HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Ez da nire errua!'

Ipuina 3.0

Idazlea eta ilustratzailea: Christian Voltz. Itzultzailea: Xabier Olarra. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

Imanol Mercero -

2019ko otsailak 10
Tradiziozko ipuinen barruan, aparteko lekua gordetzen dute kateatutako animalien ipuinek. Irakurle gazteenentzako propio sortuak dira, eta umoreak eta haziz doazen esaerek eramaten dute hari narratiboa.

Beren garrantziaren neurria har dezagun, ipuinak sailkatzeko dagoen sistema estandarrean, Aarne-Thomson sailkapenean, Cumulative tales-en zatirik handiena hartzen dute; azpi-sail horretan dauden 2.000 eta 2.100 ipuin moten arteko gehienak animalienak izaki. Zehazki, esku artean dugun Ez da nire errua! albumeko ipuina, 2.015 motaren edota 2.030 motaren aldaki gisa har daiteke. Beste erreferentzia esanguratsu bat ematearren, Sara C. Bryant-en How to tell stories to children ospetsuan, badira bi ipuin album honen kontakizunaren oso antzeko direnak.

Album honetan, gainera, aurreko ezaugarriei gehitu behar diegu ilustrazioek eransten duten aparteko indarra, eta letra larrien erabilera buruargiak irakurle hasiberriari eskaintzen dion aukera.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Voltzen bertsio honek mezu aski pedagogikoa dakarrela, maisukeriarik gabe emana, gainera.