HIZPIDEAK

Eten ez den sokari helduta

Iñaki Petxarroman -

2018ko azaroak 25
Mendeurreneko ekitaldi instituzionalean, Euskal Herri osoko erakundeak batu ditu Eusko Ikaskuntzak. Sorreran ez bezala, hor ziren Ipar Euskal Herrikoak ere. Erakunde propioa baitute hango herritarrek egun, departamendu batek edo eskualde batek baino eskumen txikiagoa izanik ere, ordezkaritza legitimo hori bere gain har dezakeena. Haiekin ziren sortzaileak: hiru aldundiak eta Nafarroako Gobernua (diputazioaren oinordeko). Jaurlaritza ere hor zen, 1918an ez bezala. Hots, Euskal Herriaren argazki instituzional berritua eta Eusko Ikaskuntza indarberritu bat, erronkaz beteriko etorkizunari aurre egiteko gertu.

«Proiektu partekatu bat» agindu dute Oñatin, Euskal Herri osoarentzat, ulertzen da. Eta momentuko ataka historikoan, aipatzeko moduko asmoa da hori. Izan ere, 100 urteotan, hein batean, urrundu egin dira euskal erakundeak elkarrengandik, estatu arrazoiek, alderdi batzuen interesek eta zatiketa instituzionalak hartaratuta.

Lizarrako estatutuaren egile izan zenak ez luke meritu txikia, lortuko balu Euskal Herri osoa barnean hartuko lukeen egitasmo bati forma ematea. Hots, XXI. mendeko nazioaren izaerari atxikia: askotarikoa, parekidea, euskara ardatz izanik eleaniztuna, kohesionatzailea eta demokratikoa. Sortzaileen soka guztiz eten gabe, haiek ere utzitako korapiloak askatuko lituzkeena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna