Transexualitatea. Elkarrizketa

Gerard Coll-Planas eta Miquel Misse Medikuntzatik kanpoko erantzunak

Transexualitatearen inguruan zabaldutako diskurtso biomedikoarekin oso kritikoak dira Misse eta Coll-Planas soziologoak. Norbere bidea bilatzea aldarrikatzen dute.
Gerard Coll-Planas, ezkerrean, eta Miquel Misse, eskuinean.
Gerard Coll-Planas, ezkerrean, eta Miquel Misse, eskuinean. BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2015eko ekainak 28
Transexualitatea eritasun gisa ulertu dute osasun sistemek eta gizarteek azken mende erdian, baina gero eta aditu gehiago ari dira auzitan jartzen ikuspegi horrek ekarri dituen diskurtso eta jardun medikoak. Gaia sakon jorratu dute Miquel Misse (Bartzelona, 1986) eta Gerard Coll-Planas (Cardedeu, Herrialde Katalanak, 1980) soziologoek. Missek aktibismotik eta bizipenetatik —transexuala da— ikuspegi politikora egin du jauzia; eta Coll-Planasek LGTBI identitateak nola eraikitzen diren aztertu du. Euren ustez, gizartearen egitura sexistak sortu du genero nortasunarekiko ezinegona: emakume eta gizon izateko ereduak hain muturrekoak izanda, normaltzat dute zenbait pertsona zurruntasun horretara ez egokitzea. Eztabaida berriak jarri dituzte mahai gainean; tartean, transexual batzuk deseroso sentiarazten dituztenak.

Zein eragin du transexualitatearen patologizazioak transexualen bizipenetan eta autopertzepzioan?

MIQUEL MISSE: Jende askorentzat askapena da. Ez patologizazioa bera, baizik eta hitza —gertatzen ari zaiena azaltzen dielako—, eta berekin dakartzan tratamenduak. Ez dute sentitzen identitatea patologizatua balute bezala, baina patologizazioa ezin da banatu transexual kategoriatik. Arazoa da denborarekin konturatzen direla kategoriak tranpa batzuk dakartzala: hitzak berekin dakar zuk duzula arazo bat.

GERARD COLL-PLANAS: Transexualitatea paradigma bat da: esaten dizute zuri hau gertatzen zaizula, azalpen horrek babes zientifikoa duela eta konponbide bat emango dizutela. Hori hautsi nahi duen diskurtsoa ez da hain argia, eta ez du lasaitasun bera ematen, eskatzen duelako erlaxatzeko, unean uneko egoera aztertzeko, ziurgabetasuna barneratzeko, eta norbere bidea bilatzeko, ez baitago bide markatu egoki bat. Hori da diskurtso kritikoaren arazoa: biderik ez duela jartzen.

M. M.: Eta ez dela azalpen posible bat. Gertatzen ari zaizuna beste modu batera uler daitekeela konturatzen zaren arte, denbora asko pasatzen da. Egonezina sentiarazten dizun horren inguruko egia absolutu bat dago, eta oso zaila da hori haustea; sufrimendu handia eragiten du.

G. C.: Baina noiz ohartzen dira paradigma medikoaren barruan egoteak dakarren kostuaz? Une giltzarri batzuetan agerian geratzen da gatazka: pertsona helduak izan arren, medikuei transexualak direla erakusten eta konbentzitzen ibili behar dute.

Halere, diskurtso horren tresna nagusia argudio zientifikoa da: transexualitatea kontu biologiko bat da; beraz, ez da inoren errua, ez pertsonarena, ez inguruarena. Teoria horrek dio gorputza eta burmuina norabide desberdinetan doazela, haurdunaldian gorputzari hormona femeninoak igorri zitzaizkiolako eta burmuinari maskulinoak, edo alderantziz. Auzitan jarri ezin den marko zientifikoak erruduntasuna desagerrarazten du. Azalpen horren arazoa da ezin dutela demostratu, egungo ezagutza zientifikoan behintzat; hori frogatzeko, jaio aurretik edo jaioberritan hildako baten garuna aztertu beharko lukete, baina ezingo lukete jakin pertsona horrek zein genero garatuko zukeen bizi izanez gero. Teoria horren zilegitasuna auzitan jartzeko modukoa da, beraz.

Transexualitatearen jatorria ikertzea transfoboa al da?

M. M.: Ez luke izan behar. Gizakiok jakin nahi dugu zergatik garen garen bezalakoak, eta galdera filosofiko horiek egin egin dira historian zehar. Arazoa da erantzunak ikerketa zientifiko biomedikoak ematen dituela egun, eta helburu dutela demostratzea transexualitatea ez dela normala, osasuntsua edo naturala.

Hortaz, ba al dakigu zein den transexualitatearen jatorria?

M. M.: Transexualitatea asmatu egin dugu. Irakurketa medikoak erabat baldintzatuta dauka: interpretazio mediko bat da, arazo bati —hala izenda badezakegu— edo egonezin bati konponbide teknologikoak ematen dizkiona. Pertsona batek ebakuntza eginez sexua aldatzeko aukera edukitzea oso ideia modernoa da.

G. C.: Niretzat galdera giltzarria da zergatik daukan norberak genero nortasun jakin bat; hau da, transexualitatearen jatorriaz baino gehiago, genero identitateen jatorriaz egin beharko genuke galdera: nola eraikitzen garen. Oso ideia indartsua da mundu guztiak egitea gogoeta hori, ez soilik transexualek. Bakoitzak bere erreferenteen arabera eraikitzen du identitatea. Hala, niri a priori ez zait arraroagoa iruditzen mutil gisa jaiotako bat neska sentitzea: mutil jaio eta mutil sentitzen denaren prozesu berdina egin du, konplexutasun berarekin; kontua da bata bestea baino hobeto moldatzen dela araura. Izan ere, araua da arraroena: finean, inor ez dator arauarekin bat.

M. M.: Beti egon dira ezartzen zitzaien generoan bizi izan ez diren pertsonak, garai batean egun bezala ezartzen bazitzaien. Hori ere transexualitatea zen? Halere, ez dago sobera ohartzea hitz horiek asmatu egin ditugula sentitzen duguna azaltzeko eta zentzua emateko. Transexualitatea identitate bat da, baina ez naiz ni; niri balio didan hitz bat da.

G. C.: Hitz horiek beharrezkoak dira, kategorietatik edo arautik kanpo daudenentzat batik bat; eta maila politikoan beti izango dira baliagarriak. Baina, denborarekin, osasuntsua da auzitan jartzea zein lotura duen kategoriak norbere bizipenekin: hitzak ez du nire bizitza osoa esplikatuko.

Beti izan badira trans bizipenak eduki dituzten pertsonak, zergatik sortzen dute bizipen horiek horrenbesteko ezinegona orain? Gizon eta emakume ereduak zurrunagoak al dira egun?

M. M.: Genero estereotipoen bilakaera historikoaz ezagutza sakonik ez dudan arren, uste dut gizon edo emakume izateak atribuzio gehiago dituela egun garai batean baino. Oso gauza oinarrizkoetan antzematen da: arropak, perfumeak, liburuak... Genero merkadoteknia itzela dago, eta etengabe egiten gaitu diferente. Nik argi dut: emakume eta gizon kategoriak gero eta indartuago egon, orduan eta behar handiagoa egongo da batetik bestera igarotzeko. Iruditzen zait beste gizarte batzuetan kategoriak ez zirela hain hermetikoak eta, batik bat, ulertu egiten zela pertsona batzuk ez identifikatzea esleitutako generoarekin.

G. C.: Ez nago erabat ados. Iruditzen zait gizon eta emakume izatearen pertzepzioa erlaxatu egin dela, aukerak zabaldu direla. Ez dut uste esan dezakegunik egun genero diferentziak duela 50 urte baino indartsuagoak direnik.

M. M.: Baina ez al zaizu iruditzen transexualitateak hori indartzen duela? Lehen, gizona ez bazinen, gauza asko izan zintezkeen emakume izan baino lehen; baina gero eta leku gutxiago dago beste gauza horietarako, teknologiak saltzen dizulako emakume bihur zaitezkeela. Luma desagertzen ari da. Nire pertzepzioa da nerabezaroko transexualitatea izaten ari den gorakadak lotura handia duela beste garai batean luma handiko maritxuak edo butch bollerak izango zirenekin.

Hortaz, uste duzue sexua aldatzeko aukera egotea transexualitatea elikatzen ari dela?

M. M.: Bai. Eta berekin dakarren publizitatea. Interneten ┬źgizon transexuala┬╗ bilatuz gero, gizon lirainen irudiak agertzen dira. Transexualitate maskulinoaren kasuan —femeninoarekin alderatuta, saltzen errazagoa baita—, gizon eredu eder hori saltzeko joera bat dago. Pentsarazten dute transexualitatea dela emakumetik gizon ederrera igarotzea, edo gizonetik emakume ederrera. Ilusioa saltzen dute, eta hori oso arriskutsua da. Trans emakumeei zirujauak ez die aurrekontua prestatzen ebakuntzen bidez izan daitezen haien ezaugarri fisikoen andrazko bertsioa, baizik eta emakume ederrak sortzeko: ebakuntza pila bat proposatzen die.

G. C.: Gai horren harira bi kontu daude, ez berariaz transexualitatearekin lotuta. Batetik, medikalizazioa: gero eta jokabide gehiago patologizatzen ari dira, horiek tratatzeko gero eta botika gehiago sortzeko. Eta, bestetik, gorputza aldatzeko teknologiaren hedadura eta horrek dakarren eredua: norbere burua nabarmentzea txalotzen duen gizartea, bere buruan eta gorputzean zentratutako pertsonak... Horrek pertsona guztiei eragiten die: besteei begira eraikitzen dugu gure subjektibotasuna, eta prozesu horretan gorputzak oso rol esanguratsua dauka, estetikarekin lotuta.

M. M.: Ildo horretan, haurtzaroko transexualitatearekin lotuta, uste dut oso garrantzitsua dela trantsitoa egitear daudenei azaltzea trans pertsonak izango direla. Mutil batek neska izateko trantsitoa abiatuko duenean, esplikatu behar zaio ez dela emakume bat izango, trans emakume bat baizik; ezaugarri fisiko batzuk ezingo dituela desagerrarazi. Alegia, zorte handia eduki ezean, kalean trans emakumetzat identifikatuko dute; hori ukatzeak sufrimendu handia sortzen du gerora. Eta irudipena daukat haurren trans esperientzia hori desagerrarazten saiatzen ari direla: trantsitoa ahalik eta azkarren egin nahi dute, umeek gorputzaren gaineko bizipen horiek ez edukitzeko. Identifikatzeko aukera oro ezabatzeko ahalegin horiek tranpa dira: kanpora begira funtziona dezake, baina barrura begira beti eramango dute motxila hori. Ume horiek ez baitira izango besteak bezalakoak: segur aski bizi osoan medikatu beharko dira, orbainak izango dituzte, ezingo dira ugaldu...

Nola elikatu du patologizazioak okerreko gorputzaren ideia?

M. M.: Lehen galderara itzulita: zein eragin dauka patologizazioak? Arazoa pertsonaren gorputzean zentratzea dakarrela. Egonezina badago, ez du medikuntzak asmatu, eta, gizartearen arabera, handiagoa edo txikiagoa izango da. Baina egonezin horren erantzuna gorputza aldatzea izatea nahiko konponbide konplexua da. Gorputz hobea eduki zezaketen pertsona asko ezagutzen ditut, eta segur aski nik nirearekin ditudanak baino arazo gehiago dituzte berenekin. Baina nik badut horretaz kexatzeko nolabaiteko legitimitatea.

G. C.: Diskurtso patologizatzaileak ez du ezer egiten gorputzarekiko sufrimendu hori baretzeko. Adibidez: transei esaten diete normala dela ez masturbatzea, beren genitalak arbuiatu behar dituztelako; areago, hori diagnostikorako irizpide bat da —eta trans batzuk masturbatzen dira, baina ezin diote medikuari esan euren genitalekin gozatzen dutela—. Esplizituki ez bada ere, okerreko gorputzaren ideia elikatzen dute, normaltzat dutelako transek euren gorputzak gorrotatzea. Tratamendu hormonalak eta ebakuntzak onuragarriak izan daitezke gustura sentitzen ez den jendearentzat. Auzia da itxaropenak berriz zehaztu behar direla: askotan, espero den hori ez da errealista, eta, gero, ebakuntzaren ostean sufrimendu handiagoa eragiten du.

M. M.: Gainera, konponbide kirurgikoari ez dagokion leku bat ematen diote. Gogoan dut Genero Nahasmenduen Unitateko talde terapia saio batean gertatutakoa: 20 urteko neska trans batek azaldu zuen ez zela inoiz parrandan atera, izua ziolako mutil batekin ligatu eta azalpenak eman behar izateko uneari; psikiatrak erantzun zion hori baginoplastia egitean konponduko zela. Niri ikaragarria iruditu zitzaidan, neska harekin gauza asko lan zitezkeelako eta, aldiz, ahalduntze bidearen kontrako irtenbidea eman ziolako: arrisku handiko ebakuntza bat. Edozein arazoren konponbide gisa erabiltzen dute kirurgia, eta ez dute lantzen gorputz autoestimua.

Gorputz desiratuaren ideia ere ez da errealista, ezta?

M. M.: Gorputz desiratua oso gutxik lortuko dute. Bitxia da zein alde dagoen gorputz desiratura hurbildu ahal izango dutenen eta ezingo dutenen artean. Itxaron zerrendetan ikusten da: emakume trans batek bi metroko garaiera eta oso ahots baxua badu, segur aski medikuek ez dute hainbesteko ahaleginik egingo, badakitelako baginoplastiak ez duela konponduko; andre hori ez da lehena izango zerrendan. Izan ere, lista horiek ez dira antolatzen pertsonak heldu ahala, baizik eta identifikatutako generoan eduki dezaketen arrakasta aukeren arabera. Transexual batzuk oharkabean pasatuko dira, ikusezin, baina beste batzuk oso ikusgarriak izango dira beti: haientzat ez dago erantzunik medikuen diskurtsoan.

Zein alternatiba dago hormonen eta kirurgiaren aurrean?

G. C.: Kataluniako trans haur baten amak berriki kontatu du umeak esan diola neska sentitzen dela, eta ea zer egin dezakeen, eta amak erantzun dio aukera bat baino gehiago dagoela: aukera bat da gustura egotea bere gorputzarekin eta bere feminitatea garatzea bizarra edukiz-eta; beste aukera bat da hormonak hartzea ezaugarri batzuk aldatzeko, eta helduagotan, nahi izatera, ebakuntza egitea zakila kentzeko; eta beste aukera bat da bizitzan zehar iritzia aldatzea eta gustura sentitzea gizon femenino gisa. Esan zion aukera guztiak direla balekoak, eta, edozer erabakita ere, gurasoak alboan izango dituela.

M. M.: Hori da erantzun egokia: bide bakarrean ez zentratu, eta aukera guztiak aztertu. Jendeak ebakuntza egin nahi badu, egin dezala, baina ez uste dutelako bide bakarra dela.

G. C.: Garrantzitsua da, halaber, ziurgabetasuna eta zalantzak egongo direla onartzea. Areago haurtzaroan eta nerabezaroan, aldaketa nabarmenak daudelako adin horietan. Ingurutik jasotako estimuluen arabera egiten dugu bidea: pertsonen bilakaera aztertu behar da, denborak aurrera egin ahala nola sentitzen den, nola eraikitzen, eta bere alboan egon. Baina ez markatu erantzun jakin bat, garapen eta eraikitze bide hori mugatuko duena. Auzia ez da adingabeek hormonak hartzearen aurka egotea; tratamenduak baliabide bat izan behar du, ez bakarra; eta aktibatu behar da beharrezkoa denean eta beharrezko dutenekin. Ebakuntzekin berdin: ez daitezela panazea izan. Gu ez gaude hormonen eta kirurgiaren aurka: baliabide horiek eremu zabalago batean kokatu behar dira; kategoriei, gorputzei, generoari eta identitateei buruzko hausnarketa eremu batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna