Bidea aldatu da, helburuak ez

Gaur hasiko da Euskarabentura egitasmoa, urtebeteko etenaren ostean. Bi txanda antolatu dituzte aurten, eta ez da ibiltaria izango: gazteek ibilbideak egingo dituzte, baina kanpaleku finkoetan egingo dute lo.

Irune de la Maza Euskarabenturako antolatzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egun bateko helmuga hurrengo eguneko abiapuntua zen 2018 eta 2019ko Euskarabenturako parte hartzaileentzat, jzioquitar-entzat. Kamiseta laranjak soinean. Maulen hasi eta Getxon (Bizkaia) amaitu zuten uztail osoa iraun zuen espedizioa, Euskal Herria herriz herri zeharkatzeko bide eman ziena. Ibili, eguneko ekintza edo hitzaldia egin, eta, hankak indarberritzerako, abian zeuden berriz, hurrengo helmugarako bidean.

Gaur hasiko da egitasmoa, Zokoan (Urruña, Lapurdi), baina Donejakue bideari jarraitu ordez, kanpalekuetan antolatuko dira aurten.

Euskal Herriko zein diasporako gazteen artean harreman sare bat sortzeko eta euskararen erabilera sustatzeko sortu zen Euskarabentura, eta 2018ko uztailean egin zuten lehen espedizioa. Euskal Herria zeharkatu zuten 120 gaztek lehen bi aldietan.

Iaz, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten espedizioa, pandemia zela eta, eta erronkak egin zizkieten gazteei, modu birtualean egiteko. Irune de la Maza Euskarabenturako koordinazio taldeko kidea da, eta azaldu du «kolpea» izan zela bertan behera utzi behar izatea: «Bertan behera uztea erabaki genuenerako, antolaketan geunden bete-betean, oso murgilduta, herriak abisatuta, gazteak izena emanda... Bat-batean horrelako erabaki bat hartzea gogorra izan zen», azaldu du antolatzaileak.

Aurten, berriz, egitasmoa ez da hilabete osokoa izango, eta bi txanda antolatu dituzte; bakoitzera 60 gazte joango dira, eta kanpaleku finkoetan egongo dira, hamar egunez. Lehen txanda gaurtik hilaren 11ra egingo dute, Zokoan eta Lekarozen (Nafarroa); bigarrena, berriz, uztailaren 16tik 25era izango da, Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa) eta Aulestin (Bizkaia).

Euskal Herria ezagutzeko helburuak bere horretan jarraituko du. Ez da lehen bezala espedizio ibiltaria izango, baina lehengo formatua «ahalik eta gehien mantentzen» saiatu direla dio De la Mazak: «Egia da ez garela ibiliko herri batetik bestera ibilbidean aurrera egiten, baina goizetan etapak egingo ditugu berdin-berdin, gauden lekuko ingurua behintzat ezagutzeko».

Lo, berriz, zelaietan egingo dute aurten: «Beste urteetan, herriko frontoietan, eskoletako frontoietan, kiroldegietan... egin izan dugu lo, baina aurten, kanpadendetan egingo dugu, leku itxiak saiheste aldera».

Zailtasunak

Plana berregituratu eta egoerara egokitzea ez da erraza izan, ordea, antolatzaileentzat. Testuinguru aldakor batean prestatu dute aurten espedizioa, pandemiaren bilakaera gorabeheratsuak «ezjakintasuna» sortzen zuelako, etengabe. «Gure aldetik gogoa zegoen, babesle eta herriko arduradunen sostengua geneukan, gazteengan ilusioa ikusten genuen... mundu guztia geunden prest, baina ez genekien zer erabaki: pauso bat aurrera egin edo atzera bota».

Izan ere, herri askotatik jaso dituzte bertara gonbidatzeko deiak, baina beste urte batean joatea nahiago zutela esaten zieten: «Herri askotan esan digute ohiko urte batean izanez gero inongo arazorik ez zela egongo, baina aurten... Noski, ulertzen dugu: haientzat ere sekulako ardura da».

Izen emateetan ere igarri dute eragina: iazko espediziorako 350 eskari inguru izan zituzten, eta aurtengorako, berriz, 190 bat izan dira. «Jende askok deitzen zigun esateko: 'Baina egingo da? Izena emango dut?'. Noski, guk ezin genien erantzun ziur bat eman, nahi genuela esaten genien, baina ezin geniela guztiz ziurtatu egingo zenik».

Pixkanaka, ordea, egin beharreko lanak burutu dituzte, eta itxi dute lotu beharrekoen zerrenda. Pandemiak ezin izan du itzali elkarteko kideen eta gazteen abentura grina.

Gazteak, gogotsu

Zailtasun ororen gainetik gazteak gogotsu daudela nabarmendu du antolatzaileak. Azken asteetan, abiatzeko eguna gerturatu ahala, zalantzak argitzeko-eta deitu izan diete, eta gogotsu ikusi dituzte: «Denok nahi dugu etxetik atera, baina gazteengan gogo berezia ikusi dugu. Izena eman nahi dute mila gauzatan, aurten gurekin datozen asko aurretik edo gero beste kanpaldi batera doaz...», esan du antolatzaileak.

Aurten 2004. eta 2005. urteetan jaiotako gazteen txanda da, baina iaz aukeratuak izan ziren hainbat parte hartzaileri ere aukera eman diete Euskarabenturara batzeko: «Elkarteak erabaki zuen joan den urtean parte hartzekoak ziren batzuen izenak gordetzea, 2003an jaiotakoek bigarren aukera galdu zutelako».

Horietako bat da Olatzagutiko (Nafarroa) Paula Gaspar: «Esan zidaten aurten egingo zela eta hautatua izan nintzela». Joan den urtean ikastetxera joan ziren espedizioa aurkeztera, eta izena eman zuen: «Mendira joatea asko gustatzen zait, eta lagunak egiteko aukera da, euskara bultzatuz. Horregatik erabaki nuen parte hartzea», esan du gazteak. Hainbat gauza espero ditu Euskarabenturatik: «Lagunak egitea, ondo pasatzea, mendian asko ibiltzea, eta leku berriak ezagutzea ere bai».

Hainbat bidelagun izango dituzte aurtengo jzioquitarrek ere, Euskarabenturaren helburu diren balioak sustatzeko: parekidetasuna, bizikidetza, ingurumenarekiko begirunea... Urtero bezala, Kike Amonarriz eta Asisko Urmenetak, esaterako, parte hartuko dute. Baina sorpresak ere izango dira, urtero bezala, eta ezkutuan mantenduko dituzte gonbidatu bereziak. Garrantzi handia ematen diete zuzenean nahiz zeharka balio horiek sustatzeari: «Beste urteetan bezala mantendu nahi genituen dinamikak, lanketa ezberdinak... ahal zen neurrian», dio antolatzaileak.

Abentura eredua moldatuta, baina filosofia berarekin abiatuko dute Euskarabentura, behin jzioquitakoa, hau da, piztutakoa, itzali ez dela frogatzeko: «Erakutsi nahi dugu guk hemen jarraitzen dugula, eta sortu zen hori piztuta dagoela oraindik, bizirik mantentzen dela».

Espediziora joan ez direnek sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dute abentura: Facebook, Twitter eta Instagramen @euskarabentura kontuari jarraituta, edo Euskarabentura izeneko aplikazioa deskargatu dezakete hala nahi dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.