Zozoen elean (IV). Isidro Etxabe. ETAko kide ohia

«Borrokaren espiritua galdu dugu, eroso bizi gara gaur egun»

'Zumai' zuen ezizena, eta ezaguna egin zuen Espainiako Poliziak, ziren eta ez ziren atentatuen egiletza berari egotziz. Atxilotu zutenean ondoan zuen Joxe Arregi, hark jasandako torturen lekuko izan zen, hilurren ikusi zuen... Kartzelan hamarraldia zeramala, kanporatu egin zuen ETAk. Aipu eta sona handiko militantea, erakundearen barruan zein kanpoan.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Zornotza
2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun

Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren


Madril komandoko kide zinen 1981eko otsailaren 3an Hiri Segurtasunerako Brigada Erregionalak atxilotu zintuztenean, Espainiako hiriburuan. Zurekin batera harrapatu zuten Joxe Arregi...

Lau lagun ginen autoan, eta bik ihes egitea lortu zuten. Hasieran, Joxe Arregik ere ihes egin zuen, baina harrapatu egin zuten gero. Ni, berriz, tiroz jo ninduten ezkerreko besoan, eta orduantxe jausi nintzen.

Poliziaren Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusira eraman zintuzten. Bederatzi egun eduki omen zintuzten bakartuta. Hil bezperan, Carabancheleko ospitalera eraman zuten Joxe Arregi, non Iñaki Agirre, Xose Luis Fernandez Gonzalez eta Luis Alonso Riveiro presoak berarekin egon baitziren. Joxe Arregik jaso zituen tortura beldurgarriak, eta haren esaldi hura, betiko: «Oso latza izan da».

Atxilotu gintuztenean Poliziaren egoitza batera sartu gintuztela dakit, Madrilen bertan. Ez gintuzten, hala ere, kalabozoan sartu. Goiko bulegoetan eduki gintuzten. Ikusi nuen Joxe Arregi ondoko gela batera sartu zutela. Haren orroak entzuten nituen ondoko gelatik. Ni tiroa jasota nengoen: medikua etortzen zitzaidan, ikusten ninduen, eta aurrera hainbestean!... Han nindukatela bitan ikusi ahal izan nuen Joxe, komunera zeramatela. Azkena ikusi nuenean begiratua ere galdua zuen; joana, esate baterako. Gainera, gorputza oker, gurpil-aulkian jarrita zeukaten. Hitz egiteko gauza ere ez zela zegoen. Azkeneko egunean sotoan ikusi nuen, hara jaisten gintuzten-eta torturatzera. Jaitsi ninduten egun hartan harraska txiki baten aurrean zegoen, eskuak garbitzen. «Joxe!», esan nion, eta momentuan eraso zidan poliziak biraoka: «Hemen espainolez! Hitz bat ere ez euskaraz!». Poliziak hori esan eta batera, bitsa dariola hasi zen Joxe, eta jausi egin zen segituan. «Joxe! Joxe!», nik, baina hark lanak zituen arnasa hartzeko ere; ezin zuen hitzik ere egin. Orduan korrika eta presaka hasi ziren poliziak hara eta hona, erotu beharrean, «anbulantzia!, anbulantzia!», hoska. Jaso zuten Joxe, eraman zuten, eta harrezkero ez nuen nire laguna berriz ikusi.

Joxe Arregiren azken latza...

Atxilotu gintuztenean maletategian sartu gintuzten Joxe eta biok. Gure arteko kontsigna zen isilik egotea, eustea, eta eutsi zion Joxek, eutsi zionez. Bete-betea zen Joxe Arregi...

Ahanzterik ba al dago bizipenok?

Ez da erraza. Ez dut eguna hori pentsatzen ematen, baina tarteka-tarteka burura etortzen dira bizitakoak, eta tarteka-tarteka amets egin ohi dut orduko kontuekin.

Madrilgo Giza Eskubideen batzordearen arabera, 73 poliziak parte hartu omen zuten bederatzi egun haietan Joxe Arregiren galdeketan. Bost atxilotu zituzten, bi prozesatu azkenean, Antonio Gil Rubiales eta Julian Marin Rios. 1983an Madrilgo Auzitegi Probintzialean epaitu, eta absolbitu egin zituen epaileak. 1989an, aldiz, kondenatu Madrilgo Auzitegi Gorenak. Jaso zuten zigorra, hiruna hilabeteko atxiloaldia. Gerora, lan hobeak izan zituzten Poliziaren barruan…

Haien kasuan, denek egiten duten bidea! Mundu horretan horrela da beti, astakeria handienak egin dituenak saririk handienak ditu. Jendeak sinesten ez badu ere, horrela da.

Zure sumarioari dagozkion atalak irakurri ahal izan ditugu, 1991n Espainiako Época aldizkariak argitaraturik. Joxe Arregi torturatu zuten, torturatu zintuzten zu ere…

Tiroa jasota egoteak salbatu ninduen ni. Ez zidaten bainerarik ez antzekorik egin. Buruan kolpeka erasotzen zidaten, eta, horrekin batera, oinazpietan jotzen ninduten: aulki batean jartzen ninduten hankak gora nituela beste aulki baten gainean, eta, postura horretan, bi morroi hanken gainean jartzen zitzaizkidan, eta zirti-zarta jotzen ninduten hankazpietan mangera moduko metro eta erdiko gauza mazizo batekin. Egurra hankazpietan! Burua galtzeraino, zentzua joateraino… Medikua etortzen zitzaidan, bai, begiratzen ninduen, eta segi! Horixe izan nuen nik torturarik gogorrena. Azkeneko egunetan, berriz, hartzen zuten bihurkina, erretzen zioten punta supiztekoarekin, eta tiroak egindako zuloan sartzen zidaten, «zauri hori garbitu beharra zagok!» esanda.

Kartzela-erromesaldia hasiko zen gero. Hainbat espetxe, Carabancheleko lehenaren eta Langraizko azkenaren artean…

Ez dakit denak akordatuko naizen! Carabanchel, Soria, Alcala, Herrera de la Mancha, Carabanchel berriro, Puerto de Santa Maria, Martutene, Murtzia, Langraiz… Herreran ginela abiarazi zuten dispertsioa, eta Murtziara egokitu zitzaidan.

Ondo dispertsioa, Herreraz geroko dispertsioa baino lehen ere! Horretan dira gaur egun oraindik presoak, haien familiak, senide eta lagunak.

Etsaiak ez du mugimendurik egiten eta, gu, berriz, harrapatuta gaude. Gainera —nire ustea da hau—, gero eta gutxiago mugituko da etsaia.

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandezi Humberto Unzuetaren Langraiz bisean bis liburuaren sarreran irakurri diodanez, 400 preso inguru dira gaur egun. Lau urte barru 250 baino gutxiago izango direla dio, nahiz eta horietako gehienek kondena handiak izango dituzten oraindik ere…

Ez daukat kartzela barruko berri, baina uste dut askok ez duela kartzelatik irteteko neurri berriekin bat egingo. Beti «Heldu gogor, heldu gogor!» besterik esan ez duenak ez du egun batetik bestera etsiko, ez du tamaina horretako aldaketarik onartuko. Uste dut, ari naiz beti.

Preso ohi batek zuri egiteko zuzendu didan galdera: zurea —zuena, nahi bada—, askatasun pertsonala lortzea izan zen?

Ez. Erreta nengoen, gauzak ez zihoazela ondo ikusten nuen. Aljerreko elkarrizketen gainean harremanetan nintzen bertan zen batekin, idatziz kontaktatzen genuen, eta hark ere esaten zuen: «Argirik gabeko tunel batean sartuta gaude, zer edo zer egin beharrean gaude». ETAren zenbait ekintza geure kontra zetozela ikusten nuen, gure ingurukoen artean zalantza sortzen ari zela… Gaur egun, uste dut ETAren zenbait ekintzak gure geroa markatu zutela.

Espainiako Polizia Zuzendaritza Nagusiko funtzionario Maria Jesus Gonzalezen kontrako atentatuaz ari zara, beharbada? Irene Villa, hamabi urteko neska zela, betiko elbarritu zuen ekintza…

Irene Villa, Fabio Moreno, Vic, Hipercor… —gero etorriko zirenak, berriz, Joxe Mari Korta, Inaxio Uria…—, zenbat ekintza horrelako! Kartzelan asko pentsatu nuen honetaz eta hartaz, «baina nora goaz?», galdetzen nion neure buruari. Min handiena, berriz, zerak ematen zidan, kartzelan geundela telebistan ikusi Hipercorreko atentatua izan zela, eta ondoko lagunak —gure adiskideak!—, bibaka hartzea hura! «Nora goaz, ordea? Zer lortu nahi dugu? Dena ondo egiten al dugu?»… Horrek kezkatzen ninduen.

1991ko azaroaren 9an bisita jaso zenuen Langraizen. Hura grabatu, eta haren audioa zabaldu zuen Poliziak. Urriaren 17an izana zen Irene Villaren amaren kontrako atentatua Madrilen, eta azaroaren 9an Fabio Moreno bi urteko haurra hil zuena, haren aita guardia zibilaren kontrakoa, Erandion...

Iloba bat eta anaia etorri zitzaizkidan egun hartan. Galdera batzuk ekarri zizkidaten —Irlandarako zerbait ere zen—, ea erantzungo nituen; ni, baietzean. Horretaz ari ginela atera zen Irene Villaren gaia, eta Fabio Morenorena, eta ni, berotu, eta ekintza haiekin ez gindoazela inora esan nuen, oso erreta nengoela, ekintzak egin behar bagenituen, ekintza jakin eta garbiak egin behar genituela, ezin genuela ibili ekintza ilun eta beltzetan, asko zirela horrelakoak ordurako. Ezin genuela horrelakorik onartu, geure buruari harrika ari ginela. Ezin zela, besterik gabe, autoen azpian bonba jartzen ibili. Berotu egin nintzen, grabazioa zabaldu zuten, eta etorri zena etorri zen gero.

Ekintza jakin eta garbi batzuk egin behar ziren…

Baietz uste nuen orduan. Garbi ikusten nuen.

Erakundetik kanporatu zintuzten, zuk bisita hartan esanak, batetik, birgizarteratzea zela, ez zela, bestetik. Langraiz bidea da harrezkero... Dena dela, zuek baino lehen ere izan zen birgizarteratzerik edo dena delako neurrien onurak jasotakorik…

Bai, baina nire izena oso ezaguna zen, bai erakundean, bai kartzelan. Grabazio hartan nik esan nituen gauza batzuk aditu eta min hartu zuen ETAk, edo ETAko zenbaitzuek, behintzat. Hortik etorri zen nire aurkako zera hura. Baina ordu arte ere nork bere interpretazioa egiten zuen egoera politikoaz, beti ez ginen denok ados. Gure kasuan, ETAko presoen kolektiboa apurtzera gindoazela esan zuten, geure bidea jorratzera gindoazela… Irakurketa horixe egin zuten. Nire izena baztertzea interesatzen zitzaien baten batzuei, eta lortu zuten. Baina badiot, ordurako, kartzela barruan geundenon artean bi ikuspuntu ezberdin ere baziren: batzuen gogoan ez zegoen borroka, borroka eta borroka besterik; beste batzuok, borroka bai, baina borrokak gure helburuak lortzeko bidean behar zuela egon esaten genuen. Ez geunden besterik gabeko borroka itsuaren alde.

Zer diozu biktimen gainean? Era batera, protagonismoa hartu dute, eta alde bateko eta besteko biktimak bildu izan dira han eta hemen…

Ematen du prozesu hori indarra hartzen ari dela, baina ez dakit horrek zertan laguntzen duen. Borroka armaturik ez dago jada. Bost urte ere badira borroka armaturik ez dagoela. ETAk armak uzteko borondatea erakutsi du eta gure arteko egoera konpondu nahi baldin bada, badaude moduak, batzuk eta besteak biltzen ibili beharrik gabe ere.

Zer diozu barkamenaren gainean?

Askok eskatu beharko lukete barkamena. Zer edo zergatik hasi zen borroka! Hemen gertatu direnak leku guztietan gertatu dira, borroka era batera edo bestera amaitu den arte.

Zer diozu autokritikaren gainean?

Nork bere buruarekin egin behar du autokritika-ariketa. Nik ez daukat nire autokritika jendaurrean zertan adierazi. Baditut nire minak, hanka-sartzeak, oker eginak… Autokritika bai, baina neure buruarentzat. Ariketa pertsonala da autokritika, ez da egiten kanpoko inor hari etekin politikoa ateratzeko.

Preso egondakoari beti egin ohi zaion galdera: zer egin behar da presoekin?

Kalera atera.

Eta nola atera presoak kalera?

Bide iluna dago presoak ateratzen. Ezker abertzalean gaur egun zein egoeratan gauden ikusita, uste dut presoen artean nork bere bidea egin behar duela, eta ahal denik eta arinen, kalera irten, nahiz eta biderik egokiena edo ederrena ez izan. Gauden egoeran gaudela, gaur egun ez dut besterik ikusten… Erraz hitz egiten da tabernan, baxoerdia edan bitartean: nor baino nor borrokalariagoa da orduan. Askotan esan izan dut: kalean denok gara inor baino gogorragoak, inor baino abertzaleagoak, baina hauteskundeak iritsi eta auzora doaz botoak! Ez gaude borrokarako!

Horixe Imanol kantariaren disko zahar baten izena: Orain borrokarenean

Joan da garai hura, edo joan zaigu. Borrokaren espiritua galdu dugu, eroso bizi gara gaur egun. Aspaldi ikusi nuen hori... Helburu batzuk genituen, baina neure buruari galderak egiten hasi nintzenean konturatu nintzen ez nituela gauzatuta ezagutuko. Momentu bat iritsi zen non iruditu zitzaidan erakunde bezala ez genuela aurrerapenik egiten, iraun egiten genuela, ekintza errazetara jotzen genuela. Uste dut orduantxe sentitu nuela ametsa joan zitzaigula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.