Ahaztuen uhartea

Duela bi mende baino gehiago, laurogei esklabo abandonatuta utzi zituzten Madagaskarko Tromelin uhartean, hamabost urtez. Horren berri emateko, Euskal Itsas Museoak 'Tromelin. Esklabo ahaztuen lurraldea' erakusketa jarria du urtarrilera arte.

Ahaztuen uhartea.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ahaztutakoez oroitzea ez da erraza, eta are zailagoa da ahaztutako horien istorioak berreskuratzea. Batzuen iritziz garrantzitsuak ez direlako ahazten dira hainbat pertsona, edo baita haien bizitza kontatzen ez delako ere. Garrantzirik ez zutelakoan, esklaboak ziren eta, laurogei pertsona Madagaskarko Tromelin uhartean ahaztu eta abandonatu zituzten 15 urtez, haien borondatearen kontra.

Zortzi pertsona baino ez ziren bizirik atera uharte hartatik: zazpi emakume eta zortzi hilabeteko haur bat. Tromelin. Esklabo ahaztuen lurraldea erakusketak kontatzen ditu han bizitakoaren nondik norakoak. Donostiako Euskal Itsas Museoan dago, urtarrilaren 8ra arte.

Ikusi gehiago:Euskaldunen presentzia 'L'Utile' ontzian

Asiako eta Afrikako herrialdeetatik produktuak Frantziara garraiatzeaz arduratzen zen Ekialdeko Indietako Konpainia Frantziarra, baita materiala kolonietara eramateaz ere. Asmo horrekin eraiki zuten L'Utile itsasontzia, 1759an. Baionatik atera zen 900 tonako itsasontzi hori, 1760ko maiatzean. Lehen geldialdia Pasaian egin zuen (Gipuzkoa), eta, eskifaia osatu ondoren, azaroan abiatu zuen bidaia. Madagaskar zuen helmuga.

Garai hartan, Europa gerran zegoen: batetik, Ingalaterraren, Portugalen eta Prusiaren artean; eta, bestetik, Frantziaren eta Espainiaren artean, borboiengatik. Zaila zen, beraz, batetik bestera nabigatzea, eta baita herrialde horien kolonietan lurreratzea ere. Ondorioz, L'Utile-ko kapitainak, Jean de Lafarguek, erabaki zuen Pasaia eta Madagaskar arteko ibilbide guztia geldialdirik gabe egitea.



Bost hilabete izan ziren guztira. «Tripulazioan, idazle bat zihoan, eta bere kroniketan azaltzen zuen mirari bat zela bost hilabete horietan inor ez hiltzea». Aitor Buitronena da azalpena, Euskal Itsas Museoko Hezkuntza arduradunarena.

Madagaskarrera iritsi zen azkenean L'Utile, eta Foulpointen lehorreratu zen, zamaren zati bat konpainiaren hango egoitzan uzteko. Kapitainak beste lan bat ere bazuen hirian: esklaboak erostea, eta 20.000 liberarekin 160 esklabo inguru erosi zituen. «Garai hartan, esklaboen kontrabandoa ez zen legezkoa, esklabotza legezkoa zen arren», argitu du Buitronek. Esklaboak legez erosi zituela egiaztatzeko, kapitainak Rodrigues uhartera joan nahi zuen.

Horretarako, ibilbiderik luzeena hartzea erabaki zuen, inork harrapa ez zitzan. Bidean zihoazela, ordea, koralezko harresi bat jo zuten. Ez aurrera ez atzera geratu ziren. «Garai hartako kartografia ez zen oso zehatza; bi karta nautiko zituzten L'Utile-n, eta ez zituzten Madagaskar inguruko uharte txikiak leku berean kokatzen», azaldu du itsas museoko arduradunak.

Marinelak eta ofizialak ihesi

Gau partean, itsasontzia erditik puskatu, eta guztiz hondoratu zen. Esklaboen ia erdiak hil ziren orduan, itsasontziaren sotoan giltzapetuta baitzeuden. Bizirik atera zirenak Tromelin uhartera joan ziren igerian. Esklaboek eta eskifaiak hiru hilabete igaro zituzten elkarrekin bizitzen, eta baltsa bat ere eraiki zuten. Marinelak eta ofizialak igo ziren baltsara, irlatik ihes egiteko asmoz. Itzuliko zirela zin egin zieten esklaboei, baina ez zen halakorik gertatu.

Laurogei bat esklabo geratu ziren Tromelinen, promesa hura noiz beteko. Bitartean, zutenarekin ahalik eta ondoena moldatzea besterik ez zuten. Hasieran, itsasontzitik erreskatatutako janari eta materialekin iraun zuten, eta, gero, ehizatzeari ekin zioten.

2013an, arkeologo talde bat Tromelinera joan zen, indusketa lanak egitera. Frantziak, urte batzuk lehenago, estazio meteorologiko bat eraiki zuen, eta, lanak egin bitartean, ohartu ziren arearen azpian zerbait berezia bazela. Horregatik, ikertzeari ekin, eta uhartean indusketa lanak egiten hasi ziren.

Arkeologoentzat eurentzat ere, gogorra izan zen Tromelinen lan egitea: «Irlak paradisu bat dirudien arren, taldeak esan zuen indusketetan lan egin zuten hiru urteetan bizi baldintzak gogorrak izan zirela», azaldu du Euskal Itsas Museoko langileak.

Lau galderaren erantzunak aurkitzeko asmoz egin zuten indusketa: uhartean bizi zirenek nola lortu zituzten, bai janaria eta baita ura ere; sua nola egin zuten; eta non bizi ziren. «Talde horren lanari esker kontatu dezakegu nola iraun zuten bizirik», Buitronen arabera.



Aztarnak

Dortokak eta kaioak jaten zituzten, baita arrainak ere, baina azken horien aztarna gutxi batzuk baino ez dituzte topatu. Sua egiteko, armek garai hartan izaten zuten suharriak erabiltzen zituzten, itsasontzitik berreskuratutakoak. Suarekin, kozinatzeaz gain, metala lantzeko labe bat egin zuten. Horrela, egunerokoan erabiltzen zituzten tresnak egiten zituzten, hala nola platerak, aiztoak eta koilarak. Irlaren gunerik gorenean, sei bat metroko garaieran, putzu bat ere topatu zuten.

Uharteko haize bortitzei eta eguraldi aldakorrari aurre egiteko, etxe sendoak eraiki zituzten, han topatu zituzten harriekin. «Etxe oso txikiak ziren, beroa egiten zuenean fresko mantentzeko. Pareta zabalek zutik eusten zieten etxebizitzei, nahiz eta ikusi zen berreraiki egin behar izan zituztela», zehaztu du Itsas Museoko langileak.

Urteek aurrera egin zuten, eta bizirik irauten zutenen kopuruak ere behera egiten zuen. Esklaboak erreskatatzeko bi saio egin zituzten. Lehenengoan, hiru gizonezko eta hiru emakumezko eramatea lortu zuten, baina ez zen haien berririk izan, eta ez dago jakiterik onik lehorreratu ziren edo ez.

Bigarren erreskate saioa 1775. urtean izan zen. Zazpi emakumezko eta zortzi hilabeteko haur bat erreskatatu zituen Jaques Marie Lagunuy de Tromelin kapitainak gidatutako espedizioak. Uhartean geratzen ziren guztiak. Kapitain hark erabaki zuen irlari Tromelin izena jartzea. Madagaskarrera iristean, esklabo guztiak askatu zituzten.

Buitronek azaldu duenez, indusketak egitean hiruzpalau plater bata bestearen gainean jasota topatu zituzten etxe batean, jasotzeko astirik eman ez zien seinale: «Erreskatatzera joan zirenek segituan eraman zituzten geratzen ziren zortzi pertsonak».



Esklabotza bertan behera

Tromelin uhartean gertatutakoa mugarri bat izan zen Frantziarentzat. Buitronen hitzetan, esklabotzaren kontrako iritzi kritikoak azalduz joan ziren, tartean Rylan abadearena: «Nola sinistuko diozue, barbarook, gizon bat subirano batena izan daitekeela, emakume bat senar batena, eta beltz bat kolono batena», esan zuen garai hartan. «250 urte geroago ere, zoritxarrez, gaurkotasuna du esaldi horrek», azpimarratu du Buitronek. Esklabotzaren kontra agertzen ziren iritzi gehienak Elizari lotutako jendearenak ziren, apaiz eta abadeenak, esaterako. Frantziak 1791. urtean debekatu zuen esklabotza, Frantziako Iraultzaren ostean, iraultzaren balioek ez baitzuten bat egiten esklabotzarekin.

Tromelin. Esklabo ahaztuen lurraldea erakusketa datorren urteko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Euskal Itsas Museoan. Museoa asteartetik igandera dago irekita, igandean goizez soilik. Erakusketa doakoa da, et,a informazio gehiago behar izanez gero, www.itsasmuseoa.eus webgunea kontsultatu daiteke.

Orain arte joan diren bisitariak istorioarekin harrituta geratu direla kontatu du Euskal Itsas Museoko Hezkuntza arduradunak: «Esklabotzaz hitz egiten denean, beti pentsatzen dugu Amerikako kontinentean gertatu zela, eta ez da hala. Gure inguruan ere elementu eta erreferentzia ugari daude esklabotzatik eratorriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.