Euskaraldian izena eman dutenen %20k ez zuten aurretik parte hartu

Euskaraldia hasteko hiru aste falta dira, eta dagoeneko 70.000 pertsonak eman dute izena

Euskaraldiaren aurreko edizioan parte hartu zuten gehienek ahobizi rola aukeratu zuten. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bigarren Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten bost herritarretik batek ez zuen aurreko aldiarekin bat egin. Alegia, orain arteko izen emateetan, %20 parte hartzaile berriak dira. Dagoeneko 70.000 pertsonak eman dute izena azaroaren 20an abiatuko den Euskaraldirako, eta horietatik 14.000 inguru dira parte hartzaile berriak. Oraindik, ordea, hiru aste falta dira ariketa soziala abiatzeko, eta antolatzaileek parte hartzera deitu dute. Egitasmoa abiatu bezpera arte egongo da aukera ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko.

Euskaraldia sustatzen ari diren eragileak jakitun daude egoera berezian egingo dela aurtengo ariketa, COVID-19 gaitzak erasandako giro betean. Baina gogorarazi dute «parte hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea» dela helburua. Hori aintzat hartuta, euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai diren herritarrei dei egin diete antolatzaileek euren hizkuntza ohiturak zein diren aztertzeko: «Bakoitzak bere inguruan dituen harreman sareetan —etxean, lanean, komertzioetan, lagunartean edo Internet bidezko harremanetan— hizkuntza praktikak azter ditzala eta euskara gehiago erabiltzeko aukera balia dezala».

Euskaraldian parte hartu nahi dutenek hiru bide dauzkate aukeran izena emateko: www.euskaraldia.eus webgunearen bidez, batetik; herriz herri sortu diren Euskaraldiaren batzordeetan izena emanez, bestetik; eta sakelako telefonoetarako sortutako aplikazioaren bidez, azkenik. Parte hartzeko deia egiteko orduan, antolatzaileek hiru kolektibori dei egin nahi diete, bereziki: lehen aldian parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest-ei gonbita egin diete berriz ere parte har dezaten; ariguneetan parte hartuko dutenei, bestalde, gogorarazi diete, beren entitateek izena eman duten arren, rol batean ala bestean izena emanda egon behar dutela arigunean parte hartuko badute; azkenik, aurreko aldian parte hartu ez zutenei ere dei egin diete aurten Euskaraldiarekin bat egin dezaten.

Orain arte emandako datuak aintzat hartuz gero, aurreikus daiteke aurtengo aldiak ere erantzun zabala izango duela. Orain arte izena eman duten 70.000 norbanakoez gain, 6.737 entitatetan 25.000 arigunetik gora sortuko dira; horietatik %52 barneko ariguneak izango dira, eta gainerakoak, kanpokoak. Horrez gain, Euskal Herri osoko 421 herritan sortu dira Euskaraldia sustatzeko batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.