Beste hiru sexu eraso salatu dituzte Donostian

Andre bat bortxatzea egotzita asteartean atxilotutako gizona espetxera bidali du epaileak. Ehunka lagunek protesta egin dute erasoen aurka

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Bulebarrean. DONOSTIAKO PIRATAK.
jon olano
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Beste hiru emakumeri eraso egin diete azken orduetan Donostian. Ostegun gauean gertatu zen lehena, neska adingabe bat zezensuzkoa ikusten ari zela: gizonezko batek ukituak egin zizkion bularretan, eta ihes egin zuen gero. Beste herritar batek gertatutakoaren berri eman zion Udaltzaingoari, eta salaketa aurkeztu zuten. Atzo goizaldean, berriz, gizonezko batek ukituak egin zizkion Egia auzoan zegoen emakume bati; andrea oihuka hasi zen, eta erasotzailea korrika joan zen. Ez zuen salaketarik jarri, Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez.

Hirugarren erasoa atzo arratsaldean izan zen, Kontxako hondartzan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, sorosle bati egin zioten eraso; 14:20 inguruan, emakumea aldageletatik irten zen, laguntza eske. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta oraingoz ez du inor atxilotu.

Bestalde, Jaurlaritzak berak jakinarazi duenez, epaileak espetxera bidali du astearte goizaldean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotutako gizona. 39 urte ditu, eta ostegunean atzeman zuten. Asteazkenean, Donostiako Piratek salatu zuten 11 emakumeri eraso zietela 24 orduan.

«Gaitzespenik irmoena»

Azken orduetako erasoen aurrean «gaitzespenik irmoena» adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak: «Halako gertaeren oinarrian gizonen eta emakumeen berdintasun falta dago, eta emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak». Adierazpen instituzional baten bidez, Donostiako Udalak ere «erabateko irmotasunez» arbuiatu ditu erasoak; «babesa eta elkartasuna» adierazi die biktimei, eta dei egin du gaur eguerdian Alderdi Ederren elkartzera: «Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde».

Donostiako mugimendu feministak eta Piratek deituta, berriz, elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean, Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista lelopean. Ehunka lagun elkartu ziren Bulebarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.