Zozoen elean (eta V). Xose Luis Mendez Ferrin. Idazlea

«Identitate zeinurik behinena da hizkuntza, Galizian eta leku guztietan»

Galegoz idazten den literaturak duen izenik handiena da, bizi diren idazleen artean. Berak, dena den, bestelako kontuak darabiltza. Politikari buruzko elkarrizketa, besteak beste. Bidea egin dugu horra baino lehen…

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Vigo
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Idazle zaildua zaitugu, aspaldi. 1999an, hala ere, lau kornerretara zabaldu zen zure izena: Nobel sarirako izendatu zintuen Galegoaren Akademiak, Jose Saramago saritu zuten edizioan…

Urtero proposatzen dute nire izena Nobel sarirako! Propaganda ekintza bat besterik ez da, eta ondo dago. Bego horretan! Ni, ez hotz eta ez bero uzten nau proposamen horrek, badakit-eta ez naizela Nobel saria inoiz izango. Pentsaezina da, ez ni Ferrin naizelako, hizkuntza minorizatu bateko edo Europako mendebaldeko estaturik gabeko nazio bateko idazle batek —izan bretoia, euskalduna edo, nire kasuan, galegoa—, Nobel saria irabaztea ez da inoren buruan sartzen. 1999ko proposamenak, hala ere, balio izan zuen Vigoko Udalak eta Galiziako kultur erakunde askok, Xuntak barne, Nobel sarietarako izendapenarekin bat egiteko, eta horrek, duda matazarik gabe, pertenentzia sentimendua indartzeko balio izan zuen, geure buruaz harro izateko: «Nobel sariduna idazle galegoa izan liteke!». Nik badakit ezinezko dela, baina jokaldia ez zitzaidan gaizki iruditu.

Gisa berean mintzatu izan da Bernardo Atxaga. Pentsatu ere ez euskal idazleak Nobel saria jasotzerik…

Ezagutzen dut Bernardo Atxaga. Artean Bernardo Atxaga ez baizik Jose Irazu zenean ezagutu nuen. Poema bat itzuli zidan aldizkari baterako, eta elkarrizketa ere egin zidan. Duela hogei urte, berriz, euskarara itzuli zuten nire Arraianos [Mugaldeko jendea, Elkar, 1998, Bego Montorio itzultzaile], eta Atxagak esan zidan liburuak oso ondo korritzen duela euskaraz. «Erabiltzen duzun flora, haritzak eta gainerakoak, oso zaigu etxekoa. Portugalgo mugaldeko mendi-mundu horrek soinu ederra du euskaraz». Itzultzailearen lan onak ere izango du ikustekorik, baina nik ezin esan, euskaraz ez baitakit! Eta horixe da nire gurutzea, nola den zuona, euskaldunona, zuek gainerako guztiona irakur baitezakezue, eta, zuena, aldiz, inork ez, hizkuntzalari trebe batzuek izan ezik; baina, noski, haiei bost axola literatura!... Kartzelan izan nintzenean, Madrilen, ETAko zenbait kide ezagutu nituen, eta, haien ondoan, baziren kontrabandista batzuk ere; frantziarrak, omen. Euskaldunak! ETAko haiek denek zekiten gaztelaniaz, baina nabarmena zen batzuk euskaldun peto-petoak zirela, eta kontrabandista nafarrekin batera joaten ziren kafea hartzera edo solastatzera. Haien artean ez zegoen lotura politikorik, euskara besterik. Dialekto berean hitz egingo zuten, edo beharbada ez, baina «etxean egote aldera» elkartzen ziren, Gabriel Arestiren «aitaren etxera» bezala egiten zuten. Euskaraz hitz egiten ez zuten euskaldunak ere bazeuden kartzelan, baina batzuen eta besteen arteko harremana ezberdina zen.

Ezagutu zenuen Gabriel Aresti…

Bai, bai... Behin, bi gau eta egun eman genituen etxera ere sartu gabe. Haren kasuan, lanera joan gabe! Bi egun eman genituen honetaz eta hartaz eztabaidan! Bilbotik Donostiara joan ginela oroitzen naiz, erakusketaren bat ikusi genuela, bileraren batean ere izan ginela. Barakaldoko Galiziako Etxean ere izan ginen. Oso jende jatorra Barakaldoko galego haiek. Galiziako etxean denek ezagutzen zuten Aresti. Galiziako hainbat idazlek izan zuten harremana Arestirekin: Manuel Maria, Alonso Montero, ni neu… Oso preziatua izan zen hemen, askok irakurri zuten haren lana, edizio elebidunetan. Hor bada gauza bitxi bat: euskal idazleetan bat eta bi baino gehiago dira galegoz dakitenak; galegoz irakurtzen dute, eta hitz ere egiten dute. Arestik berak ere ondo irakurtzen zuen galegoz! Galegoak euskaraz hitz egitea baino errazago, hala ere! Kasu bakarra ezagutzen dut nik: Isaac Xubin, euskera-galegoa hiztegiaren egilea.

Komunikazio tresna omen da hizkuntza…

Baina ez, soilik, komunikazio tresna. Mundua ikusteko manera ere bada! Komunikazio kodea da hizkuntza, jakina, baina morsea baino gehiago da, identitate zeinurik behinena da hizkuntza, Galizian eta leku guztietan. Alemanian, kasurako. Zer da, bada, Alemania, aleman hizkuntza baino?! Alemania Goethe da, eta Marx—jendeak ahanzteko joera badu ere—, eta Holderlin…

Zertan da galegoa Euskal Herrian diren galiziarren artean?

Han jaiotako galiziarrek galegoz hitz egiten dute, dudarik gabe. Lekeition, Trintxerpen… galegoz hitz egiten dute oraindik, baina, horrekin batera, euskaldun-euskaldun sentitzen dira; galiziar jatorriari uko egin gabe. Gaztetan, Gran Solera joaten ziren barkuetako patroiak Trintxerpe eta Pasaiakoak ziren, euskaldunak; marinelak, aldiz, galegoak nahiz euskaldunak ziren. Bazen aristokrazia halako bat, beraz. Dakidanez, gerra garaian, CNTkoak ziren marinel haiek denak. Primo de Riveraren garaian, adibidez, oso borrokalari izan ziren. Gero, gerra etorri zenean, galegoak organizatu eta batailoi bat ere osatu zuten Euskadiko armadaren barruan. Batallón Celta zuen izena, eta anarko-sindikalista galegoz osatua zen erabat. Komandanteak Fernandez zuen izena, baina inork ez daki hartaz. Gehienbat, Trintxerpekoak ziren… Oso episodio interesgarria iruditzen zait, aztertu zain irauten duena. Donostian izan nintzen batean, artxibategian, garai hartako marinel haien nomina bat erakutsi zidaten: orduan ere euskaldunek gehiago kobratzen zuten galegoek baino!

Hitzaurrea egin zenion Jose Maria Esparzaren 100 razones para no ser español (Espainola ez izateko 100 arrazoi) liburuari. Galegoa zaitugu, ez espainola…

Bi hitzaurre ere egin nizkion Esparzari! Lehenengo, bat bidali nion: «Arao eta birao, luzeegi jo duk, ez diat hori publikatzerik!», esan zidan. Hortaz, beste bat idatzi behar izan nion, laburragoa… Ari naizela, ari naizela, hitzaurre luzea ez dut oraindik inon argitaratu, eta publikatu egin beharko nukeela iruditzen zait, artikulu gisa, besterik ez bada ere, nire tesi bat azaltzen baitut bertan, zeina baita espainolek gu galegook gutxietsi egiten gaituztela, katalanei gorroto dietela, eta euskaldunei, berriz, izua dizuetela, eta traidoretzat zauzkatela.

Zure tesia, hori…

Hara, umetan irakurtzen nituen liburuetan euskaldunak espainolak baino espainolagoak ziren, superespainolak! Euskaldunen hizkuntza, penintsulako hizkuntza guztien ama zen. Eta Menendez Pidalek berak ere zer zioen, bada, gaztelania hizkuntza erromanikoa izanagatik ere, euskaldunek hitz egin zutena zela… Euskaldunak sanoak dira, euskaldunak katolikoak dira, eta gerra gorriekin batera eginagatik ere, Jesusen Bihotzaren domina eta eskapularioa kolkotik zintzilik zituztela egin zuten tiro. Orain, aldiz, euskaldunak Espainiaren ideiaren kontrakoak izatea, are txarrago, emigranteen kontrakoak ez izatea, ezkerrekoak eta Batasunaren mundukoak izatea, ezin eraman dute, bere onetik ateratzen ditu espainolak, pekoz gora iraultzen ditu haien eskemak. Ondorioz, gorrotoa diote euskaldunari, espainol zintzo eta on ez izateagatik, superespainol ez izateagatik.

Nola jakin zenuen zuk euskara bazena?

Mutil koxkorra nintzela, liburu bat irakurriz jakin nuen euskara bazela, euskara euskaldunon hizkuntza zela. Irakurgai liburu bat zen, faxista. Jimenez Caballero zela egilea esango nuke. Bertan zioenez, euskaldunen hizkuntza euskara zen, Espainiako hizkuntzarik zaharrena. Liburuak ere bide aski berezia egin zuen nire eskuetara heltzeko, ez baitzidaten eskolan eman ez agindu, ezpada nire amak. Ama lehen hezkuntzako ikuskatzailea nuen, eta hainbat liburu oparitzen zizkioten. Hark, hartu eta etxera eramaten zituen denak, eta nik ere denak irakurtzen nituen, modu indiskriminatuan. Bada, liburu hartan, pasarte batean, honela zioen, gutxi gorabehera: «Galego baldres batek eta katalan maltzur batek separatista egin nahi izan zuten aitaitatxo euskalduna. Aitaitatxo euskalduna hain da izatez garbia, ezen usteldu egin baitzuten!». Euskaldunari ez zaio barkatzen. Gainera, borroka armatua erantsi diote horri. Baina ez da ETAren kontua bakarrik. ETAren kontrako sentimendua Graporen kontrakoa baino askoz handiagoa da. Grapokoak, eroak zirela besterik ez dute esango; kitto. ETAkoak, ez, ETAkoak zitalak, asasinoak eta traidoreak direla esango dute. Eta ETAk hiltzeari utzi zionean ere, orduan eta txarragoak euskaldunak! «Legeztatu egin dituzte! Ez dute inor hiltzen, baina are eta putasemeago dira orain». Horixe esaten dute…

Nola ernatu zen zuregan galego kontzientzia?

Ez dakit, bada. Beharbada, inguruan galegoz idatzitako liburuak izateko fortuna izan nuen. Gogoan dut, behin, paseoan atera ninduela aitaitak, umetan. Gaztelaniaz mintzo ginen gu! Eskola batera iritsi ginen, Curros Enriquez zuen izena, XIX. mendeko gure poeta bat… Harrigarria da, Francok ez baitzuen Curros Enriquezen izena ezabatu, Curros Enriquez errepublikarra eta antiklerikala izanagatik ere! Tira, busto bat ere bazen Curros Enriquezena, eta aitaitari galdetu nion nor zen eskultura hartakoa, irakurtzen ikasten hasia bainintzen ordurako eta, badakizu, letrero guztiak irakurtzeko joera izaten baita aro horretan. Eta han hasi zitzaidan aitaita erantzuten, Curros Enriquez poeta galego handi bat izana zela, galegoz idatzi zuena, «Galegoa idatzi egiten baita, ortografia jakin bat du… Hizkuntza bat da galegoa!». Harrezkero, galegoa bazela entenditu nuen. Eta galegoz idatzitako liburuak bazirela ikusi nuen, eta irakurri nituen.

Zer da lehenengo, kontzientzia linguistikoa, ala politikoa? Edo batera datoz biak?...

Lehenengo, komunitate linguistiko bateko kide izatearen kontzientzia dator, eta hizkuntza minorizazio egoeran dagoelako kontzientzia. Ez nuen asko pentsatu beharrik izan, sentitu egin nuen galegoaren egoera gutxitua! Gero, horrek soluzio politikoa besterik ez zuela konturatu nintzen, Galiziak gobernu propioa behar duela, estatu propioa. Izan ere, hizkuntza bat salbatzeko bidea politikatik dator, ez dago besterik. Politika egin behar da, eta boterea eskuratu.

Gazterik hasi zinen zu politikan, Union do Pobo Galego UPG alderdi politikoa ere sorturik...

1960 inguruan, 50eko hamarkadaren amaieran, gazteria ez zegoen pozik ez ados hemengo mugimendu galegoarekin. Ramon Piñeiroren galegismo ofizialarekin, esan beharko nuke. Frankismo garaian Piñeiroren taldeak hautsi egin zuen Buenos Airesen kokatu zen atzerriko gobernu Consello de Galiciarekin. Castelaorekin eta gainerakoekin hautsi, gero!, eta Galaxia argitaletxea ireki hemen. Zioten, sentimendu galegoa lantzeko bide bakarra letrak direla letrak, hau da, literatura, izan poesia, narrazioa, saiakera… Mugimendu kulturalista, bistan da. Gazteok ez geunden konforme kulturalismo horrekin, eta, gainera, ez genuen onartzen galegismo ofizial horrek gure nazioaren ideia ezabatzea, Galizia nazioa izatea ukatzea. Horretaz hitz egitea ez zuela merezi esaten zuten, Historiak erakutsia zuela gai hori gaindituta zegoela. Gure begiek, aldiz, besterik ikusten zuten: Aljeriako askapen mugimendua eta iraultza, Aljeriako Nazioa Askatzeko Frontea FLNA. Horrela, 60ko hamarkadan, alderdi berria sortu behar zela esaten hasi ginen. Eta, garai bertsuan, euskaldunak ere horretan zebiltzala ikusi genuen. Gure lagun Txillardegi gizajoa bezala, ETA sortzen hasi baitzen. ETA ez zen piñeirismoaren eta kulturalismoaren kontra altxatu, kanpoko gobernuaren kontra, PNVren kontra baizik! Gu, aldiz, erbesteko gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu ginen. Castelao hila zen ordurako… Eta Union de Pobo Galego sortu genuen. Alderdi horixe sortzea izan zen nire militantziaren hasiera 60ko hamarkadaren hasiera hartan, 1961, 64 inguruan.

Elkarrizketa eske deitu zintudalarik, zuk, aski zuzen, «Zertaz?», galdetu zenidan. Nik, berriz, literaturaz eta, oro har, zure ibilbideaz jardun nahi nuela erantzun nizun. «Eta politikaz ez?», zuk…

Kar, kar, kar…

Zertaz ari zara, politikaz ari zarenean?

Boterea aplikatzeko moduaz, dudarik gabe. Egiatan aplikatzen den moduaz, dena delako lekuan. Horrekin batera, botere hori hankaz goratzeko ahaleginaz. Horixe da politika, nire ustez. Aizu, eginkizun dugu politikari buruzko elkarrizketa hori!..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.