jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Txapelak

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Zaleak ez du berehala ahaztuko atzo amaitu zen Euskal Herriko Itzulia. Hamasei urte geroago, Iban Mayok 2003an irabazi zuenez geroztik lehen aldiz, euskal txirrindulari batek irabazi du. Meritu izugarri handia du Ion Izagirrek atzo lortu zuen txapelak. Azken urteetan ohikoak izan dira euskal txirrindularien etapa garaipenak World Tourrean, baina horiek itzuli batekin borobiltzea falta zen: azkena Izagirrek berak eskuratu zuen duela ia lau urte Polonian, eta orain ere berak lortu du, etxean, Euskal Herriko zaleen aurrean, karrera zirraragarri batean.

Nabarmentzekoa da Itzuliak aurten izan duen itxura aldaketa. Berritasunekin zetorren, eta antolatzaileek bete-betean asmatu dute. Egon dira hutsuneak antolaketan; atzo Eibarko helmugarako metro batzuen faltan gertatutakoa horien adibide. Baina, kirolari dagokionez, ikusgarria izan da karrera. Txirrindulariek eta zaleek gozatu eta elkar gozarazi dute, sinbiosi bikaina osatuz.

Euskal txirrindularitzak behar ditu etapa eta itzuli garaipenak, behar ditu karrera zirraragarriak, behar ditu lanegun batean bide bazterrak bete eta ziklistak maldan gora oihu eta txalo artean eramango dituzten zaleak... Baina, batez ere, txirrindulariak behar ditu, eta horretan ere itxaropentsu egoteko modukoa izan da aurten Itzulia, Euskadi-Muriasek Euskadi Fundazioari bat egiteko eskaintza egin diola jakin baitzen astelehenean. Bikain hasi zen Itzulia, eta bikain amaitu da. Txapelak asko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.