HIZPIDEAK
Euskaldun gogoa
Ugaldetarrek Andoain izena jarri zioten Caracasko etxebizitzari. Martinek jaioterria eta han utzitako oroitzapen guztiak eraman nahi izan zituen Venezuelara, itzulera gogoan. Baina Euskal Herrira bueltatzeko gogoa izanagatik ere, etxea eta familia izan zituen Venezuelan; sorterrian garatzen utzi ez zioten mundua eraiki zuen.
Caracasko erbestealdian abiatu zuen kazetari eta idazle bidea, eta etenik gabeko ikustaldi eta ikastaldietan barna, lan oparoa egin zuen, gaztelaniazko kazetari gisara bereziki. Hango hitz egiteko modua bere egin zuen, hizkuntza baitzuen nonbaitekoa izateko bidetzat. Eta horrexegatik ere, abertzaletasunari eta euskaltzaletasunari atxikita jardun zuen beti. Helduaroan, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, eta, euskarara, haurtzaroan behar beste garatzerik izan ez zuen hizkuntzara.
Bizitza zaila izan zuen, baina zentzu bat bazuen harentzat horrek ere. «Euskal Herria martirizatuaren ordez, Ipar Amerika edo Britania Handia edo beste handi bat utzi banu, nire utzitakoarenganako errespontsabilitatea ez zen berdina izango». Eta ardura horretatik, euskararik gabeko aberririk nahi ez zuelako, borrokatu zen Euskaldunon Egunkaria-ren alde, heriotzaraino, oztopo guztien gainetik; euskararik gabeko mundurik kontatu nahi ez zuelako.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.