Zozoen elean (II). Itziar Mimentza Espainiako poliziaren indarkeriaren biktima. Itziar Mimentza. Espainiako poliziaren indarkeriaren biktima

«Mikeldi tabernan etengabeak ziren mehatxuak, eskutitzak nahiz telefono deiak»

Mikeldi tabernaren izena, Bilboko parte zaharrean frankismoaren amaiera aldera. Mikeldi taberna, Maria Muñoz kalean, 8. zenbakian, Espainiako poliziaren etxea aurrez aurre zuela. Ezinezko bizikidetza. Itziar Mimentza Zenarrutzabeitia (Lemoa, Bizkaia, 1948) tabernako nagusi Juantxo Berrioategortuaren emazte zen.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Donostia
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Joan den mendeko 60ko hamarkadaren amaiera, 70ekoaren hasiera. Mikeldi tabernaren eta zuen historia zaila, mehatxu eta zigor artean…

Hainbat mehatxu jasotzen genuen Mikeldi tabernan. Nire senarra zenari zuzentzen zitzaizkion: «Gizona bahaiz, agertu Deustuko Chentes tabernara! Etorri, potrorik baldin badaukak». Batallon Vasco-Española zen orduan. Ez genituen paper haiek gordetzen —baten bat, beharbada—, baina tabernara bidaltzen zizkiguten. Mehatxu idatziak, beti tabernara. Etxera, telefonoz deitzen zuten, gauero, hamaikak inguruan. «Akabatu egingo zaituztegu, ETAko guztiak akabatuko zaituztegu, 570 balarekin!», esaten zuten. «Faborez! Oker markatu duzu». Orduan, hariaren bestaldean, klak!, aditzen zen. Moztu egiten zuten. Hurrengo egunean, berdin, gaueko hamaiketan, telefonoa, gizonezko ahotsa. Amedok zelan hitz egiten duen? Horrela. «Gaur beteko dira egun hauetako mehatxuak. Kontuz ibili, Juan ez delako etxera helduko». Juan zen nire senarra. Juantxu Berrioategortua. Esaten nion Juantxuri: «Zoaz eta denuntzia jarri!». «Ez, eurak dira eta! Horixe nahi dute, gu beldurtuta haien ondora joatea. Orain oporretara joango gara eta nekatuko dira deitzen!», erantzuten zidan.

Juantxu Berrioategortua esan duzu senarra. Berrioategortua bat bada Zamoran eduki zituzten apaizen artean…

Bai, Pedro, Juantxuren osaba. Zornotzarrak haiek, eta lemoarra ni, nahiz Bilbon hazi ninduten. Udan, gaztetan, Lemoara joaten nintzen egunak pasatzen eta, domekan, beti-beti, trena hartu eta Zornotzara joaten nintzen Pedroren sermoiak entzutera… atxilotuta ez zegoenean! Pedrok nik entzun nahi nuena esaten zuen. Beste bat Pedroren modukoa Alberto Gabikagojeaskoa zen. 1966an, nik 18 urte, Gabika atxilotu zutela jakin genuenean, Bilbora etorri nahi izan genuen. Estaziora joan Zornotzan, eta dena guardia zibilez beteta, ezin trenik hartu! «Lemoan hartuko dugu!». Zornotzatik lau kilometrora! Baina Lemoan ere ezin, han ere guardia zibilak zeudelako! Azkenean, Bediako geltokian hartu genuen trena, Bilbora etorri eta Gabikari laguntzeko. Ni, Bilbon, Zabalbiden bizi izan nintzen lehenengo, eta han jakin nuen Pedroren ilobak taberna zuela parte zaharrean: Mikeldi. Gu, Doctor Areilzan eta Pozan ibiltzen ginenok, Mikeldira joaten hasi ginen, eta han ezagutu nuen Juantxu, 1969an. Orduko denboran nik Pedroren erreferentzia besterik ez nuen. Gero, Rivas komisarioa Mikeldira sartu eta taberna itxi zuenean hasi zen lekua fama handiena hartzen. 1970ean ezkondu nintzen, eta ordurako famatua zen taberna. Bi anaia izan ziren Mikeldin, baina Jose Ramonek utzi egin zuen.

Rivas komisarioa Mikeldira sartu eta taberna itxi zuela esan duzu…

1968an izan zen. Taberna atarian hiru silueta jarri zituen dekoratzaileak. Hura ez zen abertzalea, pentsatu ere ez, baina silueta bat gorria, bestea berdea, eta hirugarrena zuria jarri zuen, eta Mikeldi letrak. Rivas komisarioa etorri zen, eta fuera!, lokala zarratzeko agindu zuen, kolore berdea kendu arte. Eta kanbiatu egin behar izan genuen. Baina, bitartean, taberna zarratuta. Eta Carrero Blancorena izan zenean [1973ko, abenduak 20], hura ere gogorra izan zen! Gabon giroa, eta «Zorionak ETA Urte Berri On, Urte Zaharra ondo amaitu» eta horrelako gauzak jarri genituen. Hiru alabastro zeuden mostradore gainean, gorria, berdea eta zilarra, kolore zuria ez nuelako aurkitu. Hiltzen dute Carrero hilaren 20an, eta 24an haren hileta. Bada, 23an poliziak Mikeldira! Senarra eta biok Erzilla hotelean geunden, eta hara deitu ziguten tabernatik: «Hemen daude poliziak, kartel guztiak kentzen. Etorri azkar!». Eta joan ginen, baina juez batek esan ziguna egin genuen: lehenengo, identifikazioa eskatu poliziari, eta, gero, eraman nahi zutenaren agiria. Alde egin zuten, esanez: «Bihar etorri komisariara. Esango dizuegu orduan». Joan ginen eta: «Inor ez dago. Carreroren arimaren aldeko hiletara joan dira denak!». «Ondo». Eta alde egin genuen… Baina hilaren 27an, polizia etorri eta prezintua Mikeldin! Denok kanpora irten behar izan ginen, Gabonetako janari eta edari guztiak bertan utzita. Hozkailura sartzen ere ez ziguten utzi, gauzak ateratzera. Sei hilabeterako zarratu zuten! Sei hilabete gogorrak izan ziren. Injustizia ere halakoa izan zen!

Eta sei hilabete horietan?

Juantxu gaixotu egin zen. Hepatitisa harrapatu zuen. Handik hilabetera, urtarrilaren 27an, bigarren umea jaio zen, Itoitz, eta Juantxu Gorlizera [Bizkaia] joan zen, badaezpada ere, inor ez kutsatzeko. Oso gaizki pasatu genuen. Juan Luis Ibarra eta Pedro Ibarrarekin hitz egin genuen, eta haiek denuntzia jarri behar zela esan ziguten. Salaketa, sasoi hartan! Eta jarri genuen, eta arrazoia eman ziguten. Beste aldearen erreklamazioa gero, eta Burgosera joan ginen, Bigarren instantziako epaitegira. Eta, handik, Auzitegi Gorenera. Eta beti arrazoia guri. Hura poztasuna, sasoi hartan guk arrazoia edukitzea! Azkenean, irabazi egin genuen, baina gogorra izan zen, oso gogorra!... Mikeldi prezintatu zutenean, nire senarraren anaia Jose Ramonek utzi egin zuen taberna: «Ezin gara horrela bizi. Lehen, itxi. Orain, itxi. Bihar, itxi… Ez dakigu noiz arte biziko garen horrela, nik beste lan bat nahi dut».

Jose Ramonek utzi arren, zuek Mikeldi tabernarekin segitu zenuten…

Bai. Behin batean, askotan bezala, sarekada. Ez genuen jakiten zergatik izaten ziren, baina sarekadak izaten ziren. Mikeldiko gazteak eta hango mugimendua ez zitzaizkion gustatzen poliziari. Txabi Etxebarrieta ere bertako bezeroa zen. Delako sarekadaren egun horretan Mikeldira sartu ziren poliziak, jendea bertatik atera eta denak hormaren kontrajarri zituen Maria Muñoz kalean. Komisaria barrura sartu zuten Juantxu. Ni kanpoan zain nengoela, Juantxuren abokatua etorri zen, Juan Luis Ibarra, Juantxuz galdezka. Juantxu barruan zegoen, eta abokatua ere barrura sartu zen. Gero, poliziak Juantxu atera zuen esku-bilurrakipinita, furgonetara sartzeko. Pasadizoan, ea Juan Luisekin egon bazen galdetu nion euskaraz, eta ezetz erantzun zidan. Euskarazko berba haiek entzun eta, amorru bizian,furgonetako eskaileraren kontra bultzatu zuten Juantxu, eskuak lotuta zeuzkala. Ondoren Juan Luis irten zen, Juantxu Indautxura zeramatela esanez. Joan ginen Indautxura, Juantxuri buruz galdetu eta poliziak gu entretenitzen hasi ziren, abizena ez zutela ulertzen behin eta berriro esanez. Azkenean abizena idatzita eman eta gero, Juantxu epaitegira eramana zutela esan ziguten. Epaitegian deklaratu eta gero Juantxu furgonetan atera zutela konturatu nintzen, furgoneta gidariak barre egin zuelako nire aurretik pasatzerakoan, niri begira-begira. Epailearen bulegora sartu nintzen, eta Juantxu Basauriko espetxera eraman zutela esan zidan, komisarian ez zituelako 72 ordu pasa eta denbora hori bete arte denbora kartzelan egongo zela. Nik galdera egin nion: «Nola azalduko diet nire alabei bere aita errugabea dela, baina espetxera eraman dutela?». Epaile haren erantzuna, ezer ez esateko, larunbata zela eta astelehenean askatuko zutela.

Jazarpena, beti…

Sarritan izan ziren horrelakoak. Sarekadak, askotan. Eta, orduan, Mikeldiko kuadrilla tabernatik kanpora irtenarazten zuten, eta hormaren kontra jartzen zituzten denak. Taberna ixtea nahi zuten poliziek, baina Juantxuk beti esaten zuen: «Ez daukat taberna ixteko giltzarik. Andreari deitu behar diot». Gezurra zen giltzarik ez zeukana, baina etxera deitzen zidan eta ni Mikeldira joaten nintzen, berarekin. Behin, egun hartan bertan —edo beste batean, ze sarri izaten ziren horrelakoak—, egundoko kolpea eman zigun poliziak, guk zer edo zer ulertu ez eta. Sarritan izaten ziren horrelakoak. Behin, atxilotu zuten Juantxu, eraman zuten komisarioaren bulegora, eta, gero, komisarioak bulegotik irten eta han utzi zuen Juantxu, bakarrik, mahai gainean pistola bat utzita. Eta Juantxu hari begira eta begira, eta pentsatzen: «Honek hori egin du nik pistola hartzeko eta horren aitzakian niri tiroa sartzeko». 08:30 edo 09:00ak arte eduki zuten han… Oso gogorra zen hura, sufrimendua beti. Beste behin, halako sarekada baten ostean, nik komisarioarekin hitz egin nahi izan nuen. Juantxuk ez zuen nahi nik komisarioarekin hitz egiterik, baina behin, joan nintzaion: «Esango didazu zer delitu egin den lokal honetan, gure kontra horrela jokatzeko?», esan nion. Eta berak: «Ez daukagu ezer pertsonalik zuen kontra, baina hor gazte asko dabil, eta hortik atentatua besterik ez dator guretzat». Jakina, tabernan zegoen jendeak poliziak sartzen eta irteten ikusten zituen, ezagutzen zituen poliziak, eta horren beldur ziren haiek: «Guk taberna itxi egin nahi dugu». «Bada, jarri orain nire larruan: taberna gurea da, zuek zaudete hemen lekuz kanpo, udalaren lokaletan: alde zuek hemendik, eta utzi gu bakean!». Horixe esan nion… Mikeldiko bezeroa oso jatorra zen, ze bazekien zein zen egoera, eta, hala ere, etorri egiten zitzaigun. Eskertzekoa zen! Horrexek ematen zigun bizitzeko adorea.

Mehatxua erakutsi didazu (beheko argazkia), baina horrelako gehiago jaso zenituztela esan didazu…

Bai, bai… Baina Juantxuk ez zuen ezer esaten. Berak ez zuen nahi nik ezer jakiterik. Behin, Mikeldiko langileen bidez enteratu nintzen. Eurek esan zidaten: «Gaur gauaz zerbait jazoko dela esan digute, mehatxua jaso dugu. 22:00etan, prestatzeko». Egun hartan, tabernara jaitsi nintzen, etxean neskamea umeekin utzita. «Zertan zatoz?», Juantxuk, eta nik: «Ez daukat zereginik, eta zurekin batera etxera joateko gero!». Nik mehatxu hura neukan gogoan. Orduko denboran Bilbora etorri zen Jones familia, Gineakoak. Oso familia handia, eta haietako bat Atletico Madrileko jokalaria izan zen, Migel Jones. Dena dela, jende ezaguna. Haren anaia Mikeldin zegoen mehatxuak zioen gau hartan, beste askorekin batera. Ez dakit zer zen haren berbeta, baina 22:10ean, erakusleihoko kristala mila zati egin zen. «Adios! Akabatuko gaituzte denok!», pentsatu nuen. Jonesek kristala apurtu zuen nahi gabe! Ez zen besterik, baina hura sustoa!... Nire senarrak ez zuen sinesten berari ezer jazoko zitzaionik, baina bizitza asegurua egin zuen, gure umeak babesteko, badaezpada ere! 1968an ireki Mikeldi, eta ireki berritan, koloreak zirela eta ez zirela, itxi egin zuten taberna. 1970ean ezkondu ginen, eta 70etik aurrera etengabeak izan ziren mehatxuak, eskutitzak eta telefono deiak. 1975 arte edo. Zerbait handia pasatzen bazen, Carrerorena edo, orduan eta txarragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.