Zozoen elean (eta V). Lyudmila Potapova. Piano irakasle, arrain saltzaile

«Osakidetzaren kolaboratzailerik finena naiz arrandegian lanean»

Arrandegian langile, inoiz ikusi gabeko iaiotasuna, aparteko abildadea du arraina garbitzen. Izan, ez da gure itsaso hegiko herrian sortua, Ukraina urrunetik etorria baizik. Ukrainarra da Arabako hiriburuan: eta Errusiaren aurkako gerra, eta gerra baino lehen, Txernobil, eta hura baino lehen, bizimodu hobe baten bila mendebalderanzko bidea, etorkizun hobe baten esperantzan…

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2016ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren




Eta arrandegira sartu zintzaizkidan eta nongoa nintzen galdetu zenidan. Nire doinuak —leuna baina doinu, finean—, salatu ninduen. Usteko zenuen gailegoa nintzela, galdetu zenidan eta ezetz esan nizun, ez nintzela Finisterre partekoa, beste finis terrae batekoa baizik, Ukrainakoa, orain dela hamasei urte Gasteiza heldua, hango ezleku hartatik ihesi. Khersonen jaio nintzen 1976an, Ukraina hegoaldeko hirian, eskualdeko hiriburua baita, Dnieper ibaiertzean. Odesa ondoan, nahi baduzu, Itsaso Beltza ondoan, Sebastopol ondoan… Hantxe duzu Kherson, Gasteiz baino handiagoa. Egia esan, hemen nagoela handia begitantzen zait Kherson…

Eta hiri aldirietan bizi ginen. Hiria amaitzen zenean hasten ziren gure etxeak. Autobusa hartu eta hirigunera joaten ginen eskolara, baina naturak inguratzen gintuela bizi ginen: hiriko bizimodua genuen, batetik, landakoa, bestetik. Lurra lantzen erakutsi ziguten txikitandik, ahal genuena egiten genuen baratzan, umetatik. Batean, ureztatzea izango zen, bestean zopizartzea… Lan txikiak zitezkeen, baina umeona zen haiek egiteko ardura.

Eta ez genuen bizimodu gogorrik: bateko ikasketak, besteko musika-eskola… Familiaren gerizan beti. Orain bestela da, orain nekeago da. Oraingo gerrak ez du onik ekarri, bistan da, eta legerik ere ez dago, ustelkeria da lege, arras aldatu da Ukraina. Legerik ez denez, nork berea egiten du, edo saiatzen da egiten: hondamendi hutsa da! Nik, dena den, hamasei urte daramatzat handik kanpo eta ez daukat xuxen-xuxen kontatzerik han gertatzen ari dena, etxera telefonoz jo eta haiek bizi dutena besterik ezin esan nik! Nire seme bigarrenak hamaika urte ditu, eta zazpi urte zituela joan ginen, duela lau urte. Familia ikustea beste xederik ez genuen. Familia han da, gero baino gero zaharrago, eta Kherson, berriz, bere horretan da, eta jendea ere zaharrago beti, eta beti lehenean.

Eta jendea lehenean da, jendea ez delako aldatzen. Aldatu egiten dela diote, baina ez da batere horrela: jendea ez da aldatzen. Joan nintzenean kasik hamahiru urte ziren handik alde egina nintzela. Gizenduta nengoen, eta ez ninduten ezagutu: 60 kiloko neska gaztea nintzela alde egin nuen handik, eta pisu handiagoa nuela agertu nintzen, hamahiru urte gehiago gainean. Kalean ibilki, inork ez ninduen ezagutu, eta lasai ni. Aldiz, nik bai, ezagutu nituen garai bateko auzo eta lagunak: gogaikarri izandakoak, gogaikarri segitzen zuten; jende onbera, garai batean bezain onbera; edale santua, edale santu… Denbora geratu izan balitz bezala zen han, ez zen eboluziorik.

Eta horren beldur nintzen Khersonen nintzen garaian, iltzatuta geratzeko beldurrak ninderabilen. Ikasketak bukatu eta haurtzaindegian ari nintzen musika-irakasle lanean. «Egin dut egin beharreko guztia, eta orain zer? Hemen, herrialde honetan bizi guztiko?». Lehenengo semea ere ordukoxea dut, eta ez nuen nahi hura herri hartan haz zedin. «Zein etorkizun dut nik hemen, zein da nire semearen geroa Ukrainan?». Beharrik alde egin genuen handik, gerrara soldadu joan beharrean zatekeen orain nire semea!

Eta Gasteiza etorri nintzen. Eta ez dakit zergatik etorri nintzen hona eta ez beste hara. Ez dakizut, badakizu? Azken finean, ezer ezagutzen ez duzunean bost axola nora zoazen, berdin zaizkizu leku guztiak. Orain bai, nahiago nukeen Espainia hegoalderantz jo izan banu, Andaluziako doinua izan, itsaso ondoan bizi… Damu naiz, baina hein batean besterik ez, Gasteiz hiri ederra baitzait! Tamainakoa, baketsua… baina hotza. Kherson ez bezala da hiriburu hau. Khersonen lau aro ditugu: bero da udan; udazkenean hostoak erortzen dira, dena gorritzen da, euria egiten du… Neguan hotz handia egiten du, eta udaberrian loreak loratzen dira nonahi, eta txoriak kantari lotzen zaizkio. Lau aro, ez bi, Gasteizen moduan! Esanak esanagatik ere, pozik naiz hemen, arrandegian lanean, nahiz eta piano irakaslea nintzen Khersonen.

Piano irakaslea nintzen haur-eskolan, urte eta erditik zazpi urteko eskola baita han. Haurrek bertan jaten dute, bertan lo egiten, leitzen eta eskribitzen ikasten, musika… Gurasoek goizeko zazpietan uzten dituzte haurrak eskolan, eta iluntzeko zazpietan jasotzen dituzte. Horrela da han. Eta eskola horietako batean lan egiten nuen, piano irakasten eta eguberrietako jai eta dantzaldiak antolatzen, eta eskola apaintzen nuen, eta haurrak eskolara sartzean musika jartzen… gauza mordoa! Hemen ikusi dudanez, musika irakaskuntzak ez du presentziarik eskolan. Han, berriz, guztiz bestela da. Tradizio handia du han musikak, hemen tabernak bezainbeste dira han musika-eskolak. Atean-atean dituzu. Nahitaezkoa da han musika ikastea, baina ez denek balio dute horretarako: belarririk ez baduzu, nekez hartuko zaituzte musika-eskolan Khersonen, eta ez duzu tresnarik jotzen ikasterik izango...

Ukrainan bertan nintzen Txernobilen garaian. Zoria lagun izan genuen orduan, haizeak ez zuelako hura dena delako erradiazioa gure aldera ekarri, beste aldera eraman zuelako, guregandik urruti… Jakin dut, bezerok esan dit, Svetlana Alexievitx Nobel saridunak kontatua duela gertatu zena, Txernobilgo ahotsak liburuan ahotsa eman ziola istripua nozitu zuen jendeari, suhiltzaile eta gainerakoen emazteei, baina ez dut oraindik liburua leitu, liburuzalea banaiz ere. Alabaina, Paulo Coelho eta gisakoak leitzen ditut nik orain, psikologia eta horrelakoak. Sartzen naiz Interneten eta nahi dudan huraxe leitzen dut, izan honetaz, izan hartaz. Zernahi, egia esan.

Eta gaztelania pixka bat ikasita nengoen hango eskolan, baina gutxi eta gaizki, eta Gasteiza etorri eta helduentzako eskolan izena eman eta ikasi nuen urtebetez. Bitartean, hartu hiztegia eta harexekin, eta telebista eurrez ikusiz saiatu nintzen, badakizu, betiko albistegiak, betiko formulak, baina inoiz ez nuela gaztelaniarik ikasiko pentsatu ere nuen: «Zer hizkuntza bihurri da hau, ordea?». Negar ere egin izan nuen!... Hizkuntza ikasteko ez dago beste biderik jende artean ibiltzea baino. Estudiatzeak ez du balio, jendearekin hitz egin behar duzu. Etorri nintzen, eta lagun bat egin nuen, lagunak egiten diren moduan, ondoan duzunarekin hizketan hasita. Ondoren, haren ahizpa ezagutu nuen, haren lagunak… zirkulua zabaldu nuen, zertxobait. Lagun gutxi, baina adiskide onak ditut, etorri nintzen garaian egin nituenak. Haietako batek zuzendu ninduen Gasteizen Angulema kaleko mojetara, haiek laguntzeko zeudela esanez. Joan nintzaien, eta laster jarri ninduten haurrak zaintzen. Honetan eta hartan jardun nuen, neure bidea egin nuen arte, arrandegian, arraina zorrotz garbitzen, kanpotik eta barrutik.

Eta esan ere esaten dut, klar eta ozen: Osakidetzaren kolaboratzailerik finena naiz arrandegian lanean, nik garbitutako arrainak ez dio bezeroari arantzarik eztarrian katigatuta utziko, ezta anisakisik ere.

Eta arraina harrigarri hartzen dudala esaten didate. Jendeak esaten dit, eta konturatzen naiz. Egia da gogotik saiatzen naizela bezeroak ez dezan etxera arraina odola dariola eraman, arrainak ez dezan ezkatarik txikiena ere izan. Xuxen eta artez irekia, garbi-garbi etxera eraman eta sukaldean presta dezanean emaitza borobila izan dezan egiten dut nik lan: «Hauxe da, hauxe, arrainaren ederra!», esan ahal izan dezan nahi dut. Eta eginahalean saiatzen naiz arraina garbitzen, pintzak hartuta kentzen dizkiot arrainari arantza guztiak, banan-banan, haren anatomiaren barna ibiliz. Horixe baita nire lana, arrain saltzailearena. Piano irakaslea nintzen Ukrainan. Hango agiriak hemen baliozkotzen saia nintekeen, hemen berriro azterketak egin, haiek gainditu… Aldapa pikoa niretzat: praktika ez nuke eragozpen, baina bai teoria, nik errusieraz ikasi bainuen solfeoa, eta hori korapilo bihurria nuke hemen, musikak hiztegi berezia baitu.

Eta, horrela, bateko eta besteko, hamasei urte joan zaizkit hemen. Azkeneko hamaikak arraina garbitzen, zirujau lanean. Nola egiten duen zirujauak, halaxe disekzionatzen dut arraina nik. Arrandegian egiten dut lan, goizetik arrats, urte guztian. Aurten banuen oporretarako gogoa, baina ez itsaso ez mendi, bertan goxo geratzeko baino: telefonoa itzali, eta atseden hartu, ezer ez egin. Horixe nire gogoa, eta horixe egin dut: ezer ez. Orain berriro lanean hasita, itsasoko arrain bizia bezain fresko naiz, baina badakit egunak igaro ahala nekea pilatuko zaidala, eta, honenbestez, datorren urtean atzera atseden eder bat hartu arte iraun beharko dut, arraina garbitzen, jendearen gustua egiten. Hain xuxen, horixe da nire izenaren esanahia: Lyudmila, «jendearekiko atsegina». Eta halaxe naiz, atsegina. Beti edo gehienean. Kar, kar…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.