Nazioarteko musikariak itzuliko dira Getxoko jazz festibalera, haren 45. aldian

Hilaren 29tik uztailaren 3ra, Melissa Aldana, Cyrille Aimee, Fred Hersch, Ron Carter eta Gonzalo Rubalcaba & Aymee Nuviola ariko dira jaialdian

Melissa Aldana saxofoi jotzaileak hasiko du jaialdia. GETXOKO JAZZ JAIALDIA.
Erredakzioa
Bilbo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Jazz denboraldia ireki ohi du urtero Getxoko (Bizkaia) jazz festibalak. 45. aldia izango du aurtengoa, eta, osasun krisiaren ostean, atzera «normaltasuna» berreskuratuko duela nabarmendu dute antolatzaileek, nazioarteko artistak itzuliko baitira udalerrira. Horien artean, besteak beste, Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimee abeslaria, Fred Hersch piano jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzailea zuzenean ariko dira jaialdian, baita Gonzalo Rubalcabak eta Aymee Nuviolak osatutako bikotea ere, hilaren 29tik uztailaren 3ra artean. Ordainpeko kontzertuez gain, Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, Hirugarren Milurtekoa atalekoak eta familientzako antolatu dituztenak ere izango dira.

Jaialdiaren hiru ardatzak «kalitatea, aniztasuna eta banda gazteen aldeko apustua» direla azaldu du Iñaki Saitua arduradunak, eta gehitu du emakume musikarien presentzia nabarmena dela aurtengo programazioan. Orotara, hemezortzi emanaldi izango dira hiru agertokitan, horietatik zortzi doakoak. Jam session-ak eta argazki erakusketa bat bildu dituzte egitaraura.

Abonu kontzertuei dagokienez, Melissa Aldana saxofoi jotzaile txiletarrak hasiko du jaialdia. 2013an Thelonius Monk nazioarteko lehiaketa irabazi zuen, eta Grammy sarietarako hautagaia ere izan zen 2020an. Laukote formatuan arituko da Getxon, jaialdiaren lehen egunean, Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadeyrekin (bateria).

Hurrengo egunean, Cyrille Aimee abeslari frantziar-dominikarra igoko da oholtzara. Azken urteotan jazzaren eszenan proiekzio handiena lortu duten ahotsetako bat dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta horren lekuko dira jaso dituen nazioarteko sari ugariak, tartean Montreux Jazz jaialdiko (2007) eta Sarah Vaughan International Jazz Competition (2012) lehiaketako lehen sariak.

Fred Hersch pianista eta musikagile estatubatuarra, berriz, uztailaren 1ean arituko da. Neo Bop ortodoxiaren ordezkaria, inprobisatutako musikan berezko estiloa garatu du hiru hamarkadatik gorako ibilbidean, baita sari ugari jaso ere. Hirukote formatuan joko du Getxon, John Hebert kontrabaxu jotzailea eta Eric McPherson bateria jotzailea lagun dituela.

Laugarren egunean, Ron Carter hartuko du jaialdiak. Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, jazz eszenako baxu jotzaile nabarmenetako bat izan da musikari estatubatuarra, eta bere garaiko artista nagusiekin jo izan du, besteak beste Miles Davisen taldean. Bakarkako ibilbidean 50 disko baino gehiago grabatu ditu. Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossley (bateria) izango ditu lagun Getxon.

Eta, uztailaren 3an, Gonzalo Rubalcaba piano jotzailearen eta Aymee Nuviola abeslariaren erritmo kubatarrekin agurtuko du publikoa jaialdiak. Viento y tiempo lana aurkeztuko dute, kontrabaxua, saxoa, bateria, perkusioa eta bi koru ahots biltzen dituen talde batean zortzikotea osatuta.

Kontzertua Ereagan

Horien aurretik, Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak ariko dira. Eta, doako eskaintzan, Algortako Geltokia plazako kontzertuak izango dira.

Aurten, berritasun gisa, doako kontzertu bat izango da Ereagako hondartzako aparkalekuan, uztailaren 2an: Amaia abeslari nafarra ariko da bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.