Zozoen elean (I). Saioa Agirre. Gimnasta

«Gimnasia erritmikoa eta dominak norberaren gauzak dira»

Euskal Herrian dugun kirolaririk onena da gimnasia erritmikoa modalitatean. Ikusgarria da tapizean hara eta hona, ezinago dotore, noiz pauso erritmikoak emanez, noiz aparatuak jaurtitzen eta hartzen, orekari eusten, birak eta jauziak paregabe eginez, ballet dantzaria antzo. Antzokian beharrean, ordea, kiroldegian ari ohi da, ordaindu beharrik ez da hura lan artistikoan ikusteko.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Getxo
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean


Jean Martin Hiribarren
 

Gimnasia erritmikoa modalitatean Euskal Herriko gimnastarik onena…

Euskadiko Txapelketan lortutako emaitzen arabera, neu naiz onena. Baliteke ni baino hobeak ere izatea, baina txapelketaren egunean inork ez zuen nik baino puntu gehiago lortu… Aurten lehena izan naiz Euskadiko Txapelketan, eta Espainiakoan bigarren egin nuen. Lau aparatu erabili behar izan genituen, uztaia, mazoak, pilota eta zinta. Gure ariketa guztiak batu, bataz bestekoa egin eta, denera, zilarrezko domina!

Lehenago ere emaitza onak izanak dituzu Euskadin nahiz Espainian.

2013an egin nuen debuta Espainiako Txapelketan, eta lehenengoa egin nuen… Baina gimnasia erritmikoa zer zen jakin gabe hasi nintzen. Zortzi urte nituen, eta gogoratzen naiz amarekin nengoela, eta eskolaz kanpoko ekintzaren bat egin behar nuela esan zidala. Zerrenda bat zeukan, eta esan zidan: «Irakurriko dizut zerrenda eta esango dizut zein egin dezakezun hemen ondoan, Fadurako kiroldegian». Hasi zen zerrendako aukerak irakurtzen eta, halako batean, «gimnasia», eta nik: «Eta zer da gimnasia?». Amari txikitan gustatua zitzaion gimnasia, nonbait, eta berak zekiena azaldu zidan. Gimnasia hura zer zen inoiz ikusi gabe nengoela joan nintzen kiroldegira, urte bat egin nuen, eta gustatu zitzaidan! Han, bestalde, gaitasuna nuela ikusi zuten, eta Leioako Sakoneta klubera zuzendu ninduten. Sakonetan lehiaketak egiten zirela, hau eta hura, eta hantxe egin dut orain arteko bidea!

Zortzi urterekin hasia zu, gimnasta asko, aldiz, askoz lehenago hasi ohi dira…

Nire zenbait taldekide lau urterekin hasi ziren. Beste batzuk, sei urte zituztela. Aukeran, nahiko berandu hasi nintzen gimnasta izateko bidean, eta horrek eragozpenak ere baditu… Nik, esate baterako, uste dut nire errendimenduan gorago irits naitekeela. Konbentzituta nago. Hala ere, horrek ez du esan nahi txapelketetan gorago ibiliko naizela, beharbada bai, beharbada ez. Uste dut nire entrenatzaileek ere astiro-astiro ikusiko dutela non dagoen nire goren muga. Bitartean, nik, pertsonalki, gehiago egin dezakedala pentsatzen dut. Neure burua ikusi eta pentsatzen dut hobetzeko tartea daukadala. Uste dut pertsona guztiok daukagula hobetzekoa marjina, baina ni neure buruaz ari naiz, eta horixe pentsatzen dut. Egia da zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta hobetzeko marjina txikiagoa daukazula, baina, bitartean, uste dut beti dagoela hobetzeko tartea. Horretan nago ni. Eta nire entrenatzaileek ere berdin pentsatzen dutela esango nuke.

Lehenengo aldiz gimnasia erritmikoa egiten hasi zinenean, zer zioen zure barruak?

Ni ez nintzen kontziente momentu hartan, gimnasia egiten nuen, egin behar zelako, besterik gabe. Aita-amek bultzatu ninduten, bai, baina gustatu egin zitzaidan eta gustura ari nintzen. Besterik izan zen txapelketetan parte hartzen hasi nintzenean. Orduan bai, konturatzen hasi nintzen, gustu gehiago hartzen, gimnasia erritmikoa eguneroko errutina bihurtzen… Txapelketetan parte hartzea da gauza bat asko gustatzen zaidana. Lehiatzen den jende askok beldurra dio ezagutzen ez duen pabilioi batera joan, ikusleen oihu eta txalo artean tapizaren erdira irten eta ekitaldia egitea, eta, niri, berriz, horixe gustatzen zait, giro horixe!

Txapelketan zarela, tapizera irteteko zorian zaudela, zer?

Tapizera irten aurretik asko hitz egiten dut nire buruarekin, kontu teknikoak esaten dizkiot: «Gogoratu halako modu honetara egin behar duzula!». Entrenatzaileek askotan esaten didate ez pentsatzeko egin behar ez ditudan gauzetan, egin behar ditudanetan baizik. Buruak buelta asko emanarazten dizkizu, eta batzuetan horrexek eramaten zaitu akatsak egitera. Burua bere lekua egon dadin saiatzen naiz. Giroa dagoela sentitzen dut, konturatzen naiz, baina musika hasten den une beretik, kito, neure ariketan daukat burua, ez dago besterik, egin behar duzuna egin behar duzu. Amaitutakoan, giroa gozatzeko garaia da…

Non da saioa ondo egiteko giltza?

Ez dakit, bada! Hasteko, nik ez ditut beti ariketa guztiak ondo egiten! Askotan, egindako akatsak ez dira ikusten, ez dira oso nabarmenak, baina ni ez naiz gustura geratzen, ze badakit askoz hobeto egin nezakeela, edo, are gehiago, entrenatzen dudanean askoz hobeto egiten dudala niri dagokidan ariketa! Nik helburu horixe dut txapelketa handietan, entrenatzen dudan bezain ondo egitea! Eta hori oso-oso gutxitan lortzen dut. Agian, Euskadiko txapeldun geratu naiz, baina baliteke nik nahi bezain ondo ez egitea. Eta hori ez zait gustatzen. Adibidez, aurtengo Espainiako txapelketan bigarren izan naiz. Aurretik, hiru aldiz ere izan naiz estatuko lehena, baina nire ibilbide osoan hobekien egin dudan txapelketa izan da: lau aparatuetan jokatu behar nuen, eta lauetan gelditu nintzen gustura. Iaz, esate baterako, bi aparatutan oso eskas egin nuen ariketa, eta beste bitan, aldiz, oso ondo. Hala ere, hirugarren geratu nintzen! Baina aurtengo sentsazioak askoz hobeak izan dira, horixe baitzen nire helburua, lau aparatuetan ere ondo egitea, eta lortu dut!

Ondo egitea lortu duzu, Espainiako txapeldun izan gabe…

Lehenengo egin zuena beste maila batean dagoelako, esan zidatenez. Nik ez nuen ikusi, ondoko tapizean ari nintzen, nire ariketa prestatzen, baina horixe esan zidaten, lehenengo egin zuenak benetan merezi zuela urrea, eta ni pozik! Zeren eta, nik, horixe nahi dut, txapelketan parte hartzen dugun guztiok ondo egitea gure lana. Batek akatsa egin duelako norberak irabazteak ez dit balio, denek ondo egitea nahi dut, horrek erakutsiko didalako ni non nagoen.

Hamazazpi urteko neska gazte adingabea, baina kirolari heldua…

Etxean asko laguntzen didate burua bere tokian izaten. Kirol honek asko higatzen gaitu, entrenamendu ordu asko dira astean, jendea saturatu egiten da, eta utzi egiten du. Nik, berriz, laguntzen didan giroa daukat inguruan, eta urterik urte aurrera eramaten naute. Gurasoek, adibidez, lasaitasuna ematen didate, kirola norberak gozatzeko dela. «Nahikoa!» esaten dudanean, nahikoa izango dela badakite, ez naute batere presionatzen, eta lagundu, berriz, dena! Batera eraman, bestera ekarri, batera ekarri, bestera eraman…

Saturazioa aipatu duzu…

Eskola garaia denean, jaikitzen naiz, gosaltzen dut, joaten naiz eskolara, bazkaltzen dut, eta entrenatzera. Iluntzean etxera heldu, eta ikasi egin behar ohera baino lehen. Horrela, egunero! Argi dago horrek desgastea dakarrela, baina, adibidez, ni konpentsatu egiten nau, Euskadiko txapelketa irabazi, Espainiakora joan, eta puntan ibili.

Entrenamendu ordu asko dira gimnasia erritmikoa egiten duenarenak. Hemeretzi ordu ere bai…

Ez dakit zenbat ordu egiten ditudan nik. Eskola garaian, egunaren arabera. Batean hiru, larunbata goizean bost… Hiru-lau ordu egunero, batanaz beste. Etxera heldu eta pentsatzen dut: «Lau ordu behar izan ditut egin dudana egiteko». Eta, hala ere, sentsazioa da egin nahi zenuen entrenamendu lana egiteko denbora falta zaizula. Ez da gauza erraza. Lau ordu egin, eta, hala ere, denbora falta!

Asko hitz egiten da gimnasia erritmikoko entrenatzaileen gainean, estuegi hartzen ote zaituzteten eta hau eta hura…

Bai, gauza asko esaten dira entrenatzaileei buruz, baina ni oso pozik nago nireekin. Oso gogorrak dira, baina momentu jakin batzuetan horixe behar duzu. Bestalde, beren buruak neurtzen ere badakite, baliteke gimnastak egunen batean neurriz gain estutzea, baina hantxe etorriko dira hurrengo egunean, neurriz gain jardun dutela aitortuz. Gure klubean badugu konfiantza giro hori, gure artean hitz egiten dugu, baditugu komunikazioa eta errespetua. Bestelako kasuak ere izango dira, jakina.

Adinarekin batera galtzen omen da malgutasuna…

Baina malgutasuna ez da dena. Adineko gimnastak erakutsi nahi duena erakutsiko du, ez galdua duen flexibilitatea. Nork bere errotara eraman behar du ura. Nire kasuan, birak, jauziak, oreka mantentzeak… dira hobekien egiten ditudanak. Kanpotik, beti esan izan didate tapizean presentzia handia dudala, horrexek nabarmentzen nauela gainerakoen artean. Niri ez zait iruditzen hain gauza nabarmena denik, baina horixe esaten didate!

Zeure ariketa bideoz grabatuta ikusteko ohitura duzu?

Bai, beti ikusten dut. Gurasoek berriz ikusi nahi izaten dute, eta nik, berriz, egindako lana aztertu nahi izaten dut, entrenatzaileak esandakoak zuzen egin ote ditudan, esate baterako. Askotan gertatu izan zait entrenatzaileek txartzat ez ematea nire ariketa, baina nik bideoan ikusi eta akatsak ikustea. Orduan, entrenatzera joaten naiz, entrenatzaileak txartzat ez emandako hura hobetzera. Exigentzia maila hori ere behar da. Entrenatzera joaten naizenean, hobetzea dago nire buruan, pixka bat gehiago exigitzea neure buruari. Entrenatzaileek egiten dute, eta nik ere egin behar dudala uste dut.

Izan duzu gimnasia erritmikoan kirolari eredugarririk?

Ez. Goi mailako gimnasia ikustea gustatzen zait, eta berdin gainerako kirolak ere! Olinpiadak direnean, adibidez, edozein kirol ikustea gustatzen zait: izan atletismo, igeria edo gimnasia. Denak ikusten ditut! Aldiz, gimnasia egingo ez banu, ez dakit zer kirol egingo nukeen, oso txarra naiz-eta beste guztietan. Nirea gimnasia erritmikoa da eta kito! Beti egon naiz gimnasiaren munduan, ez beste inon. Hala ere, bada beste mundurik, baditut lagunak, eta parrandazalea ez banaiz ere, irteten naiz haiekin. Ondo moldatzen naiz!

Zergatik hartu ohi duzue gorengo helburu Espainiako Txapelketan lehiatzea?

Gehiago ezin delako lortu. Nazioarteko txapelketa bat den kasuan, adibidez, Espainiako selekzioaren onespena edo gonbita behar da han jokatzeko. Eta, orduan, haren izenean joan behar da, ez klubarenean. Esan nahi dut, atzerrian lehiatzea ez dagoela gure esku. Egia esan, nazioarteko txapelketan lehiatzea ez dut hurbil ikusten. Saiatuko naiz, baina badakit zein diren nire mugak, zein den nire maila, zein den errealitatea. Europako txapelketa batera joatea kasik ezinezkoa zait oraintxe.

Nolakoa da txapelketa bat irabazi ondoko biharamuna?

Irabazi ala ez, etxera etortzea da lehenengoa. Eta etxera etorri, eta bizitzak jarraitzen du… Azkeneko aldian, ekainaren amaieran Espainiako Txapelketan bigarren egin nuenean, biharamunean ez nintzen institutura joan behar, oporretan ginelako, baina udaberrian egin zen taldekako lehiaketaren ondoren, etorri eta hurrengo egunean institutura, eskolara, nahiz eta bezperan dominarekin etorri etxera. Azken finean, gimnasia erritmikoa eta dominak, norberaren gauzak dira, norberaren familia eta ingurukoenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.