainiako Futbol Federazioak debeku horren mamua haizatu du berriz, bihar Kosovoren aurka jokatu behar duelako, 2022ko Munduko Koparako sailkatzeko ligaxkan multzo berean daudelako bi selekzioak. Baina FIFAren debeku hark ez du batere indarrik, Kosovo selekzio ofizial gisa onartu zuenetik. Kontua da Espainiako Federazioak Kosovo «lurraldetzat» jo duela partida horretarako eta egunotan jokatu dituen beste bietarako jokalari zerrendaren berri eman zuenean.

Sutu egin zuen horrek Kosovoko Federazioa: «Partida jokatzeari uko egingo diogu Espainiak ez badigu uzten gure bandera erakusten eta gure ereserkia jotzen». Azkenean, itxuratu dute auzia Espainia aldetik, eta FIFAk ezartzen duen bezalakoa izango da norgehiagokaren atarikoa: Kosovo den bezala hartu beharko du, ereserki, bandera eta gainerako sinbologia eta guzti. Espainiak erakutsi nahi ez duena agerian utziko du bihar Granadan jokatuko den partidak: onartzen ez duen estatu baten aurka jokatzea. Oraingo honetan, Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Arancha Gonzalez Laia euskal herritarrak ere atera egin behar izan du azalpenak ematera. «Jakina Espainiak ez duela aitortzen Kosovo estatu independente gisa, baina horrek ez du esan nahi haiek parte hartzen duten lehiaketetan parte hartzen ez dugunik. FIFAren araudiekin ari gara jokatzen, eta ez dira nazioarteko araudiaren berberak estatuak onartzeko orduan. Horregatik daude FIFAren barruan estatu ez diren zenbait lehiakide: Faroe uharteak, Gales, Eskozia, Ipar Irlanda eta Gibraltar». Azalpen horiek ematen diote aldeko zerbait; adibidez, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren eskaerari. Espainiak esan baitu onartu egiten dituela estatu ez diren selekzioak ere, baldin eta FIFAk ameto ematen badie erakundean sartzeko. Eskaria egina du Euskadiko Futbol Federazioak, iazko abenduaren 16an, hain zuzen. Baita UEFAn ere.

Jokalari onenak, ezin eduki

Kosovoko selekzioa 55.a izan zen UEFAk onartua izaten, eta FIFAn, berriz, 210.a. Ofizial izan aurretik hasi zen, baina, bidea egiten, eta FIFAren sailkapenean 117. selekzioa da oraintxe bertan.

Independentzia eskuratu ondoren, 2010eko otsailean jokatu zuen lehendabiziko partida: Albaniaren aurka, lagunartekoa (2-3 galdu zuen). Aurreneko partida ofiziala 2016ko irailean jokatu zuen, bi urte geroagoko Munduko Koparako sailkatzeko fasean: Finlandian izan zen; 1-1 egin zuen.

Jokalari ezagunik ez du, Kosovoko jatorria duten ospetsuenak beste selekzio batzuetan ari direlako, selekzioa ofizial egin baino lehen aukeratu zutelako: besteak beste, Granit Xakha eta Xherdan Xaquri, Suitzan, eta Adnan Januzaj Realekoa, Belgikan. Selekzioko jokalari gehienak Europako ligetan ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.