Jesus Mari Alegria, 'Pinttu'. Musikaria

«Hezkuntza eta kultura erein ezean, ezjakintasuna jasoko dugu»

Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko lehendakaria da Alegria; elkartasuna eta musika izan ditu bidelagun, eta «beste mundu bat» nahi du, egia oinarri izanda.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Izen-abizenez baino gehiago, segur aski ezizenez ezagunagoa da Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko lehendakari Jesus Maria Alegria Pinttu (Araia, Araba, 1949). «Ia-ia» amak bakarrik deitzen omen zion izenez, edo bai behintzat nerabezarotik aurrera: «Margolaria nuen aita, eta batzuek horregatik deitzen zidaten horrela; beste batzuek pintada bat leporatzen zidaten, nahiz eta uste dudan ez nuela nik egin». Dena den, pintura baino gehiago, musika izan du batik bat bidaide, eta berori erabili du tresnatzat elkartasunari ere bide emateko. Erretiratuta dago egun, baina ez du geldi egoteko asmorik.

Musika eta elkartasuna izan dituzu ardatz. Baina zein lehenago?

Herriko kioskoaren ondoan jaio nintzen, eta musika akademiaren entseguak entzutera ohituta nengoen. Txikia nintzela jada amets egiten nuen musikarekin, eta antzerkia ere gertukoa nuen; giro horretan hazi nintzen. 6 urterekin solfeoa ikasteari ekin nion, herrian, baina sistema arkaiko samarra zen; ez zen batere alaia. 12 urterekin utzi nuen, eta txistuarekin hasi nintzen. Areago, Euskadiko txistulari bandarik gazteena izan ginen.

Baina debekuak izan zenituzten.

Txistuak kendu zizkiguten, eta baita jantziak ere, udaletik. Eta Guardia Zibilak ere behin baino gehiagotan debekatu zidan txistua jotzea. Pentsatzen zuten jende masak mugitzen nituela, baina Araian zegoen masa bakarra okinarena zen!

Egingo zenituen tranpatxoak ere.

Sanferminetara egiten nuen ihes, eta baita Gasteizko jaietara ere. Araian, noiz edo noiz ere jotzen nuen, eta, gainera, bazegoen «influentzia txarra» zen txistulari bat, Guardia Zibilaren arabera, eta ni bere bidetik ei nioan. Musika bandan ere sartu nintzen; helduak ziren, eta, lehen, zaharrek irakasten zieten gazteei, baina niri ez zidan inork irakatsi. Behin tronpeta jole batek ikusi ninduen aulkia bi sardexkarekin jotzen, eta bateria jotzeko hartu ninduten. Baina baita gehiago ere: egun batean saxofonistak huts egin zuen, eta ni jarri ninduten bere lekuan... Eta ahal nuen eran jo ere! Bada, solfeoa laga arren, musikak ez nau inoiz utzi.

Soldaduskan ere lagun izan zenuen.

Bai, tronpeta jolea izan nintzen! Eta etorri bezain laster ere, Olatzagutiako [Nafarroa] lehiaketa batean hartu nuen parte.

Nolatan?

Soldaduskatik iritsi berritan, goizaldeko bostetan, lagun nafar batzuekin, olatzagutiarrekin batera aritu ginen mahai gainean abesten, zeharkako flauta jotzen eta beste, hurrengo goizean nire bila etorri ziren arte... Goizeko hamarrak ziren, eta sekulako biharamuna nuen! Ez dut pentsatu nahi zer-nolako estanpa ikusi zuen amamak, hark ireki baitzien atea...

Zer nahi zuten?

Haien herriko jaialdi batean parte hartzera joatea. Hiru Lagunak izenarekin hartu genuen parte, ez baikeneukan besterik, eta hala baikinen: hiru lagun. Pentsa, Oskorriren aurretik jarri ginen, irabazi egin genien!

Hor jarri zuen arreta Natxo de Felipek zuregan ere, talderako.

Hala da, eta oso pozik egon nintzen. Bixente Martinezekin, Anton Latxarekin eta Natxorekin elkartu nintzen, eta seiscientos batean mugitzen ginen batetik bestera. Gustuko nuen, euskal kultura gure inguruan eta ondoren Euskadin mugitzeko modu bat zen, izugarria. Garai konpultsiboak ziren, eta jende inplikatua ezagutu nuen. Tartean zegoen [Gabriel] Aresti, eta lagun mina egin nintzen. Bertso bat ere egin zidan! Baina galdua dut.

Bada, zer-nolako garaiak ziren?

Kontrol uneak ziren oro har, eta gogoan dut Oskorrirekin jo nuen lehen egunean Legution [Araba] atxilotu gintuela Guardia Zibilak. Fusila jarri ziguten buruan, eta ez mugitzeko agindua eman; horretarako asmorik ez bagenuen ere... Bi aurrez fitxatuta geunden, eta Gasteizen amaitu genuen; sekulako nahastea izan zen.

Ez dira gertakari samurrak.

Ez, eta ezta taldearentzat ere. Jende askok salatzen zuen espainolista zela, baina nabarmendu behar da, eta Natxori omenaldi gisa ere, Europako folk talderik onenetakoa izan dela, eta bizia ere jokatu duela, ukaldiak, poliziak eta beste egon direlako batzuk gaizki informatuta egoteagatik. Ia beti joaten ginen errefuxiatuentzat jotzera, erretako baserrientzat... Garrantzitsua izan da elkartasuna, eta memoria historikoa ere inportantea da. Hau da, nahi ez dudana da euskaldunon aldeak alzheimerra izatea.

Are, gerora zu joan behar izan zinen Baionara, 1974an...

Bai, Erasmus bat egin nuen estatu frantsesean, hiru urtekoa, eta hor ere jende interesgarri askoa ezagutu nuen: Niko Etxart, Maite Idirin, Pantxoa eta Peio... Jende oso kuriosoa eta maitatua dudana oraindik ere, Euskadi ikusteko beste modu batekin. Itzultzean, Gorka Knorrekin aritu nintzen.

Zertan?

Musikarekin berriro ere. Alemanian egon ginen, Venezuelan, Madrilen, Bartzelonan... Baina gero utzi egin nuen, bizitzak beste norabide batzuk hartu zituelako. Pena eman zidan, baina musikak atzetik jarraitzen dizu. Pixkanaka, iraultza egiteko eta eboluzioa egiteko beste modu batzuk ikusten dituzu, botereekin-eta topo eginda, eta herria egiten saiatzen zara.

Beharrezkoa al da herria egitea?

Orain, adibidez, hauteskundeetan herrietara doazen politikari asko daude, baina lau urtean ahaztu egiten dira herria egiteaz, herriak mantentzen dituen arren. Pentsamendu hori hor zegoen, eta Kubara joan nintzenean bete-betean eutsi nion. Azaldu zidaten nola haur batzuek telefono lineatako kableak lapurtzen zituzten biolinari jartzeko, eta zerbait egin beharra zegoela pentsatu nuen. Eta hor hondatu zen berriro ere guztia.

Hain justu, hori izan zen Mugarik Gabeko Musikariak elkartearen lehen aitzindarietako bat.

Bai. Eusko Jaurlaritzak laguntza bat eman zigun, eta gainontzekoa xantaia emozionalari esker eskuratu genuen. Instrumentuak eraman genituen hara, eta behar zenean lagundu. Horrek erakarrita, Gasteizko Udal Bandako klarinete jolea eta pertsona ezin hobe Begoña Divar konbentzitu nuen, komatxo artean, eta baita beste hainbat lagun musikari ere. Eta era horretan sortu genuen elkartea duela 28 urte.

Zer helbururekin?

Hasierako asmoa zen behar gehien dituzten haurrei musikaren bitartez laguntzea, baina ondoren giza eskubideen aktibismoari ere ekin genion. Esate baterako, Ekialde Hurbileko Bakearen eta Adiskidetasunaren aldeko Foroarekin egin ditugu gauza batzuk, juduekin eta palestinarrekin, alegia, eta, horrez gain, badugu instrumentu banku bat ere. Horri esker, tona bat instrumentu bidali dugu Irakera, ISISek bahitutako emakumeentzat, eta baita Siriako haurrentzat ere, besteak beste. Baina laguntza pixka bat behar dugu.

Laguntzaz gain, egiaren beharra ere azpimarratzen duzu...

Galdera baita ea zer egin behar dugun hemendik aurrera. Egia iraultzailea da, eta, egiarik ez badago, ez dago iraultzarik, bakarrik hipokrisia. Elkarrizketa, hitza bera da gaur egungo arma, eta hezkuntza eta kultura horretarako tresnarik errentagarrienak; horiek erein ezean, ezjakintasuna jasoko dugu, eta zer eragiten du horrek? Gerrak, eta era guztietako kontuak; eta, noski, baita berekoikeriak ere... Hor duguna egun ere. Beraz, agian zentzuaren, egiaren eta demokraziaren alderdi globalizatu bat da behar duguna; jokatzera bagoaz, jokatu dezagun guztiok egiaren alde. Errua botatzen diogu elkarri, baina ez ditu inork soluzioak planteatzen.

Horretarako, musika eta elkartasuna ere behar dira?

Bai, noski. Globalizazioak negozio guztia globalizatu du, baita merkatuak ere, baina ez du ez ongizatea, ez ekologia, eta ezta gizateria ere globalizatu. Gizartea heztean dago orain arazoa. Txikitan uste genuen etorkizuna sekulakoa izango zela, XXI. mendea alegia, baina okerrago gaude. Nazio Batuen Erakundea hil dugu, giza eskubideak berrasmatu behar ditugu, eta, beraz, gainontzeko guztia, baina ja, gaur gauerako berandu izan baitaiteke. Mundu berri bat behar dugu, eta bi kontuek beharrezkoak behar dute izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.