Lucia Urrutia. Erroko estazio meteorologikoko behatzaile ohia

«Gai nintzen sumatzeko izoztu eginen zuela edo elurra eginen zuela»

Erroko tenperaturak eta prezipitazioak neurtzeko ardura izan du Urrutiak 45 urtez. Eguneroko lan boluntarioa ez da zama izan harentzat. Lekukoa esku onetan utzi duela ziurtatu du.

ELUTSEDER.
Iker Tubia.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Egunero-egunero, ohatzetik jaiki, eta berehala ateratzen zen etxearen atzealdean paratua zuen etxola meteorologikora, koadernoa eskuan. Letra txukunez gordetzen zituen tenperatura maximoa eta minimoa, baita ur kantitatea ere. Neguan, 09:00etan, eta, udan, ordu aldaketarengatik, 10:00etan. Hala ibili da Lucia Urrutia (Erro, Nafarroa, 1932) azken 45 urteetan, bera izan baita Erroko estazio meteorologikoko behatzailea Gloria Cerdan ilobari lekukoa pasatu arte. Abenduaren 18a izan zuen azken eguna. Kalean, behe lainoa eta antzigarra. Egun hartan -2 gradu ziren goizeko bederatzietan. Hori izan zen eguneko tenperatura hotzena, eta termometroak 14 gradu markatu zituen gehienez. Behatzaile ardura burutik kenduta, telefonoz erantzun die galderei, alabaren ondoan. Pandemiak distantzia eskatzen badu ere, hariak gerturatu du haren ahotsa.

Nola hasi zinen behatzaile lanarekin?

1975. urtean, ukuilua konpontzeko diputazioko arkitekto bat genuen hemen, eta aitari proposatu zion ea tenperaturak hartuko ote zituen. Aitak ez zuen zaletasun handirik, baina esan zion: «Tira, alabak eginen du». Orduz geroztik, ni ibili naiz lan hori egiten 45 urtez, abenduan utzi nuen arte.

Lehenago beste inor aritu zen?

Ez, ez. Gu izan ginen lehenbizikoak Erron, ni hasi nintzen lan hau egiten. Lehenago ez zen estaziorik hemen.

Nola gogoratzen dituzu lehenbiziko urte haiek?

Egunero joan behar nuen etxola meteorologikora. Tenperatura minimoa eta maximoa begiratzen nituen, eta gero ura ere begiratzen nuen, eta idatzi behar nuen ea antzigarrik ba ote zegoen edo euririk egin ote zuen. Bi koadernotxo nituen, bata urarentzat eta bestea tenperaturentzat, eta gero, hilabetean behin Zaragozara bidaltzen nituen datuak txartel batzuetan, Espainiako Meteorologia Agentziara.

Postaz bidaltzen zenuen azken urteetan ere?

Ez, 1990etik aurrera telefonoz egiten nuen lan bera, eta orduan egunero ematen nizkien datuak. Hala ere, ez nion txartelak bidaltzeari utzi. Orduan, Nafarroan hartu zuten ardura. Nafarroako Gobernutik tarteka deitzen zidaten galdetzeko ea zer moduz nintzen. Egia esan, oso jatorrak ziren. Asko gogoratzen naiz Montserekin, adibidez.

Zer gertatzen zen egun batean etxolara joaterik ez bazenuen?

Alabei uzten nien ardura, eta gero ni arduratzen nintzen datuak telefonoz emateaz. Tira, batzuetan haiek beraiek bidaltzen zituzten.

Eta alabak txikiak zirenean?

Orduan ezin nuen inoren esku utzi; beraz, egunero egin behar nuen. Ezin nuen hutsik egin. Azken urteetan gehiago utzi dut; denbora asko neraman, eta ezin nuen beti egin.

Errotik kanpo denbora luzez ez zara egon, beraz?

Ni hemen egon naiz beti: hemen bizi naiz. Baina, behin, oporretara joan ginen Amerikako Estatu Batuetara. 27 egun egon ginen han senarra eta biok, nire anaia bat han bizi zelako. Tarte horretan, lana alabek egin zuten.

Noizbait astuna egin zaizu lana?

Ez, ez. Inoiz ez da zama bat izan. Esnatu bezain pronto gogoratzen nintzen termometroa eta ura ikustera atera behar nuela. Gustuz egiten nuen.

Baina lan hori boluntarioa zen. Izanen zenuen beste zereginik, ezta?

Behiak genituen, esne behiak, eta ardiak, hemen dugun borda batean. Beraz, senarrak eta biok esnea ateratzen genien, eta marmitatan sartu, gero esne biltzaileari emateko. Berak Copelechera eramaten zuen. Guk marmitak ateratzen genituen, eta haiek biltzen zituzten; gero, ongi garbitu eta desinfektatu. Aurrerago, tanga paratu genuen, eta hiru egunean behin etortzen ziren esne guzia biltzera.

Zer garrantzi du estazio meteorologikoaren lanak?

Zaragozatik eskutitzak bidaltzen zizkidaten eskerrak emanez, lan oso garrantzitsua baitzen. Gero, meteorologian ari zirenentzat ez ezik, herriko jendearentzat ere baliagarria zen. Jendeak galdetzen zidan beti: «Euria egin du? Antzigarrik bada?».

Erroko eguraldiaren emakumea bihurtu zinen?

Bai, bai, hori da.

Etxola zuen etxean zegoen?

Bai, gure etxearen atzeko aldean dugun lursail batean genuen paratua. Tarteka etortzen ziren kabina ikustera: termometroa, plubiometroa eta probeta ongi ote zeuden ikustera.

Lan honekin hasi aurretik, meteorologiaz bazenekien?

Ez, ez nekien deus ere. Hau proposatu zidanak azaldu zidan nola egin behar nuen lana. Oso gizon jatorra zen, eta berak erakutsi zidan jakin beharreko guzia.

Baliagarria izan zaizu eguraldiaz gehiago jakiteko?

Ba, bai. Oraintxe bertan, badirudi euria mehatxuka ari dela. Uste dut lan honekin ikasi dudala, eta, adibidez, gai nintzen sumatzeko egun batean izoztu eginen zuela edo elurra eginen zuela. Gauean, kalera atera, eta esaten nuen: «Ene, horma eginen du». Eta biharamunean dena zuri-zuri, antzigarra nonahi.

Bada egun bereziren bat? Egun gogorren bat, gogoan iltzatuta gelditu zaizuna?

Bai, gogoan dut arratsalde batez sekulako ekaitza bota zuela. Oso denbora gutxian 110 litro bota zuen hemen. Egun hori gogoan gelditu zait: sekulakoa izan zen. Ur pila bat jaisten zen kaleetan behera. Argi nuen asko zela; beraz, estaziora joan nintzen eta han begiratu nuen datu zehatza. [1993ko irailaren 23an izan zen].

Eta gertatu zaizun gauzarik arraroena? Istorio bitxiren bat?

Bestetan kasu eman behar zen, plubiometroa ez zezaten desmuntatu. Ez beti, urteren batean gerta zitekeen. Biharamunean ikusten genituen bestaren ondorioak, ea euria egin zuen edo norbaitek pixa egin zuen. [Irri egin du]. Tira, hori soilik behin gertatu zen.

Orain etxola ez duzu etxe ondoan, ezta?

Ez, orain nire ilobak du. Nafarroako Gobernuko teknikariek estazioa desmuntatu eta haren etxera eraman zuten; beraz, etxe berrian dago. Primeran utzi genuen.

Behatzaile ibili zaren urteetan eguraldia aldatu dela sumatu duzu?

Bai. Lan honekin hasi nintzenean elur gehiago botatzen zuela uste dut.

Eguraldia ez ezik, herria ere aldatu dela uste duzu?

Bai, bai, anitz aldatu da. Tenperaturen kontu honekin hasi nintzenean, bost-zazpi abeltzain zeuden esne behiekin; orain, bat ere ez. Orain dauden abeltzain guziek haragitarako behiak dituzte. Garai hartan, etxeen azpian genituen ukuiluak, baina, orain, bordatan daude, urrutiago.

Eta jende gutxiago bizi da?

Ez pentsa, orain gazteak herrian geratzen dira. Hau asko aldatzen ari da: batzuek hartzen dute etxeren bat alokairuan, eta nahi bezala bizi dira. Gazteak hemen gelditzea edo hona etortzea oso garrantzitsua da; niri poz handia ematen dit ikusita gazteek hemen etxeak alokatzen dituztela. Gazteei herria gustatzen zaie, asko, eta badira beren etxea egin dutenak ere. Iruñera joan baino, nahiago dute hemen geratu, eta horrek asko biziberritzen du herria.

Zergatik utzi duzu behatzaile lana?

Ene, nik erretiroa hartzeko adina dut dagoeneko! Edozein egunetan pasaportea prestatu beharko dut ba. Orain Gloriari pasa diot lekukoa, Erron bizi den nire iloba bati. Herriko ile apaintzailea da. Egia esan, oso fin aritzen da; oso ongi darama. Hasieran harekin batera aritu nintzen, erakusten nola hartu tenperaturak eta abar, baina orain bikain ari da. Hasieran galdetzen zidan nola egin antzigarrik baldin bazen, edo bestelako zalantzak ere bai, baina berehala ikasi zuen.

Hala ere, galdetzen diozu ilobari ea zer eguraldi egin duen?

Bera errepidearen beste aldean bizi da, eta ni, herrian; beraz, ez dugu beti elkar ikusten. Ni ez naiz horren arduraduna; ez naiz kezkatzen dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.