54na urteko galdea, bortxaketagatik

2019an Orkoienen emakume bati sexu eraso bat egin izana egotzi diete bost gizonezkori. Ateak itxita eginen dute epaiketa, akusazioak hala eskatuta. Bost akusatuen ostean, emakumeak deklaratuko du gaur

Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Atzo goizean hasi zen, Nafarroako Lurralde Auzitegian, emakumezko bat taldean bortxatzeaz akusatutako bost gizonezkoren aurkako epaiketa. Orkoienen (Nafarroa) gertatu zen erasoa, 2019ko azaroaren 29an. Fiskaltzak 54na urteko kartzela zigorra eskatu du lau akusaturentzat: 15 urte sexu-eraso delituagatik, eta 39 urte beste hiruren sexu-eraso delituen laguntzaile izateagatik. Bosgarren auzipetuari dagokionez, fiskalak apur bat apaldu du zigor eskaera: 52 urte galdegin ditu harentzat. Epailearen ustez, pertsona horrek ez zuen eraso fisikorik egin, baina «beharrezko laguntzaile» izan zen eraso guztietan.

Akusazio partikularraren abokatuak hala eskatuta eta ordubeteko deliberioaren ostean, epaiketa ateak itxita egitea erabaki zuen epaileak atzo goizeko saioan. Bost akusatuek deklaratu zuten. Denek errugabetzat jo zuten euren burua: lauk adierazi zuten «sexu harreman adostuak» izan zirela; bosgarren batek, berriz, ukatu egin zuen sexu harremanak egon zirela ere.

Fiskaltzaren akusazio idazkian irakur daitekeenez, berriz, emakumearekin harremanetan jarri ziren akusatuetako bi, zitak egiteko aplikazio baten bitartez. Horietako batekin topaketa bat ezarri zuen emakumeak Orkoienen, baina beste lau akusatuak ere azaldu ziren, eta bosten artean egin zioten eraso. Fiskalaren arabera, emakumezkoak desgaitasun psikikoa du, eta aitortua du %67ko elbarritasun maila: «Erasotzaileek desgaitasun hori antzeman zuten, eta biktimaren babesgabetasun egoera aprobetxatu zuten, eraso egiteko».

Gertatutakoaren ondorioz emakumeak trauma osteko estresa pairatu zuela nabarmendu du fiskalak bere idatzian. Erasoaren ostean, soinean zeraman arropa garbitzera behartu zuten, eta mehatxu egin zioten, gertatutakoaren berri eman ez zezan. Hala ere, andreak berehala eman zien abisua Orkoiengo Udaleko aguazilei, eta, ondoren, salaketa jarri zuen Foruzaingoaren egoitzan.

Foru poliziak ikerketa bat abiatu zuen, eta 2020ko urtarrilaren 1ean atxilotu zituen bost akusatuak, Cadreitan (Nafarroa). Iruñeko 1. Instrukzio epaitegian deklaratu zuten urtarrilaren 4an: epaileak behin-behineko kartzelaldia ezarri zien hiruri [atxilo dira oraindik]; beste biak aske gelditu ziren, kautelazko neurriak ezarrita.

Atxiloketen ostean, hainbat elkarretaratze eta protesta ekintza antolatu ziren iaz Orkoienen, mugimendu feministak deituta. Orkoiengo Udalak eta Nafarroako Gobernuak erabaki zuten herri akusazio gisara aritzea.

Gaurko eta biharko saioak

Gaur segida emanen diote epaiketari. Emakumezkoak deklaratuko du epailearen aurrean, eta, datozen egunetan, perituen txanda iritsiko da. Dena ondo bidean, uztailaren 1ean bukatuko da epaiketa, eta auzia sententziaren zain geldituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.