Aitor Etxarte. Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria

«Hezkuntza aldatzeko, akordio zabalak behar dira, eta zarata gutxiago»

Urtea bukatu berritan, 2016-2017ko ikasturteko txostena aurkeztu zuen Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxartek. Erronken artean aipatu zituen eskola porrota murriztea, inbertsioak handitzea eta ikasleen arteko arrakalak erauztea.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz

2018ko otsailak 4
Nafarroako hezkuntza sistemaren aldagai guztiak aztertzen ditu Eskola Kontseiluak urte bukaeran argitaratzen duen txostenaren bidez. Emaitzak «onak» izan arren, hobetzeko tartea badagoela uste du erakundeko lehendakariak, Aitor Etxartek.

Eskola porrota gutxitzeko beharraz hitz egin zenuen aurkezpenean. Zergatik?

Paradigma aldatu behar dugu. Hezkuntza sistemen ezaugarriak ebaluatzeko garaian, hainbat adierazle erabiltzen dira; eta, orain arte, hobekuntza gisa jotzen zen ehuneko horietan gora egitea. Eta egia da: gauza ona da. Baina ez dugu ahaztu behar hezkuntza oinarrizko eskubide bat dela, eta, eskubide bat den neurrian, ezin gara hobekuntza partzialekin konformatu. Oso datu onak ditugu, bai, baina eskubideak unibertsalak dira; hortaz, nahi edo ez bermatu beharko dugu ikasle guztiek lortzea maila gainditzea. Ez askok, ez gehienek: guztiek.

Nafarroako datuak oso onak dira, eta gora egin dute azken urteetan. Ez da nahikoa?

Nafarroan, DBHko ikasleen %90ek baino gehiagok lortzen dute ikasketa ziklo hori bukatzea. Oso datu ona da. Beste erkidegoen gainetik jartzen gaitu, eta Europako herrialde aurreratuenen pare. Baina ez da nahikoa. Inork ez du ukatzen Nafarroak oso adierazle positiboak dituela eta kalitate bikaineko hezkuntza sistema dugula. Baina anbizioa eduki behar dugu, eta geure buruari gehiago eskatu.

Hedabide batzuek interpretatu zuten zuk kritika latza egiten zeniola gobernuari...

Ez. Hobetzen segitzeko akuilua da nirea, modu propositiboan egina eta irudi beltz bat emateko inongo asmorik gabekoa. Ez dugu horretarako motiborik batere. Kontrara, pozik egon beharko genuke. Nafarroan, Bigarren Hezkuntzan graduatzen zirenak %60 inguru ziren duela ez asko; gaur egun %90 inguru dira. Hobekuntza itzela da, baina geure burua behartu egin behar dugu gogorrago lan egitera, etorkizunean ikasketak burutzen dituztenen kopurua %100 izan dadin.

Hezkuntza sistema inertzia handiz mugitzen dela esan izan duzu. Zergatik?

G. K. Chestertonek idatzi zuen hedabideak beti gezur historikoaren aldera lerratzen direla, euren lehentasun bakarra berritasuna delako. Azken bost minutuetan gertatu den horrek axola du, ez beste ezerk. Bat-batekotasun izugarriz jorratzen dira fenomeno asko, eta, analisi labur horien ondorioz, badirudi neurri zehatz batzuk hartuta dena eraldatuko dela. Eta errealitatea oso bestelakoa da. Hezkuntzaren egoera aztertzeko, neurketa historikoetara jo behar dugu, joerak ezagutzeko. Azken hiru urteetako aldaketak, adibidez, oso mugatuak dira. Urtetik urtera ez dira nabaritzen.

Baina aldaketak egon badira...

Baina aspalditik datozenak dira, hein handian. Batxilergoaren eta lanbide heziketaren arteko joera aldaketa da interesgarrienetako bat. Urteetan, ikasleen banaketa oso asimetrikoa izan da, batxilergoaren alde betiere. Gehienek hartzen zuten batxilergoaren eta unibertsitatearen bidea. Nafarroako egitura ekonomikoaren ezaugarriak ezagututa, oso bitxia zen fenomeno hori; izan ere, EAEko eta Nafarroako barne produktu gordinean izugarrizko pisua du industriak, %20-25 ingurukoa. Europan, Bavariaren gisako lurraldeetan soilik ikusten da halakorik. Aldiz, egitura ekonomiko horrek ez zuen islarik hezkuntzan. Orain, orekatu egin da egoera: 8.000 bat ikasle ditugu batxilergoan, eta beste horrenbeste lanbide heziketan. Joera baten aldaketa da, baina, lehen esan dudan bezala, oso prozesu mantsoa da. Oso iraunkorra baita Nafarroako hezkuntza sistema, onerako zein txarrerako.

Hizkuntza ereduak, publiko-pribatu dikotomia... Horretan ere iraunkorra al da sistema?

Bai. Seme-alabak ikastetxe publikoetan edo itunduetan matrikulatzen dituzten familien ehunekoak apenas aldatzen diren. Argazkia bertsua da urtetik urtera. Eta hizkuntzen auzian ere gauza bera esan dezakegu: PAI programa ezarri zutenean, bat-batean gora egin zuten mota horretako ikastetxeek, baina orain egonkortu egin da. Ez da ikastetxerik atera, baina ez dira gehiago sartu ere. Nekez eginen du gora. G eta D ereduen arteko proportzioetan ere aldea oso txikia da urte batetik bestera.

Hezkuntza sistema aldatzeko gobernu batek duen ahalmena oso mugatua dela dirudi...

Ez, ez du zertan. Gobernu batek eragin handia izan dezake hezkuntzan, baina ez edozein epetan. Epe laburrean ez, baina ertainean eta luzean bai. Gobernu honek, adibidez, hiru egitasmo garrantzitsu abiarazi ditu: Aniztasunaren Plan Estrategikoa, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa eta Hezkidetza Plana. Hirurak ala hirurak izan dira prozesu konplexuak, irekiak eta aberasgarriak. Hagitz plangintza osoak dira, berritasunez beteak baina aurretik genuen jakintza baliatuz... Eta noiz ikusiko dugu horren guztiaren fruitua? Bada, seguruenik, urteak pasatuko dira. Garrantzitsua da hazia landatu izana.

D eredua eremu ez-euskaldunera zabaldu zenean ere, dezepzio txikia hartu zuten askok, matrikulazioa apala izan zelakoan. Pazientzia handiagoa behar da?

Ezinegonak jaten gaitu. Orain dela 40 urte, Iruñe osoan, adin bakoitzeko bost ikasgela zeuden euskaraz ikasteko. Eta lorpen ikaragarria iruditzen zitzaigun! Zenbat euskarazko ikasgela dira, gaur egun, sare publikoan bakarrik? Perspektiba falta zaigu. Gure arbasoak nekazariak eta ehiztariak ziren; bazekiten zer zen itxarotea, harrapakina agertu edo ereindako uzta jasotzeko prest egon arte. Egungo gizartean hori falta da. Eta ez da gure kontua soilik, arazo antropologiko orokortua da emaitzak orain nahi izatea.

UPNren agintaldi luzearen ostean, aldaketa drastikoak espero zituzten zenbait sektorek...

Aldaketa drastikoak gerta daitezke egoera drastikoetan bakarrik. Hezkuntza sistemak eraldaketa asko behar ditu, jakina, baina, aldaketa horiek lortzeko, ezinbestekoak izanen dira akordio zabalak. Eta zarata gutxiago. Tamalez, azken urteetan politikaren lehen lerrora eraman da hezkuntzaren gaia. Nik ez dut esaten zilegi ez denik, baina ez da onuragarria.

Finantzaketa publikoa ere aipagai duzue txostenean. Inbertsioa handitu behar da?

Bai, baina hori ez dut nik esaten, datuek argi eta garbi adierazten dute zein den egoera. Beherakada handia nabaritu genuen krisiaren lehen urteetan, eta ordutik inbertsioak gora egin duen arren, ez da nahikoa. Dena den, nik orain esan nezake Nafarroako barne produktu gordinaren %6 edo %7 hezkuntzarako erabili beharko litzatekeela, eta edonork txalotuko luke hori. Baina badaude beste baldintza batzuk: zorraren muga, aurrekontuen eztabaida... Hori guztia ere kontuan izan behar dugu. Hortaz, diru gehiago behar dugu, baina hori ez da dena. Dirua ongi inbertitzen ere asmatu behar dugu. Zeri eman lehentasuna, esate baterako, zintzilik geratzen direnak gizarteko sektore pobreenak izan ez daitezen.

Hain zuzen, klase sozialen arteko arrakala ekonomikoa argi ikusten da txostenean, ezta?

Bai. ISEK izeneko adierazleak neurtzen du ikasle, komunitate edo ikastetxe bakoitzaren testuinguru hurbila. Eta adierazle horrek berretsi du aurretik genekiena; alegia, ikasle bakoitzaren testuinguru sozioekonomikoak baldintzatzen duela haren ibilbide akademikoa. Klase sozialaren argazki bat egiten du, eta erakusten digu pertsona batzuek abantaila dutela, jaiotzen diren unetik beretik. Hori oso gogorra da, darwinismo bortitzenera garamatzalako, baina bada hori aldatzeko modurik: eskolak berak du gaitasun hori. Hala, ikastetxerik onenak dira ikasleen ISEK aldagaia neutralizatzeko eta jaiotzetik ezarritako determinismoa apurtzeko gaitasuna dutenak. ISEK marka gutxitzen duten hezkuntza sistemak dira onenak, baliabide gutxieneko ikasleen aukerak bermatzen dituztelako. Hori Nafarroara ekarrita, agerikoa da ISEK indizearen marka: DBHko 4. maila errepikatzen duten ikasleen kopurua, adibidez, %30ekoa da testuinguru sozioekonomiko baxuko ikasleen artean; eta %1,4koa soilik klase altukoen artean.

Aporofobia faktore bat da haurrak matrikulatzeko garaian?

Erabatekoa. Jendea inklusioaren eta aukera berdintasunaren alde azaltzen da publikoki, posizio eroso batetik, baina, gero, datuek kontrakoa erakusten dute. Noizbait heldu beharko diogu eztabaida horri, berandu baino lehen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna