Egia azaleratu arte

Turkiako protesta ekintza zaharrena da Larunbateko Amek egiten dutena. Gaur egingo ditu 700 aste kalera ateratzen hasi zirela desagertutakoak non dauden galdezka. BERRIA elkarteko bi kiderekin izan da: «Eskubidea dugu jakiteko non dauden gure senideak eta zer gertatu zaien. Ez da justua hainbeste urte pasatu eta gero oraindik ezer ez jakitea».

Istanbulen gaur egingo duten elkarretaratzea iragartzeko ekitaldi bat. BERRIA.
Istanbul
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Gaurko eguna berezia izango da Larunbateko Amentzat. Istanbulgo Galatasaray plazan elkartuko dira: 700. astea dute. Maside Ocakek azaldu du zergatik sortu zuten elkartea: «Desagerpenak bukatu, desagertuak non dauden jakin eta errudunei ordainarazi: horiek dira gure elkartearen aldarrikapenak». Hasan Ocaken arreba da Maside Ocak. 1995eko martxoaren 21ean desagerrarazi zuten gaztea. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Turkian desagertu ziren gazteen familiek osatutako kolektibo bat da Larunbateko Amak. Urte haietan, ehunka pertsona desagertu ziren; sistema aldatzeko lanean ari ziren pertsonak ziren. Kontakizun guztiak errepikatzen dira: Poliziak harrapatzen zituen, eta, familiak bila joaten zirenean, inork ez zekien ezer. Hortik aurrera, ezer ez. Hitzik ez haiei buruz. Eta ez dira agertu.

Larunbateko Amek 1995ean ekin zioten lanari. Hasieran. desagertuen familia bakoitza bere kasa saiatzen zen ahal zuena egiten; 1995etik aurrera, denak batera aritzea erabaki zuten, indar gehiago egin ahal izateko.

Ocakek BERRIAri kontatu dio nolakoak izan ziren hasiera haiek: «Taksim zonaldean dagoen Galatasaray institutuan desagertu zirenen argazkiak eskuetan hartu, eta larunbatero elkartzen hasi ginen. Gertatzen ari zena ikusarazi nahi genuen, eta sekulako oihartzuna izan genuen». Denbora pasatu zen, eta gobernua ohartu zen ekintza horiek ez ziotela mesede egiten estatuari; orduan, elkarteko kideak atxilotzen hasi ziren. Larunbateko Amek 1998an utzi behar izan zuten jarduna, errepresioa jasanezina bilakatu baitzitzaien. Baina, hamar urte geroago, kalera bueltatu ziren berriro. Gaur arte; horrela, 700 astez.

Erreparazioa

Eron familiak ez du inoiz ahaztuko 1980ko azaroaren 20a, egun hartan desagertu baitzen Hayrottin Eron. Betirako. Gaztea atxilotu eta ez zuten hartaz berriro ezer jakin. Ikleo Eronek, gaztearen arrebak, honela gogoratzen du egun hura: «Nire nebaren bost lagun ikusi nituen Poliziak atxilotu zituenean, eta haiek esan zidaten Hayrottin ere atxilotu zutela». Ikleok gurasoengana jo zuen, eta familia osoa joan zen komisariara. «Polizia-etxera iritsi, eta nire nebari buruz galdetu genuen, baina poliziek esan ziguten ez zegoela han, egun hartan ez zela iritsi izen hori zuen inor».

Gaztearen bost lagun atxilotuekin hitz egitea lortu zuten. Haiek esplikatu zieten Hayrottin Eklon hasieran soilik ikusi zutela, atxilotzen hasi zirenean; gero polizia batzuek eraman zutela. Gaur arte. «Gobernuarekin hitz egiten saiatu ginen, gure kasua azaltzeko, baina haien erantzuna isiltasuna izan zen», azaldu du Ikleo Eronek. Familiak gaztearen bila jarraitzen du, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen, eta esan dute zer gertatu zen jakin arte jarraituko dutela borrokan.

Hasan Ocaken patua bera da. Ocak 1995eko martxoak 21ean desagertu zen. Masside Ocak nebak azaldu du nola izan zen: «Garai hartan desagertu ziren gazteen artean azkenetako bat izan zen Hasan. Gazteek sistema aldatzea aldarrikatzen zuten; nire neba beste bat baino ez zen». Egun hartan, familia osoak egin zuen bat aldaketa politiko bat aldarrikatzen zuen manifestazio batekin. Urte hartako martxoaren 12 eta 15 bitartean, herritar asko atera ziren kalera. Hasan egun haietako batean ikusi zuten azkeneko aldiz. «Desagertu egin zela konturatu ginenean, Poliziarengana jo genuen,esan baitziguten haiek eraman zutela, baina ezer ez; Poliziak ez zekien ezer».

Hasanen gorpua gerora aurkitu zuten, baina familiak ez daki benetan zer gertatu zen. Masside Ocak azaldu du gorpuak tortura zantzuak zituela aurkitu zutenean. Ez da ikerketarik izan, ez epaiketarik, ez aitortzarik.

Garai beltza

Ocak eta Eron bi deitura dira, baina haienak bezalako ehunka kasu daude, eta horiek guztiak argitzea da Larunbateko Amen helburua. Ocak zehaztu du ez dutela inolako helburu politikorik: «Alderdi politiko ezkertiar batzuek laguntzen gaituzte askotan, baina laguntza logistikoa da. Ez gara politikoak; giza eskubideak aldarrikatzen dituen kolektibo bat gara».

Turkian, garai beltza izan zen hura, eta are beltzagoa desagertutakoen familientzat. Horregatik, Larunbateko Amentzat garrantzitsua da borrokari eustea. Ez dute nahi garai beltz haiek ahaztea eta iraganak estaltzea, benetan zer gertatu zen jakin arte.

Oraindik asko dira senideak non dauden ez dakiten familiak. 80ko eta 90eko hamarkadetan «tragedia» bat gertatu zela diote, eta estatua egiten dute erantzule. Larunbateko Amen protestekin bat egiten duen herritarretako bat da Ciham: «Ez da bidezkoa familia hauek guztiak pasatzen ari diren sufrimendua. Senideekin gertatu zena jakiteko eskubidea daukate». Gaur ere elkarretaratzean izango da Ciham, larunbat berezia baita: 700 aste, zenbaki borobila, aldarrikatzeko tragedia ez dela amaitu, oihukatzeko borrokan jarraituko dutela egia azaleratu arte. Senideekin batera euren zati bat ere desagerrarazi zutelako, baina ez dutelako atseden hartuko egia eta justizia egin arte. Egun hori iritsi arte, familia hauek borrokan jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.