Zozoen elean (II). Joseba Etxeberria Ariztimuño. Frantziskotarra

«Kubako esperientzia ez dut ahaztekoa»

Frantziskotarra da Arantzazun Joseba Etxeberria Ariztimuño (Segura, 1932). Etxean hamabi senidetan hirugarrena, Gabiriako osaba-izebenean zen behizain bederatzi urte zituela. Hala ere, bazekien 11 urterekin Arantzazura etorriko zela. Ez zekien, ezin jakin, 1959an Kuban izango zela, Iraultzaren garaian…

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Arantzazu-Oñati
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean


Jean Martin Hiribarren

Che Guevararen kapilau Javier Arzuaga aurten zenduaren liburuak daramatzat galtzarbean, Biografía de un sueño (1998), eta Cuba, 1959. La galera de la muerte (2006). Haiek erakutsi eta galdera beharrik gabe etorri zaio bat-bateko solasa Joseba Etxeberriari…

… Maitasun berezia nion Javier Arzuagari. Oso gertu-gertukoak izan ginen. Apaiztu nintzenean, Kubara eman zidaten lehenbiziko destinoa, eta, han, Javierren postua agindu zidan hango gure nagusiak, Jose Agustin Mendizabalek. Javier irakasle zegoen gure seminarioan, Santiago de las Vegas-en, baina kartzeletan zegoen problematika gogorra ikusi eta haietan lan egiteko erabakia hartu zuen. Habanako badiaz bestaldeko Casa Blancako parroko nahi izan zuen. Javier hara, eta ni, berriz, hark seminarioan irakasle utzitako hutsunea betetzera! Hartu-eman handia izan genuen. Bestalde, bera oso musika zalea zen, soinu handia jotzen zuen, eta, nik, berriz, kirol eta euskal dantzarako afizio handia nuen. Horrela, bata soinua jotzen eta bestea dantzak erakusten, are gehiago estutu genuen gure arteko lotura lehen ez txikia.

1956an joan zinen Kubako destinora…

Lau-bost bat urte egin nituen Habanan, Fidel gure atzetik hasi zen arte. Orduan, kartzelara sar nintzaten baino lehen, kanpora irteteko agindu zidan gure nagusiak. Usteko zuten aldi baterako besterik ez nintzela erbestean izan beharko: «Hau laster pasatuko da. Gertuan egotea komeni zaizu, gero atzera bueltan etortzeko. Kolonbiara bidaliko zaitugu!». Eta, halaxe, 1961ean Calira joan nintzen, izugarrizko seminario eder batera. Bi urte egin nituen han.

Atzera Kubara itzultzeko modurik ez zenuen izan…

Ez, ba! Mendizabalek gauza bat pentsatu zuen han, baina hemen Arantzazuko gure nagusiak laster ikusi zuen Kubakoak ez zuela irteerarik guretzat, eta hona etorrarazi ninduen. Kolonbiara joan zen, eta hango buelta guztiak ibili zituen. Calira ere etorri zen, eta aitzurra hartuta, lokatzetan sartuta jo eta kean harrapatu ninduen: futbol zelaia egiten ari nintzen, seminarioko mutikoekin batera. Esan niona: «Jauna!, lanean harrapatu nauzu, behintzat!». Kar, kar… Eta esan zidan: «Ez konpromiso gehiagorik hartu hemen, Calin. Urtearen azkenean Arantzazun nahi zaitut». Eta hemen naiz 1962az gero.

Kuban, Habana ondoko Santiago de las Vegasen zaitugu…

Habana eta aireportuaren artean dago Santiago de las Vegas. Seminario izugarria genuen bertan, igerileku eta futbol zelai eta guzti. Izugarrizko landa zen, animaliak ere bageneuzkan bertan… Gazteekin lan egiteko-eta oso leku ederra zen. Bestalde, eguneroko harremana nuen Habanako frantziskotarrekin, bai San Frantzisko komentukoekin, bai San Antoniokoekin. Nikolas Urrutia oñatiarra genuen Santiago de las Vegaseko arduraduna santua berealdikoa, langile apartekoa, eta bera zen txofer ere. Fraideren batek hara edo hona behar zuela, eta beti bera gidari. Hortaz, lehenengo gauza egin zidana: «Joseba, sartu autora!». Besterik gabe esan zidan, ailegatu nintzen egunean bertan. Autoa erabiltzeko esplikazioak eman zizkidan, eta futbol zelaiaren inguruan autoa erabilarazi zidan. Gida-baimena atera nuen eta Nikolasentzako poza, harrezkero ez zuen-eta egunero autoan irten beharrik izango.

Garai zaila, hala ere, Batistaren diktadura. 1958an, frantziskotarren La Quincena aldizkariaren bi zenbakiren edizio osoak bahitu eta itsasora bota zituen diktaduraren poliziak…

Ignazio Biain zen oñatiarra hura ere, aldizkariaren zuzendaria. Esaten zuten garai hartan Amerika osoan ez zela haren pareko errebistarik. Biain, berriz, oso pertsona baliotsua zuen, eta oso argia. La Quincena-k, berriz, kolpe handiak hartu zituen. Eta, hala ere, oso iritzi diferenteak zeuden aldizkarian eskribitzen zutenen artean baita fraideen artean ere!, baina hantxe denak lanean. San Frantzisko komentuko inprentan ere fraideak ari ziren La Quincena inprimatzeko lanean. Gauza handia zen hura!

San Frantzisko komentuan eduki zenuten ezkutatua Jose Antonio Echevarria gaztea aste betez, bederen, Radio Reloj erasotzera abiatu baino lehen, Gobernu jauregian Batista hiltzeko planaren barnean…

Garai hartantxe ni han nengoen, ezkutatua egon zenean. Han ezagutu nuen Echevarria. Fraide jantzita ibili zen gure komentuan… Batistarekin desastre hutsa zen Kuba. Fidelekin, desastreagoa! Hainbeste gauza egin ziren gaizki garai hartan. Ez dago sinesterik ere! Batista bezalakoak ez dago onartzerik, libertate batzuk bazituen berak nahi zuenarentzat, eta fraideen artean ere bazituen aldekoak, baina ez, Batista, ez.

Sasoi hartan fraide Javier Arzuagak Iraultzaren ondoko fusilatzeak kontatu zituen La galera de la muerte. Cuba, 1959 liburuan. La Cabaña gotorlekuan kapilau lanetan ari zen, heriotzara zigortuak hormara laguntzen…

Hiru-lau aldiz bisitatu nuen La Cabañako kartzelan. Laguntza behar zuen. Presoei zeharo emana bizi zen, lehertuta, eta laguntzera joaten gintzaizkion. Harrigarria zen nola hartzen zuten preso zeudenek Javier! Uste dut behartuta ikusi zuela bere burua lan horretara, baina oso gogorra izan zen. Bizi izan ez duenak ez dauka jakiterik zenbat sufritu zuen Javierrek. Kontatzen du liburuan… Hortxe hustu zuen barrua. Oso egoera zaila zen, lehenengo Batista, eta gero Fidel, eta bakoitzak ahal zuen modura eraman zuen. Batzuek era batera, beste batzuek beste era batera, baina elkar konprenituta. Javierrek oso tratu ona zuen Biainekin eta denekin. Che Guevararekin ere bai, lehenengo konbertsazioan, behintzat. Bi muturrekoak ziren Che eta Javier, baina ondo konpondu ziren, ez zuten haserre handirik izan.

Zein zenuen bizimodua Kuban?

Ni seminarioan erabat lotuta nengoen, Santiago de las Vegasen, egun osoa. Hala ere, goizean goiz Habanara joaten nintzen meza ematera, ikastetxe erlijioso batera. Bestalde, inguruko parrokietako ardura genuen eta batera eta bestera ibiltzen ginen fraideok, nahiz eta beti baten bat seminarioan bertan gelditzen zen, bertako lanak egiteko. Gainerakoan, mutikoekin ematen genuen eguna, eskolak ematen eta jo eta kean, honetan eta hartan.

Ez zineten egun osoan lanean. Erlea aldizkariaren 9. aleko argazkietan puntistaz inguraturik ikusi zaitugu, fraide jantzirik, Toki-Ona jatetxean…

Bai… Kubara joateko zorian nengoela, arreba zaharrena agurtzera joan nintzen Donostiako Bretxara, harategia baitzuten. Hizketan ari ginela, emakume adineko bat azaldu zen. Gu hau eta hura ari ginen, eta gure arrebak esan zion andre hari: «Hau nire anaia da, bihar Kubara doa». Eta emakumeak segituan: «Kubara?, semea daukat nik han, pilotaria! Jose Antonio Egurbide! Egiozu bisita, aspaldi ez dugu ikusi!». Kuban, San Antonio elizan biltzen ziren euskaldunak, Miramar, eta han nintzen batean Egurbideren kontua aitatu nuen. Gure fraide Julian Baztarrika San Antonion bizi zen, eta hark zeuzkan kontakturik handienak pilotariekin. Horrela, Egurbide eta beste dozena erdi pilotari Santiago de las Vegasera etorri ziren behin, eta lagun egin ginen. Handik aurrera, edozer gauzatarako, ni behar izaten ninduten. Hurrena, Baztarrikaren bitartez, San Antonion bildu genituen pilotariak, dantzari erakusteko.

Puntistak dantzan jarri zenituen Kuban…

Gazteak ziren, mutil onak. Euskal festa egin genuen, San Inazio egun batean, ordurako dantzariak erakutsita zeudela. Festa aurreko egunetan, egunero joan nintzen, arratsaldero, San Antoniora, haiei erakustera. Batean bat etorriko zen, bestean hiru… baina, azkenean, dantza egin, eta ondo! Fotografiak ere baditut!

Meza izan genuen lehenengo, eta, ondoren, euskal dantzak, Javier [Arzuaga] soinua jotzen zela… Eta hemendik hara ihesi joandako jendea-eta negarrez, baina negar batean, ordea! Centro Vascon biltzen ziren, asko, eta Martin Odriozolaren Toki-Onan…

Zer gertatu zen Fidelek agintea hartu zuenean?

Alde batetik, gustura, Batista bota zutelako azkenean. Bestetik, erlijio usaina zeukan gauza guztien kontra jarri zen segituan, aurre eginez. Disparate ikaragarriak egin zituen. Fusilamenduak hasi zirenean-eta gauza aldatu egin zen. Pertsekuzioa ere ezagutu genuen fraideok, eta erlijiosook, oro har. Santiago de las Vegas, Rancho Boyeros eta inguruetako gazteriarekin erlijiozko lanean ari ginen, ari nintzen ni, eta fitxatu egin ninduten neroni ere. «Alde egin ezak hemendik edo, bestela, eramango haute!», nagusiak esan zidan arte. Atera ninduten, Kolonbiako, laster itzuliko nintzelakoan, baina… gaur arte! Kar, kar…

«Gaur arte», ez. Badakit itzuli zinena…

Urteak joan eta gero itzuli nintzen, nagusiak aginduta. Ez dakit zein urte izango zen ere. Ez nintzen hilabete batzuk besterik egon. Zenbait gauza alferrik galtzen ari ziren, eta haiek gordetzea zen lana. Guanabacoan izan nintzen, eta gure seminarioa ere ikusi nuen, baina hura penagarria zen: zer izan zen, eta nola zegoen! Eta lehengo Habana aberats hura, guztiz txikituta, erabat hondatuta, beldurra emateko moduan! Diferentzia izugarria zen! «Zer pasatu ote da hemen, hain denbora gutxian!», galdetu nion neure buruari. Eta jendarteko giroa ere, kanbiatuta ikusi nuen. Kubatarra zeharo jende irekia zen, azkena joan nintzenean, berriz, aldatuta zegoen hori ere. Konfiantzarik ezin inorekin eduki! Beste mundu bat zen, erabatekoa, nik ikusi nuena.

Orduko hartan, besteak beste, La Quincena-ren bilduma osatu zenuen eta Arantzazuko bibliotekara ekarri…

Ia-ia, osatu nuen. Ale bakan batzuk falta dira… Haren mailako aldizkaririk ez zegoela esaten zuten. Han lan egin zutenak Inazio Biain, Julian Baztarrika, Luis Zabala, Estanislao Sudupe…, sekulakoak ziren, maila handiko pertsonak, eta idazle onak!

Agur, Kuba!, Arantzazuko bibliotekan zaitugu aspaldi…

Esan dizut, bi urte egin nituen Calin. Gazteekin lanean aritu nintzen han ere. Ehun ikasle baino gehiago geneuzkan ikastetxean, batxilergo osoa emateko modua genuen. Leku zoragarria zen hura ere, baina berria, eta hura prestatu beharra egokitu zitzaigun, lana. Esperientzia ederra Kolonbiakoa. Eta zer esanik ez Kubakoa! Ez dut ahaztekoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.