Langile etorkinen lan baldintzak. Obrak ikuskatzen

Esplotazioa, bertatik bertara

Gipuzkoako azpiegitura handietako lan baldintzak nolakoak diren ikustera joan da BERRIA. AHTko Zizurkilgo obretan, Anoetako estadioan eta Zubietako erraustegian ari diren langileek berretsi dute herrialdeko ituna ez zaiela aplikatzen, eta urruti dituztela bertakoek legez dituzten lan eskubideak.
<b>Anoetako estadioa.</b> Langileak lanean Anoeta berritzeko eraikuntzan, aurreko asteko arratsalde batean.
Anoetako estadioa. Langileak lanean Anoeta berritzeko eraikuntzan, aurreko asteko arratsalde batean. JULEN APERRIBAI

Iñaki Petxarroman -

2019ko otsailak 3
Hankak uretan sartuak dituen erraldoi bat da Donostia. Antigoalean era guztietako hegaztien pausaleku zen Amarako padura hiriaren zabalpenaren lekuko eta milaka herritarren ametsen habia bilakatu zen XX. mendean. Baina, hiriaren azpian, hedatzen ari diren etxe orratz, errepide, zubi, kale eta kantoien oinarrian, itsasoak bustitzen ditu oraindik ere hiriaren oinak.

Ongi dakite hori Anoetako futbol estadioaren berritze lanetan ari diren dozenaka langileek. Iparraldeko harmailak altxatuko dituzten orubean jo eta ke lanean ari dira egun. Putzu gaziaren arrastoa hor da, zelaitik pare bat metro sakon. Hondeamakinak, zulatzaileak eta gora eta behera dabiltzan langileak arreta handiz ari dira lanean, BERRIA bertaratu den arratsalde ospelean. Igor San Jose ELAko Eraikuntzako arduradunaren laguntzaz pasatu dute kazetariek obren segurtasun harresia. Hondeamakina bat gidatzen ari da Mamadu Dembele, hondarra eta harriak zanpatuz lokatz bigunaren gainean. Irribarre handi batekin agurtu du ELAko ordezkaria. Ezagun du tentsioa dagoela obren eremu itxian. Sindikatuek irregulartasun eta arau hauste larriak egotzi dizkiote futbol zelaiaren eraikuntzaren ardura daukan Anoeta aldi baterako enpresa elkarteari (Altuna y Uria eta Moyua enpresek osatzen dute ABEEa) eta Lan Ikuskaritza berresten ari da haietako asko. Anoeta Kiroldegia administrazio kontseiluak (udalaren enpresa) 15.000 euroko isuna jarri berri die, beharginei Gipuzkoako arloko lan ituna ez ezartzeagatik. Salaketa bat bestearen atzetik iritsi dira enpresa azpikontratatuen aurka.

Membelek 36 urte ditu, eta Malikoa da. Zortzi euroko soldata jasotzen du orduko (hitzarmenaren arabera legokiokeenaren heren bat gutxiago), eta 10 orduko lanaldiak egiten ditu egunero. Eraikuntzan aspalditik ari bada ere, apirilean Anoetara lan egitera iritsi zenetik, ez oporrik ez aparteko ordurik ez du kobratu inoiz. Haren ondoan aritu den Acacio Augusto lankide portugaldarrari 26.000 euro zor dizkiotela kalkulatu du ELAk, langileak emandako agirietatik. Hamaika hilabetez aritu da hamar orduko lanaldian.

Ondo daki Dembelek bera bezalako langileei azpikontratek ezarritako baldintzak zein diren, urteak daramatza-eta eraikuntzan lanean. Horrek ez dio kendu irribarre zabala aurpegitik. Badaki makina bat herrikidek eta adiskidek zer topatu duten Afrikatik Europarako gurutze bidean. Eta berak aukera du maite dituenei hilero diru puska bat bidaltzeko. ELA sindikatuak Azurex-Habitat haren enpresaren aurka salaketa bat jarri zuen iazko uztailean, langileak legez kanpoko lagatzeagatik, eta ikuskaritzak arrazoia eman dio aste honetan. Orain, ABEEak kontratatu beharko luke Dembele, eta Gipuzkoako lan ituna ezarri. Sindikatuko ordezkariarekin mintzatu den denbora laburrean gertu eduki du igeltsero afrikarrak Moyuako arduraduna. Lanari ekin dio berriro, isilik, elkarrizketa moztuz eta begiak makinara zuzenduz.

Beldurrarekin bizitzera ohitu dira eraikuntzan ari diren langile etorkinak. Badakite edozein unetan lanik gabe gera daitezkeela. Badakite prekarioa eta, areago, esplotaziozkoa dela euren lan egoera. Baina hori dute bizibide. Eta dirubide.

Zelaiaren bestaldeko harmailetan, hegoaldeko butaken azpian, Santiago Dominguez dago. Erratz bat eskuetan, argiketariek, arotzek, mekanikariek, iturginek eta beste gremioetako langileek sortutako hautsa eta zikina garbitzea egokitu zaio. Haren parean, Anoetako estadioaren berdegune dotorea. Iluntzearen atarian, fokoen argi artifiziala laztantzen hasi zaio, eta are eta distiratsuago ageri da berdegunea.

Duela hilabete batzuekin alderatuta, alde ederrean dago Dominguez orain. ELAk Gipuzkoako Vilariño azpikontrataren aurka jarritako salaketak arrakasta izan du, eta Anoeta ABEEak kontratatu behar izan du, azpikontratari langileak legez kanpo lagatzeagatik. Orain, zortzi orduko lanaldia du, hamahiru euroko ordaina ordu bakoitzeko, opor ordainduak, gaixotzeko eskubidea... Haren lankide askok amestu ezin dituzten lan baldintzak.

Erretirotik gertu, ezagutu ditu eraikuntzaren aro oparoak Dominguezek. Murias, Altuna y Uria eta sona handia duten hemengo enpresa batzuentzat lan egin zuen garai batean. Lehen mailako ofiziala zen orduan. Lan asko egiten zuen, baina ongi ordaindua. Lehertu zen puxika, agortu zen patrika, eta Dominguez kale gorrian geratu zen. Pasaiatik Extremadurara (Espainia) itzuli zen, eta, iaz, igeltsero lana bilatzeari ekin zion berriro. «Anoetan lan egiteko Vilariñok jarritako iragarki bat ikusi nuen, eta aurkeztu egin nintzen. Kartoizko kutxa batean arropa eta kontratua bidali zizkidaten lanean hasi behar nuen egunean». Ez du ezagutzen bere nagusia. Obrako sarreran autoak eta kamioiak lokatzez garbitzen dituen hodi malguarekin aritu zen lanean, bi hilabete luzez. «12 orduko lanaldiak eta zortzi euroko soldata nituen, ez oporrik ez aparteko ordurik». Lana beltz egin beharra, sos batzuk jasotzeko. ELAn afiliatu zen, eta sindikatuak gertutik jarraitu zuen bere egoera hasieratik. Nahikoa froga bildu zuenean, Vilariñoren aurkako salaketa jarri zuen, eta ikuskaritzak arrazoia eman dio. Enpresak salaketarena jakin zuenean, kaleratu egin zuen Dominguez, Whatsapp bidez mezu bat igorrita.

«Ikusten duzu, Amazon iritsi da obrara ere», aipatu du San Josek, bitxikeria horri erreferentzia eginez. Kaleratu aurretik egindako bi hilabeteetan, ia 3.000 euroko zorra pilatu zuen enpresak Dominguezekin, ordaindu ez zizkion aparteko orduak bakarrik kontuan hartuta. Horiek ere ordaindu egin behar izan dizkio gero. Sindikatuek eta ikuskaritzak egindako kontrola dela eta, enpresak ez daude lasai. Bisitan izan den bitartean, Moyuatik dei egin diote ELAko ordezkariari, telefonoz. BERRIA izan da elkarrizketaren lekuko. Ez dago lausengarik telefonoaren bestaldetik. Anoeta berritzeko obra uste baino eremu labainkorragoan dago. Alfonbra berdearen azpian, hankak lokatzetan.

Corellatik erraustegira

Zubietako erraustegiaren eremutik 300 bat metrora, Eskuzaitzetako zabalgunean, errautsen biltegia eta biometanizazio planta egiteko orubea prest dago. Inguruko lur zoruak atontzen ari dira langileak. Bazkari orduaren amaieran heldu dira lekukoak barrakoietara. 2019ko soldaten taula banatu die sindikalistak. Lan tresnak eta materialak jasotzen ari dira gehienak, lanari berrekiteko prest. Marokoar talde batengana jo du kazetariak. Mohammed —izen asmatua da— dago tartean, Corellan (Nafarroa) bizi den igeltseroa. Eguzkiak zaildutako aurpegi beltzarana erdizka estaltzen dio buff urdin ilun batek. Hiru adiskide ditu inguruan, hirurak isilik eta lurrera begira. «Zenbat kobratzen duzue eta zenbat orduz aritzen zarete?», galdetu dio kazetariak: «Lanaren arabera, bakoitzak berea, zazpi, zortzi, bederatzi euro... Hamar ordu egunean», erantzun du.

Corellatik egunero etortzen ote diren galdetzean, arduradun izateko itxura daukan beste lankide bat hurbildu zaio, eta arabieraz mintzatu. Begiak jaitsi, eta isildu egin da Mohammed. Iritsi berriak erantzun du galdera, bere partez: «Hemen inguruan bizi gara, Zizurkilen». Inanova azpikontratak ordaintzen die soldata, eta San Josek aspalditik ezagutzen duela aipatu du, Corellana zenari izena aldatu baitzioten, sindikatuen salaketak jasotzen hasi zenean. «Ohikoa da Corellatik hona eta bueltan ibiltzea langile hauek, eta guk izan dugu kasu bat baino gehiago». Altuna y Uriako langile bat hurbildu zaio ELAko kideari, eta euskaraz agurtu du. «Zenbat kobratzen dute hor joan diren marokoar talde horretakoek?», galdetu dio: «orduko sei euro-edo», erantzun du. Langileak sakabanatu dira, eta bakarrik geratu dira bisitariak bat-batean. Beste lokatz batzuetan hankak sartzeko garaia heldu den seinale.

Adunako tunela

Abiadura handiko trena (AHT) aparteko herri-lan bat da. Bai erabiltzen ari diren bitarteko humano eta ekonomikoengatik, eta baita obrak dauzkan zailtasun tekniko ugariengatik ere. Zizurkil-Andoain tartean urteak daramatzate lanean. 4.692 metroko tunela (Euskal Y-ko Gipuzkoako luzeena) amaitzen ari dira, eta lan erritmoa jaitsita daukate inguruan, aritu izan den eta ari den langile kopuruaren aldeari erreparatuz gero.

Ordu batean, lana utzi eta bazkarira jaitsi dira beharginak horretarako propio egokitutako barrakoietara. Nork bere tuperra atera, eta taldetan elkartu dira bazkarirako ere. Portugesak eta galiziarrak dira gehienak. ELAko ordezkariak soldaten eta euren lan eskubideen orritxoa banatu die. Joao —izen asmatua da— portugesarekin hasi da hizketan sindikatuko kidea. 35 urte ditu, eta astero etortzen da Portugaldik, igande arratsaldean bizitokitik irten eta goizaldean iristen da Gipuzkoara. «Villabonan bizi gara, bost lagun etxe batean. Etxea ongi dago. Zortzi euro eta erdi ordaintzen digute orduko, hamar orduko lanaldian. Ez dugu aparteko pagarik ez oporrik. Egiten dugun lanaren ordaina jasotzen dugu, eta kito». Enpresak egunero 40 euroko dieta ordaindu beharko liokeela gogorarazi dio San Josek. «12 euro ordaintzen dizkigu», arrapostu egin dio langileak. Uncisan ari dira lanean taldeko portugesak, garai batean Unika zenean. Ezagutzen du San Josek ere, makina bat salaketa jarri diote-eta inguruko herri lanetan langileei ezarritako baldintzengatik.

Ondoko mahaian galiziar talde bat eseri da. Arropa garbiena daukanak hartu du bozeramaile lana. Lan egiten duen azpikontratak Gipuzkoako lan ituna ezarri diela dio, eta ordaintzen ez dien bakarra egunero sartzen dituzten aparteko bi orduak direla. Hiru langile daude inguruan. Inork ez du burua altxatu. San Josek zalantzan jarri du langilearen esana, Tecozam enpresarekin gatazka bat baino gehiago izan duelako ELAk, ituna ez aplikatzeagatik, bai erraustegian, bai Anoetan eta baita AHTan ere. Tunelean joan den urrian izan zen lan istripu larriari buruz hizketan —langile bat hil zen— amaitu da elkarrizketa. Orduan altxa du burua gizonetako batek. «Bertan nintzen ezbeharra izan zenean», adierazi du.

Ondoan duen beste batek burua makurtuta eduki du elkarrizketa osoan, gutxika irensten ari den janariari behar baino buelta gehiago emanez. «Sindikatuko informatzaile bat da hori», azaldu die San Josek kazetariei. Eta, alde egin aurretik, esku orri gehiago utzi ditu pixkanaka tuperrez eta langilez betetzen ari diren mahaien gainean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna