Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Arma berriak gerra bat luzatzeko

2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Gatazka luzerako doala iradokitzen duen fase berri batean sartu da Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gerra. Orain arteko arma nagusiak —muga zergak— nahikoa ez eta tresna berri batzuk probatzen ari dira, eta munduko ekonomiaren dardarizoa gero eta nabariagoa da. Gatazka nazioarteko merkataritza geldotzen ari da, eta, Alemaniaren moduko herrialde esportatzaileek dituzten arazoak ikusita, atzeraldi baterako aukerak gero eta kiniela gehiagotan agertzen dira.

Aste gutxiren buruan zartatu da Donald Trumpek eta Xi Jinpingek G20aren ekaineko bileran hitzartutako su-etena. Bilera bakar batean gauzak ongi joan ez zirela ikusita, ohikoa egin zuen Trumpek: mehatxu baten bidez presio egin, negoziazioetan lagunduko diolakoan. AEBetako presidenteak iragarri zuen irailaren 1ean indarrean jarriko dituela %10eko muga zergak halakorik ordaintzen ez duten Txinako esportazioentzat. Hori egingo balu, argi dago kalte egingo liekeela Txinako esportatzaileei, baina badirudi Trumpek ahaztu egiten duela produktu gehienek AEBetan sartzen jarraituko dutela, eta, hortaz, tarifa horiek estatubatuarrek beraiek ordainduko dituztela; hau da, Txinako produktuak inportatzen dituztenek, edo produktu horiek erosten dituzten herritarrek. Orain arteko tarifek ez bezala, oraingoek zuzenean eragingo diete herritarrei patrikei, kontsumorako produktuak izango baitira zergapetuak: tresna elektronikoak, oinetakoak, jantziak, jostailuak...

Apustua gogortzearen estrategiak funtzionatu dio Mexikorekin eta, neurri batean, EBrekin ere: joan den astearen amaieran AEBetako haragi inportazioak handitzea onartu zuen. Horrekin lortu nahi du Trumpek Alemaniako autoen gaineko tarifak ahaztea. Baina Txina beste upeleko sagardoa da. AEBekin hegemonia izateko lehian dagoen herrialde bat da, misio historiko bat buruan iltzatua duen buruzagitza batekin: XIX. mendean jasandako kolonizazioa eta japoniarren inbasioaren orbanak betirako garbitzea. Lehiak ez du izutzen xede handinahi hori duena, eta hori ongi dakite munduko beste herrialdeetako agintariek: bai, Txinak ez du beti garbi jokatzen merkataritza kontuetan, baina alferrikakoa da haiekin hordagoka ibiltzea.

Patua eta gogoa

Gero eta zailagoa dirudien arren, gerta liteke Trumpek eta Xik akordio bat lortzea, orain ez bada, G20aren hurrengo bileran. Baina hobe da kontuan hartzea ezein konponbide epe laburrekoa izango dela ziur aski, eta Txinaren eta AEBen arteko gatazka ez dela orain konponduko. Merkataritza gerra norgehiagoka ekonomiko eta politiko luze baten atal bat baizik ez da. Patuak talka egitera bultzatzen ditu: biek nahi dute nagusitasun globala, eta bakar batentzat dago lekua. Eta gatazka maila ekonomikoan geratzen bada, gaitz erdi.

Azken 40 urteetan ongi antzean konpondu dira txinatarrak eta estatubatuarrak. Washingtonek txaloka hartu du Pekinek ekonomia kapitalista baterako egin duen urratsa, eta eragozpen handirik ez dio jarri alderdi komunistaren gobernuak uigurrekin eta tibetarrekin izandako jarrera bortitzari. Hong Kongeko herritar matxinatuek ere ez dute elkartasun handirik jaso egunotan Washingtondik. Business is business, eta diru horren hotsak eragin du Txina AEBetako fabrika bihurtzea. Etekina atera dute kontsumitzaileek —produktu merkeak lortu dituzte—, baita enpresek ere —ekoizpenaren zati bat edo dena esku an merkeagoarekin egin dutelako—. Galtzaileak? AEBetako eta mendebalde osoko industriako langileak izan dira. Haien botoari eustea da Trumpek gatazka hasi izanaren arrazoia.

Yuana, arma bat

Emaitzak lortzea zail duenez, pentsatzekoa da Trumpek aurrera jarraituko duela, erretorika sukoiarekin gatazka elikatuko duela, eta aurrera egingo duela muga zergen hurrengo atalarekin. Eta hala bada, Txinak erantzun egingo dio, agian aste honetan erakutsitako armarekin, debaluazioarekin. Asteartean, banku zentralak yuanari laguntzeari utzi zion une batez, dolar bat zazpi yuan muga gainditu zuen, eta merkatuak ederki aztoratu zituen. Baina orduz gero, arma hori tiraderan utzi du. Pekinen helburua mezu bat bidaltzea zen, kito.

Debaluazioaren aurrean, AEBetako gobernuak egitera ausartu ez ziren urratsa egin du Trumpek: dibisa manipulatzaile izendatu du Txina. Keinu bat da, ondorio praktiko gutxikoa, besteak beste, gaur egun ez delako egia. Bada urteak Pekinek utzi ziola yuanaren balioa artifizialki txikitzeari. Orain, egitekotan, Trumpek leporatzen dionaren kontrakoa egiten du: maila batetik behera ez jaisten laguntzen dio. Finantza merkatuen oraingo joera dolarra indartzea eta yuana ahultzea dakar, eta gatazkak eta krisi zantzuek joera hori handitu besterik ez dute egingo, diru beldurtia babesleku klasikora joango delako: AEBetara.

Trump bere politikaren preso da, eta orain artekoak ezer esaten badu, hori da politika horretan gehiago sakonduko duela. Atzeraldi bat eragin arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.