Zozoen elean (IV). Fatita Said. Sahararra

«Laguntza humanitarioa adabakia da, ez Saharako arazoaren soluzioa»

Saharako hainbat ume heldu ohi dira euskal herrietara, udako. Bi hilabete egiten dituzte gure artean, errefuxiatu-kanpamenduetako errealitate ez bezalako batean. Haur horien arduradunen artean da Fatita Said, Saharatik udaldia igarotzera gure artera noizbait betiko etorria.

Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren


Oporrak bakean du izena egitasmoak, eta Saharako zenbait ume Europara ekarri ohi ditu udaldian. Programa horrexen bidez heldu zinen zu haurretan…

Zortzi urte arte kanpamenduetan bizi izan nintzen. Garai hartan, Oporrak bakean programaren barruan Burgoseko (Espainia) Villatoro herrira heldu nintzen. Uda igaro, eta atzera kanpamenduetara itzuli nintzen. Ondoko udan, berriz, aurreko urtean etxean hartu ninduen familia berak hartu ninduen. Uda hartan aita ere etorria zen, osasun gorabeherak tarteko, eta geratu egin zen. Senideak ere hemen nituen udaldiko programa beraren barruan udaldian ahizpa Kanaria uharteetan, neba Toledon nonbait, eta bertan geratuko ginela erabaki zuten gurasoek. Hala ere, ama Saharako kanpamenduetan zen, eta geroago etorri zen.

Zein oroitzapen dituzu kanpamenduetako bizimoduaz?

Askok bestela usteko duzuen arren, gogora ekarri nahi izaten dugun haurtzaroa da kanpamenduetakoa. Jakina, ez zen jostailurik, ez zen igerilekurik, eza zen nagusi, baina zoriontsu ginen; hein batean, bederen… Eskolara joaten ginen, bertan egiten genituen haur-hezkuntza eta lehen hezkuntza, eta, ostean, batzuk erbestera joaten ziren ikasketa gehiago egitera —Aljeriara, adibidez—, eta beste batzuk, aldiz, bertan geratzen ziren.

Udan inguruan izan ditugun Saharako haurrekin komunikatzeko lanak izan genituen hasmentan…

Lehenengo udan etorri nintzenean neuk ere ez nekarren oinarrizko gaztelania besterik: edalontzi bat ur eskatzeko lain, ez nekien askoz gehiago. Orain gehiago ikasita datozela iruditzen zait: agurrak, zenbakiak, koloreak… ez nuke esango oinarrizko gaztelaniarik dakitela, baina erraz ikasten dute, izan gaztelania edo izan euskara. Abantadan ikasten dute, horretaraxe behartzen ditu egoerak, komunikatzeko beharra daukate, beren barruan dutena adierazteko premia.

Zeuk ere baduzu eskarmentua…

Nire kasuan, Gasteizen ikasi nuen gaztelaniaz. Izan ere, bigarren uda hura eta gero Gasteiza etorri nintzen. Izeba bat nuen hemen, eta berarekin bizi izan nintzen ama etorri zen artean. Bederatzi urte nituen, eta laster nintzen hemen eskolan, lehen hezkuntzako hirugarren mailan, gainerako ikasleekin batera. Orduantxe ikasi nuen gaztelaniaz, eta hein bat euskaraz, eskolan ikasia. Derrigorrezko ikasketak egin, batxilergoa ere bai, eta unibertsitatean naiz orain, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasten.

Oporrak bakean programaren sokakoa zu.

90eko hamarkadaren hasieran ekin zioten programari. Orduan, udalekuak ziren batez ere, zenbait ikastetxeren babesekoak, eta Europako zenbait herrialdetan udaleku modura iraun du Alemanian, Frantzian eta Italian. Alabaina, espainiar estatuan familien programa da gehienbat, baina ez guztiz, gero eta familia gutxiagok hartu ohi dituelako haurrak etxean. Hargatik jotzen dugu udalekuetara. Sasoi batean ez zegoen horren beharrik, nahi beste familia zegoelako haurrak etxean hartzeko prest. Autonomia erkidego batean, esaterako, ehun haur ere hartuko zituzten eta, oraingo egunean, aldiz, Gasteizen, berrogeita hamarren bat haur hartu dituzte. Denera, lehen hamar mila haur irteten ziren udan Saharako kanpamenduetatik. Gaur egunean, zazpi milaren bat.

Haurrak hartuko dituzten familiak nahiz eskolak eskas, diozu.

Gero baino gero gutxiago. Familiak dira gure lehentasuna, hala ere, baina haurrak udan kanpamenduetatik ateratzea da helburua, osasun azterketa izan dezaten, itsasoa ikus dezaten! —han horrelakorik ez baitago, ikusia dute telebistan, baina ez besterik—, iturri bat!... harrigarriak zaizkie. Gogoratzen naiz ura eskueran izateak harritu ninduela ni bereziki hona etorri nintzenean. Beste haur batzuk auzoaren ateko txirrina joz gozatzen dira, edo txakurrekin jolasean, kanpamenduetan ez baitago etxeko txakurrik.

Hona etorri eta osasun azterketa jasotzen dute haurrek, bestelako mundua ikusten ere dute.

Horiexek dira helburuak, kanpamenduetan bizi duten errealitate gordina, bi hilabetez bada ere, albora uztea. Ez dute errealitate hura besterik bizi izan jaio direnetik, belaunaldiz belaunaldi datorren errealitatea da, duela berrogei urte baino gehiago sortu ziren kanpamenduak… Oso latza da hura eta, hala ere, txalogarria da kanpamenduetan bizi den jendearen borrokarako kemena, aitortza merezi du, bizirauten asmatu dute bertako gizon-emakumeek. Adibidez, emakumea da etxeko zutabe, beraren esku dira etxeko lanak eta umeak haztea. Gizona zona militarretara joan ohi da, gerra kasuan borrokatzeko. Egoera horretan, laguntza humanitarioari esker bizi dira. Gainerakoan, errutinak agintzen du.

Errutinak?

Bata bestearen ondoren datoz egunak. Esate baterako, hona etorri diren haurren bizimoduak ez du korapilo bihurririk: goizean jaiki, eskolara joan, eguerdian etxera bazkaltzera, atzera eskolara, itzuli, eskolakoak etxean utzi eta jolasera lagunekin, afaltzeko ordua arte. Eskolako lanak egin eta ohera. Horrela egunak! Uda atarian, maiatzean izan nintzen kanpamenduetan, eta iruditu zitzaidan utzi nuen garaian bezala zegoela hura. Antzeko, behintzat. Denbora gelditu izan balitz bezala dago hura, aldaketa handirik gabe.

Haurrak hazten direnean zer?

Aljeriara, gehiago ikastera, edo, batzuk, Kubara, bigarren hezkuntzako ikasketak egitera, beren kalifikazio akademikoen bikaintasuna tarteko. Lehen, Libiara ere joan ohi ziren, baina hango gerrak peko errekara bota zuen Fronte Polisarioak hango gobernuarekin zuen akordioa.

Zein da gehiago ikastera erbestera joaten ez diren gazteen geroa?

Ez dago gerorik. Neskak dira ikasketak uzten lehenak. Laster dira etxeko lanetan, eta, berandu gabe, osatua dute familia. Han ez dago hemengo biderik: halako maila edo adin jakin bat arte ikasi, lanean hasi eta, gero, datorrena. Ez. Kanpamenduetatik alde egiteko aukerarik ez dute, ez bada bekaren bat edo gaixotasunen bat tarteko ez bada. Atzerrira migratu eta lan egiteko biderik ez dago. Hantxe bizi izan ziren gure aitaita-amamak, hantxe gure gurasoak, hantxe gure belaunaldia eta, oraingo egunean, gure ondokoa. Horixe da, zoritxarrez, kanpamenduetako errealitate gordina.

Zuen lurraldeen okupazioak ekarri du errealitate hori.

Horixe da arrazoia. Ez dugu geure lurraldearen gaineko eskubiderik, kendua digu Marokok. Besteren lurraldean gaude, Aljeriak utzitakoetan, baina hura ez da gure lurra ez gure herrialdea. Aterpea eman digu, baina hura ez da gure etxea. Kanpamenduak jartzen utzi digu Aljeriak, besterik ez. Ez gara aljeriarrak.

Zein da, hortaz, geroa?

Independentzia, espero! Bitartean, ez dago modurik. Zenbait gazte ez daude konforme, eta ihes egiten dute, hara edo hona, baina ez dago errefuxiatu guztiak ihes egiteko biderik. Ezinezkoa da… Irtenbidea potentzia handien eskuetan dago. Espainia eta Frantzia, adibidez, Marokoren aliatu estuak dira eta, bestalde, Fronte Polisarioak ez du laguntzarik, ezta nahiko indarrik ere. Nazioartean ere, Saharako herriak irtenbidea behar duela esaten dute denek, baina urratsik ez du inork egiten. Haurrak hartzea, dirua biltzea, kamioi karabanak bidaltzea hainbat tona janarirekin, medikuak hamabostaldi baterako joatea… ongi dago, baina ez dira adabakiak besterik, arazoaren muinera joan behar da, espainiar estatua inplikatu behar da, dagokion ardura bere gain har dezan. Laguntza humanitarioa ez da nahikoa, inplikazio politikoa behar da.

Zer egin behar dugu guk?

Bada, ez dakit. Euskaldunek beti lagundu dute, asko lagundu ere, laguntza humanitario horri dagokionean, ez izan dudarik. Laguntza hori ongi dago, baina ez da arazoaren soluzioa. Laguntza humanitarioa ezin da helburu izan. Kanpamenduetan bizi den jendeak gero baino gero animo txikiagoa du, ez du ikusten soluziorik, independentzia helduko denik. Zortzi urte nituela irten nintzen handik, eta aurten han izan naizenean, egoera bere horretan dagoela iruditu zait, eta senideekin hizketan eta beti betikoa: zein gaizki gauden, zertan ez den egoera aitzinatzen eta soluzio batera heltzen.

Saharar bizi zaitezen zeure lurrean, esan nahi duzu.

Hemen bizi naiz, baina hau ez da nire herria. Kanpamenduak ere ez dira nire herria… Ez naiz hemengoa, ez hangoa. Nire aitaita-amamek eta gurasoek ezagutu zuten lurraldea da nire herria, Marokok okupatu zuen lurra, leku bat non eskolak eraikiko liratekeen, tailerrak jaso, banketxeak ireki, inbertsioak egin, baliabide naturalak ustiatu oparo ditu Saharak, eta gainerako gauza guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.