GAKOAK

2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Eremuz eremuko azterketarekin batera, bestelako informazio adierazgarria ere badu Nafarroako mapa soziolinguistikoak. Hona zenbait giltzarri:

1. Dentsitatea. Konbergentziarako joera bat nabari da datuetan. Gero eta jende gehiago bizi da gutxieneko euskaldun portzentajea baduten herrietan. Argia da aurrerapausoa: 1991n, nafarren %89 bizi ziren euskaldunak %10 baino gutxiago ziren herrietan; orain, %34. Aurkako egoerari begiratuta, jaitsieratxo bat nabari da: %80tik gora euskaldunak diren herrietan, nafarren %2,2 bizi dira —orain dela hamar urte, %4,7 ziren—.

2. Gazteak. Euskararen aurrerabidearen itxaropena gazteen artean dago erabat. Euskaldunen portzentajerik handiena 24 urte baino gazteagokoen artean dago. Oso handia da igoera: 14 urtetik behera, %30 gai dira euskaraz hitz egiteko —%15 ziren 1991n—, eta 15-24 urte artean, %23 —orain hogei urte, %9—. Euskara ahulago dagoen eremuetan, gainera, gaztetxoek ekartzen dute etxeetara erabilera handiagoa; bai euskaraz, bai euskara eta gaztelania tartekatuz.

3. Hezkuntza. Berebiziko eragina izan du eskolak euskalduntzeko prozesuan, eta hori bereziki nabari da eremu mistoan eta ez-euskaldunean. Oso igoera handiak nabari dira gaztetxoen artean. Eremu mistoko datuak: 14 urtetik behera, %32k dakite euskaraz —%12 ziren orain hogei urte—; 15-24 urterekin, %24k —%6 ere ez ziren 1991n—. Eremu ez-euskaldunean ere igoera handia: %12 haurrek dakite euskaraz, eta %18k ulertzen dute; 1991n, %1,8an zeuden bi aldagaiak.

4. Etorkinak. Biztanleria nabarmen handitu da mapak aztergai dituen hogei urteetan. Horrek dakar, kasu batzuetan, proportzioan pisu gutxiago izatea euskarak zenbait aldagaitan, nahiz eta kopuru absolutuetan galerarik ez izan. Aintzat hartzekoa da etorkinen kopuruaren igoera: 71.600 dira Espainiaz kanpokoak; hamar urtean hirukoiztu baino gehiago egin da kopurua. Eremu euskaldunean dago etorkin portzentaje apalena: %6 dira; mistoan, %11, eta ez-euskaldunean, %12.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.