Zozoen elean (III). Pako Eizagirre. Irakasle ohia

«Araba euskalduntzeko egin den ahaleginaren neurriaren berririk ez dute ondoko herrialdeetan»

Irakasle izana da, erretreta hartua, jubilatua, baina ez erretiratua. Bizian zehar egin duen bidean irauten du Pako Eizagirrek, gizarte zuzenago bat amets, euskaldunagoa agian!

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Oraintxe urtebete albiste izan zinen, Geu Gasteiz elkartearen omenaldia jaso zenuen Andredena Maria Zuriaren jaien atariko…

Ez nuen espero halakorik izango nuenik. Urduri ere banengoen ni, jendea hurreratu zitzaidan, agurtu ninduen… Bertsoak ere kantatu zizkidaten, eta hitz batzuk egin nituen. Jende asko izan zela garai batean euskararen aldeko lanean, eta, azken finean, euskaldun berriaren irudia goraipatu nuen, euskara berreskuratu izana azpimarratu, GEU Gasteizi eskerrak eman, eta bederatzi puntuko bi bertso kantatu nituen. Esan dut omenaldirik ez nuela espero, eta jasotzekotan, bizirik gaudela jasotzea hobe, ezta?

Profetarik ez omen da nor bere herrian. Zu Aizarnan jaio zinen...

Aizarna txikia da, eta gure baserria, Irure, ezaguna, gainerako guztiak bezala. Aizarnatik Santa Engrazira bidean dozena erdi, zortzi baserri dira. Han da Irure. Menditarrak ginen gu Aizarnan, ez kaletarrak. Bilobei kontatu izan dizkiet gure txikitako ibilerak: ardi zaintzen ibiltzen nintzela, behi zaintzen, orduko Sakamantekasen kontuak, muskerraren historia. Harrezkero, Bernardo Atxagari irakurri izan diot muskerraren historiaren beste bertsio bat… Gure etxean kontatzen zuten muskerrak inor helduz gero, ez zuela libre uzten, harik eta zazpi elizatako kanpaiak jo arte. Ni mutil koxkorretan, ardi zain mendira bidaltzen nindutenean, udako beroan agertu ere bai, inoiz, muskerra bidera. Eta hura beldurra! Muskerrak kosk eginez gero zazpi elizatako kanpaiak jo beharko zituztela pentsatzen hasten nintzen, eta elizak kontatzen, eta Santa Engraziko kosmogonian bost kanpandorre besterik ez nituen begi bistan! Erdoizta, Urdaneta, Altzola, Aizarna, Santa Engrazi… Zestoa ere bazela banekien, nahiz eta ez nuen ikusia, eta, hala ere, bi eliza falta! Baserrian autorik ez genuen, jakina, aitak zaldia zuen… Kezka eta beldurra nik! Pentsakizun horiexek!

Familia handia izan zineten, dakidanez…

Hamalau anai-arreba izan ginen, eta hamar bizi gara; baserriko anaia maiorazkoa, Josemai, aurten bertan joan zaigu. Hamalau izan ginen, baina bi amarenak. Lehenengo ama, Maria genuen, Irure bertakoa. Aita, Zestoako Akua auzoko Zubigoena baserrikoa zen. Mariaren anaia zaharrena jesuita joan zen. Anaia gazteena, berriz, gazteegi zen baserrira ezkontzeko, eta ahizpen artean zaharrena, Maria bera, ezkondu zen baserrira. Zortzi seme-alaba izan zituen. Zortzigarrena ekarri eta gutxira, ordea, hil egin zen Maria, erditzean infekzioren bat izanda, nonbait. Bakarrik geratu zen orduan aita, seme zaharrena hamalau urtekoa zuela. Artean, Maria zenaren ahizpa gaztea, Karmen, ezkontzekotan zebilen, aitaren anaia gazteagoren batekin. Gauza nola izan zen ez badakit ere, Karmenek utzi mutil maitatua eta gure aitarekin ezkondu zen Irurera. Eta beste sei seme-alaba izan zituzten. Ni, izan, bigarren amarena naiz, gure aitaren seme-alaba guztietan hamabigarrena. Bigarren amak hazi gintuen denok, eta bera izan genuen denon ama… Berrogeita hemeretzi urterekin, oso gazte hil zitzaigun. Moisesen denborako kontuak dirudite, baina nik bizi izandakoak dira! Eta, kontatzen zutenez, sasoi hartan ez ziren ezohikoak ere!

Eskolarik bazen menditarrentzat?

Leitzen eta eskribitzen Iruren ikasi nuen, gu baino gehiago zekien senideren batek edo amak erakutsita. Erdarazko katona erabili zuten niri leitzen erakusteko, eta erdaraz leitzen ikasi nuen, hitz bat bera ere entenditu gabe! Iruren ikasi nuen batuketak eta kenketak egiten ere! Bestalde, ardi zain mendira joan behar eta otarre batean sartuko zizkidaten katona eta dotrina, bazkariarekin batera, eta segi! Horrela izan zen bederatzi urte izan nituen arte. Orduan, amak esan zuen: «Tira, dividir con coma ez dakigu eta eskolara joan beharko du gure honek!». Eta, halaxe, Zestoara, Aizarnako eskola zapaldu gabe, berandu hasi nintzelako. Astelehen goizean Zestoara joan, nolabaiteko senidetasuna zuten Porttu tabernan jan eta lo egin, eta ostiralean itzultzen nintzen etxera, oinez, zortzi-bederatzi kilometro. Aizarna ingururaino lagunen batzuekin joango nintzen, eta handik Irurera, bakarrik ni! Eta elurra bazen, nagusiagoren baten atzetik, hark elurretan egindako markak aprobetxatuz.

Oñatiko agustindarretan ikasi zenuen gero…

Kurtso bakarra egin nuen Zestoan, handik Oñatira joan nintzen eta. Etxean bagenuen erlijioso joateko joera. Nik hiru anaia nituen jesuita, eta beste hiru, berriz, moja joandakoak. Osaba bat Txinan ibilitakoa ere bagenuen. Bestalde, erlijioso joatea zen ezer ikasteko bide bakarra ia-ia. Eta, beraz, etxean galdetu zidatenean, «Seminariora joan nahi al zenuke?», bada, ez nuen askorik pentsatu. Batetik, ardi zaintzen nahiko aspertuta nengoen; bestetik, bihurri xamarra ere banintzen. Gainera, ikastea ere gustatzen zitzaidan eta, horrela, bide hura hartzea pentsatu nuen… Oñatiko komentuan den-den-dena gaztelaniaz zen, hitz bat ere ez zen euskaraz egiten. Hala ere, joan eta bi urtera primeran moldatu ginen gaztelaniaz. Izan ere, hainbesterainokoxea zen murgiltze prozesua han! Lagunekin ere gaztelaniaz egiten genuen! Hango ikasketak amaitu eta 1967an, Gasteizera etorri ginen. Oñatiko komentua ez zen zeharo handia, eta, bestalde, haize berriak jotzen zuen Elizan. Vatikano II.a, alegia. Gizartea ere aldatzen ari zen: 68ko Maiatzaren hotsak heldu ziren, langileen mugimenduaren protestak ere baziren, apaizak sekularizatzen hasi ziren, beste batzuk etxebizitzetan jarri ziren, komentuak utzita… Guri dagokigunez, Gasteizen Teologia fakultatea ireki zuten eta horrela etorri ginen gu, taldean, Oñatitik Gasteizera.

Taldea etorri zineten, Eusebio Osa buru zenutela…

Bai. Hogeita hamarren bat gazte etorri ginen, Eusebio arduradun, eta hiru etxetan jarri ginen bizitzen. Fakultatean ari ginen ikasten, baina Tomas de Zumarraga Dohatsuaren kalean bizi ginen, eta kalean bizitzeak apaizgaiok Gasteizko giroarekin bat egitea ekarri zuen. Sasoi hartan, euskarazko mezak egiten ziren Bizente Goikoetxea kaleko komentuan, eta, laster, euskarazko gau-eskolen mugimenduan parte hartzen hasi ginen, denok euskaldunok baikinen… Guk berehala egin genuen bat mugimendu horrekin. Euskarazko mezaren inguruan biltzen ginen, eta, gu bezala, Gasteizera lanera joandako familia euskaldunak eta haien seme-alabak… Laster, meza geure erara prestatzen hasi ginen, gitarra hartu eta kantuan! Irailean etorri eta Gabonak baino lehen euskarazko eskolak ematen ari ginen! Oso azkar gertatu zen dena! Rafa Etxegarai Club Judimendin hasi zen euskara erakusten. Felix Razkin, Manuel Iradier mendizale eta kultur taldean. Ni neu, Club Aquinas izeneko batean… Eusebio Osa, Agurainen; Jose Maria Allur, Legution eta Ubidean; Kepa Mallea ere hor nonbait; Pruden Sudupe…

Euskara batuaren inguruko haserrerik handienak ere ordukoxeak dira…

Eta zipriztinak heldu zitzaizkigun! Arantzazuko bileran izana zen Eusebio Osa, eta Allur ere han zen. Gu gazte ginen, kritiko Elizarekin eta gizarte ereduarekin, eta oso modu naturalean hartu genuen euskararen berritzea, hatxea eta beste, nahiz eta hatxezale ginenok komunistatzat, gorritzat, eta —gogorrena— espainolistatzat hartu gintuzten inoiz. Oso eztabaida antzua izan zen, zentzugabea, desatsegina… «Gutxi gara, eta, gainera, bata bestearekin haserre!», esaten genuen. Guk ez genuen dudarik Euskaltzaindiaren eta idazle berrien bidetik jo behar zela, euskara gaurkotu behar zela, estandarizatu eta eskola guztietara sartu… Beste alde batetik, langile mugimenduaren lilura bizi izan genuen. Batzuek barrurago jo zuten bide hartatik, beste batzuek baino. Nire kasuan, Cegasan lan egin nuen hiru udatan; kamioiak zamatzen, esaterako. Ez genuen beste diru iturririk, geure lanetik biltzen genuena baino, eta ikasi, eskolak eman, eta udan fabrikan lan egiten genuen! Nik banekien nire gaitzak ez zidala fabrikan luzaro lan egiteko utziko, eta horrela erabaki nuen Teologia bukatu eta irakasle izatea.

Nola izan zen sekularizatzea? Bertan behera utzi zenuten apaiz izateko asmoa…

Sekularizazioa ere etorri zen, bai, baina ez dakit noiz seguru. Oso prozesu naturala izan genuen, batere ez traumatikoa. Gu aldaketaren aldekoak ginen guztiz, Elizari, gizarteari, euskarari eta gauza askori zegokienez. Gasteizen komentuan ez bezalako bizimodua egin genuen, eta, azkenerako, ez genekien apaiztu nahi genuen, ala ezkondu. Nork bere bidea egin zuen, prozesua indibiduala izan zen, baina apaiz izateko perspektibarik gutxi han! Eusebioren [Osa] egitekoa ere inportantea izan zen, inoiz ez baikintuen presionatu era bateko edo besteko erabakia har genezan.

60ko hamarkadaren amaieran Juan Bautista Gamiz euskara irakasle-taldea osatu zenuten Gasteizen…

Oñatitik etorri ginenerako, Gasteizen bazen nortara edo hartara euskara erakusten ari zen zenbait jende: Peli Presa, Andoni Urrestarazu, Izaskun Arrue… Hazia ereinda zegoen, bazegoen egarria, eta jendea gehiago eskatzen hasi zenean, han eta hemen hasi ginen erakusten, eta bi-hiru urtean, irakasle talde handi xamarra osatu zen gu Oñatitik etorritako batzuon inguruan. Ez dakit berrogeita hamarren bat irakasle ere ez ote ginen izan ikasturteren batean. Bilerak egiten hasi ginen, lokalak bilatzen, materialak sortzen, kuotak kobratzen, koordinatzen… Eta Juan Bautista Gamiz taldea osatu genuen, Sabandoko idazlearen omenez. Talde hartan hainbat lagun ginen, Oñatitik etorritakoak, gurekin euskaraz ikasitakoak, eta beste zenbait lagun: Sorne Fernandez Retana, Jeni Prieto, Gonzalo Fontaneda, Aingeru Ibisate, Juanjo Uranga, Ima Murgoitio… eta askoz ere jende gehiago. Oso gauza inportantea izan zen Gasteizentzat talde hura. Handik sortu zen, gero, bertako AEK.

Gasteizko eta Arabako euskalduntzearen oinarriak jarri zenituzten orduan…

Euskalduntze lan handiena gero etorri zen, eta uste dut gutxiegi aipatzen dela: Gasteizen, eta Araban, jendeak sekulako ahalegina egin du euskara berreskuratzeko. Miresgarri zait, eta, inoiz monumenturen bat jaso behar bada, euskaldun berriari egin behar zaio, dudarik gabe. Barru-barrutik bizi izan dut hemengo mugimendu eta giroa, badakit zenbat gozatzen den, eta zenbat sufritzen den, hizkuntza bat ikasteko prozesuan. Ahalegin ikaragarria egin da eta uste dut Gipuzkoan eta Bizkaian ez dela ezagutzen periferian egin den lana, hemen zailtasunak handiagoak baitira: girorik ez, kalean euskaraz gutxi entzuten… Araba euskalduntzeko egin den ahaleginaren neurriaren berririk ez dute ondoko herrialdeetan.

Nola azaldu euskararen egoera orduko Gasteizen?

Gu Gasteizera etorri ginenean euskararen presentziarik ez zegoen, euskara ez zen existitzen! Berrogeita hamar urtean egin den aldaketa izugarria izan da, eta erakunde eta erakunde ez direnek egin dute lan hori. Besterik da egin behar zen dena egin den, egin behar zen moduan eta abar. Kritikak beti dira zilegi, akatsak ere izan dira, baina, oro har, miresteko ahalegina egin da. Eta ez da gauza erraza belaunaldi berriei adieraztea hemen egin den lana. Mezu ezkorrak nahi beste zabaltzen dira, «Hemen ez da ezer egin, beti bezala gaude, asko falta da…», baina gu Gasteizera etorri ginenean eskolan ez zen euskararik, ikasketak guztiak gaztelaniaz ziren, hedabiderik ez zen euskaraz, irakasle ikasketak egin behar eta dena gaztelaniaz… Gaur egun, eskola guztietan dago euskara, eta gero eta gehiago D ereduko eskolak dira! Irakasle denak, edo gehienak, euskaldundu dira… Geu Gasteiz, Hala Bedi irratia, bertso eskolak, Oihaneder euskararen etxea, mintzalaguna programako 600 lagunak, Alea aldizkaria, bertako idazleak eta bertakotuak… Joan den berrogeita hamar urte honetan jendeak lan handia egin du Gasteizen eta Araban, eta lan hori probetxuzkoa izan da, zalantzarik gabe. Ez dago geure buruari harrika ibiltzeko arrazoirik. Bada, hori gazteei ulertaraztea ez da gauza erraza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.