TXOSTENAREN GAKOAK

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hauek dira 78ko Sanferminak Gogoan plataformak lortu duen Martin Villa txostenean agertzen diren jakingarri batzuk:

Txosten gehiago daude. Argitara eman gabeko informazioa dagoela ondoriozta liteke txostena irakurrita. Izan ere, beste txosten eta ikerketa batzuei erreferentzia egiten zaie. Polizia plazan sartzeko agindua eman zuenari buruzko ikerketa bat aipatzen da, eta kalean gertatutakoei buruzko beste ikerketa bat eta txostenak ere bai. Pistolekin egindako tiroak ere zerrendaturik ageri dira, eta iturria Polizia bera dela esaten da.

Plazan esku hartzeari buruz. Txostenetan, 1978aren uztailaren 8an gertatutakoa zuritu egiten bada ere, kontrako balorazioak ere ageri dira. «Indar Publikoa zezen plazan sartu izana ez zen egokia izan, argi eta garbi; Poliziaren ikuspegitik, eta baita zentzu komunaren aldetik ere», dio Dionisio Bartrech-ek garai hartako Polizia Armatuko Bigarren Ikuskaritzaordetza Nagusiko jeneral buruak. «Ausarkeria izan da». Jose Sainz garai hartako Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde orokorraren txostenak honako hau dio: «Iruñeko zezen plazan Polizia Armatuaren Indarren esku hartzea gaitzetsi beharra dugu. Uste dugu, egiatan, esku hartzeko ezinbesteko beharrik ez zela izan». Gainera, erantzukizuna agintean zirenei eskatu behar zaiela dio, eta ez aginduak betetzen zituztenei.

Ignacio Llano orduko Nafarroako gobernadore zibilak dio «zoritxarreko esku hartzea» izan zela. Zezen plazan zegoen, eta bere kronikan aipatzen du «ezustean» harrapatu zuela Poliziaren esku hartzeak. «Zertan ari dira!», esan zuen momentu hartan.

Poliziaren tiroak. Txostenetan poliziak suzko armekin egindako tiroak agertzen dira: zezen plazan 30 aldiz egin zuten tiro, eta zezen plazatik kanpo 104 aldiz. Tiroak non egin zituzten ere esaten da, baina datu ofizialetan ez dira ageri Karlos III.a etorbidea edo Orreaga kalea. Azkeneko kale horretan hil zuten German Rodriguez, tiroz. Fermin Ilundain tiroz zauritu zuten Amaia kalean, Orreaga kalearen parean.

Poliziak erabilitako materiala. Txosten batean Poliziak zezen plaza barneko eta kanpoko istiluetan erabili zuen munizioaren datuak biltzen dira: gomazko 4.153 pilota, 657 ke pote, 1.138 pote negar gasarenak, 9 milimetroko 80 kartutxo parabellum eta 9 milimetroko 54 kartutxo motz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.