LITERATURA «IPARRALDETIK»

«Iparraldeko idazle gazteak euskaraz idaztera» bultzatzeko asmoz, Gazteluma bekaren 10. deialdian lanak aurkezteko epea luzatu dute. 2002tik hona, beka sortzera bultzatu zuten kezkak beti hor direla, zenbait areagotu ere egin dira. Halere, aterabide ideiak ez dira eskas; izatekotan, zubiak dira bereziki guti.
Gazteluma bekari esker, bederatzi liburu argitaratu dira.
Gazteluma bekari esker, bederatzi liburu argitaratu dira. BOB EDME

Nora Arbelbide Lete -

2018ko azaroak 11
Gazteluma bekaren hamargarren deialdirako egitasmoak aurkezteko azken epea urriaren 15a izan zen. Baina, nola mementoko nehork ez duen liburu proiekturik aurkeztu, epea luzatu dute, azaroaren hondarrera arte. Jadanik gertatua da luzatzea epea. Gertatu baita berantarekin proiektu batzuk agertzea. Baina jadanik gertatua da nehor ez agertzea ere. Urte batez, horregatik ez zuten bekarik banatu. Horrek eragin zuen Gazteluma zahartu eta adin muga 30 urtetik 40 urtera pasatzea ere.

Bizkitartean, bekaren hasieratik konstante bat da proiektu guti aurkeztea deialdi bakoitzean. «Aldi oro badugu proposamen bat edo bi. Horrekin badugu aski erregularki ateratzeko liburu berri bat, baina ezin da erran bilana ona denik. Lauzpabost ukan beharko genituzke, teorian, egiazko hautu bat ukaiteko, eta gero batzuk argitaratzeko beka gabe. Baina ez da sekula gertatu», damutu da Peio Etxeberri-Aintxart, Elkar argitaletxerako Baionako bulegoan editore lanetan ari dena.

Elkar argitaletxeak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) sortu beka da Gazteluma. Hemezortzi urteko ibilbidea dauka bekak, eta tarte horretan bederatzi liburu publikatu dira. «Iparraldeko idazle gazteak euskaraz idaztera» bultzatzeko asmoarekin sortua dute, arauek diotenez. Arau berak ditu 2000. urteaz geroztik. Izan daiteke eleberria edo narrazio bilduma. Arauetan segituz, ez da sorlekurik edo bizilekurik aipatzen, baina bai «Iparraldeko euskara batuan» sortua izan behar duela testuak. Horrek zer erran nahi duen galdetzerakoan, «erran» idatzi behar dela «esan»-en ordez laburbildu du Etxeberri-Aintxartek.

Horiek horrela, behin egitasmoa hautatuta, urte bat badu liburua bururatzeko idazleak, ondorengoko Sarako Idazleen Biltzarrean aurkezteko gisan. 3.000 euro dira saritzat.

Bekaren arrakastarik eza irakurketa ohidura aldaketekin lotzen du, partez, Etxeberri-Aintxartek. Eta erreportajerako elkarrizketatu gainerateko guztiek ere nabarmendu dute azken hogei urteetako aldaketa nagusietako bat dela Internet eta pantailen erabilpenarekin idazketaren mundua arras bestelakotu izana. Ondorioz, gazteak liburuak irakurri eta idaztetik agian oraino urrunago direla. «Momentu hau biziki konplikatua da literatur zaletasuna sustatzeko», baieztatu du Ur Apalategi idazle eta euskal literaturako irakasleak, eta hori «beste makroarazo» bat dela zehaztu. Eboluzioa Baionako fakultatean ikasle dituenekin ikusten duela berretsi du: «Ez da katastrofista izan behar. Badira konpetentzia batzuk, aberastasun batzuk, guk ez genituenak. Ez dut ikusten dena beltz, baina liburuen bitarteko literatur zaletasuna gaur egun... lehen marjinala zen, eta orain oraindik eta gehiago».

Azkenean, literaturaren problema orokorren zurrunbiloan sar daiteke Gaztelumaren izatea eta bilakaera. Eta orokor horiei gehitu behar zaizkie euskal literaturari lotu problema bereziak. Jakinez, gainera, euskal literaturaren sistemaren barnean ipar hori erantsia izateak dakartzanak ere badirela.

Ipar Euskal Herriko literatura kategoriak berak ekartzen duen ikuspegi «esentzialista» nabarmendu zuen Apalategik, hain zuzen, Iparraldeko azken aldiko literatura euskal literatur sistemaren argitan (eta vice versa) artikuluan (2005, Lapurdum). Jadanik barnean sartu zituen Gaztelumako bi lehen saridunak. Hamahiru urte geroago, «aho biko ezpata» aipatu zuen: «Alde positiboa da atera direla idazle batzuk. Segur naiz ekarri dituela irakurle berriak ere». Baina, aldi berean, nonbait «atzerapauso bat» ere badela pentsatzen du. «Gure sistema kultural euskaldunaren disfuntzio baten irudia da. Egoera ideal batean, Euskal Herri normal batean, Euskal Herriko edozein eskualdetako edozein idazlek beharko luke izan bere tokia Euskal Herriko edozein argitaletxetan. Ikusi gabe zer euskalkitan ari den edo nondik ari den». Bereizketa hori «auto-debaluatze bat da Iparraldeko idazleontzat. Erran nahi du behar dugula gure erreserba bizirauteko».

Gogoeta hori Elkarren barruan ere badutela azaldu du Etxeberri-Aintxartek. Pentsatzen ari dira, beharbada, Elkarren Ipar Luma saila —Gazteluma hor sartzen da— Euskal Herri mailako Elkarren Literatura sailean sartzea: «Pista bat izan daiteke. Pentsatzen ahal da normalizatzen dela horrela. Baina errealitate bat da jendeak xerkatzen duela hori».

Gauza bat da xerkatzea, eta beste zerbait horri zer erantzun ematen zaion. Apalategiren ustez, «hastapeneko beldurrak» indartzea da arriskua, preseski. «Erraten diozu hobe duela bazkatzea Iparraldeko idazleekin, bestea ez dela beretzat, zailegi dela, urrunegi. Beti oso anbiguoak iruditzen zaizkit fenomeno hauek, lanjerosak».

Irakurleekin egunero lan egiten du Elise Diletek. Ikas euskal pedagogia zerbitzuetako dokumentalista da. «Euskaldun berri» gisa, «biziki harritu» dela dio, ohartzean euskaldunek biziki guti irakurtzen dutela euskaraz. «Erraten dute ez dutela plazerik euskaraz irakurtzen dutelarik, eta hori, ene ustez, zinez landu behar dugu». Euskaldun berriek, «paradoxa» badirudi ere, gehiago irakurtzen dute bere ustez: «Haien prozesuan, irakurketa garrantzitsua da. Ohidura hori hartzen dute, euskaldun zaharrek baino gehiago». Ikasera hurbiltzen diren irakasleek ikasleendako liburuak hartzen dituzte, edo beren haurrentzat, «baina haiendako, biziki guti».

Plazer horren gibelean ohidura kontu bat dela, hori ere argi dute elkarrizketatu gehienek. Eta badirela bideak hori gainditzeko, hori ere argi. Ipar eta Hego baino harago. «Egia da, beharbada, kezkatzen garela produzitzeaz, baina gero idazlearen eta irakurlearen arteko zubi lan hori ez da egiten», pentsatzen du Eneko Bidegain idazleak.

Plazera nola transmititu

Etxeberri-Aintxartek Enbata aldizkariko urriko zenbakian idatzitako artikuluan ('Kultura behartuari' aski) aipatzen duena sintomatikoa izan daiteke. «Hegoaldeko abertzale batekin» ukan solas bat du aipatzen hor, zeinak leporatzen baitzion euskaraz ez idaztea, eta horri honela erantzun ziola esplikatzen du: «Plazer handi batekin erantzun nion ez nuela kasik behin ere euskaraz irakurtzen, salbu, bistan dena, nire editore lanaren karietara».

Plazerik hartzen ez duenak nola plazera transmititu. Transmisio kontuak aipatu dira joan den ostegunean Hazparnen (Lapurdi), justuki. Haur eta nerabeen euskal literaturaz mintegia zuten Bilketa, Ikas eta EKEk. Ipar Euskal Herriko irakasle eta liburuzain andana bat bildu da hor. Aipatu diren ideietako bat izan da zubiak eraiki eta indartu behar direla eragileen artean, bakoitza bere txokoan xitxuketan aritu ordez.

Zubi lan horietan ari da nolabait Dilet. «Erronka» gisa hartzen du ohidurak aldatzea. Ikasera hurbiltzen diren irakasleak motibatuz berentzat liburuak har ditzaten, gustukoak ukan ditzaketenak atzematen ahalegintzen da. Helduentzako irakurterrazak diren liburu batzuk proposatzen dizkie batzuetan, Arian irakurgaiak (Elkar) edo Euskara Errazean (Erroa) bildumetakoak. Eta erronka horretan Gaztelumak bere lekua baduela pentsatzen du Diletek. Adibide bat emateko, Maialen Hegi-Lukuren Girgileri anderea anitzek mailegatzen dutela zehaztu du. Oihartzun onak dituela. Berdin Katixa Dolhare-Zaldunbideren Biribilgune liburuak.

Giltzetako bat hezkuntzan datzala pentsatzen du Katixa Dolhare-Zaldunbidek ere. Idazle izateaz gain, irakaslea da: «Badakigu literatura ez dela sail premiatsua hezkuntza nazionalean. Alta, behar da egonkortu literatura irakaskuntza. Behar dira idazleak gehiago eraman eskoletara. Idazle zaharrak hobeki baloratu, oraingoak hobeki ezagutu». Irakurtzeko plazera idazteko plazerarekin ere lotzen du idazleak. Testu azterketaz edo disertazioaz gain, irudimena lantzeko saio gehiago izatea, adibidez. Dolhare-Zaldunbidek azpimarratu du irakurle kluben garrantzia ere. Funtsean elkarrizketatu guztiak bat datoz horretan. Apalategik argi: «Horrelako ekimenak dira bultzatu behar. Hori da niretzat irakurketaren etorkizuna. Asmatu behar dira irakurketa sozializatzeko modu berriak». Bide beretik Bidegain. Idazle gisa eskertzen ditu horrelako trukeak. Baita jende guti hurbiltzen denean ere. «Eta zer ote da gutxi?», galdetzen du. Irakurle bat bakarra bada ere, jadanik badela nor. Ororen buru: «Liburuak oraino atxikitzen du halako xarma bat, magia bat, non objektu horrek lotura egiten duen liburu denden, liburutegien eta irakurle eta idazleen artean. Hori hor baldin bada oraino indarrean, zerbaitengatik da. Eta hori baliatu behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna