joxerra senar
GEURE KONTU

Ikatz meatzeetako kanarioen seinalea

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Beti dago aukera errealitate ororen aurrean alde onari begiratzeko. Aste honetan baieztatu da hirugarren hilabetez inflazioa jaitsi egin dela Hego Euskal Herrian. Zehazki, hiru puntu eta erdi jaitsi da, %7,2raino. Errealitatea da, baina, inflazioa hedatzen ari dela ekonomian etenik gabe —azpiko inflazioa, kasurako, %1,6tik %6,4ra handitu da urtebetean—. Diruaren prezioak apaldu nahirik, Europako Banku Zentralak uste baino azkarrago igo behar izan ditu interes tasak.

Eta zer ondorio du horrek guztiak? Bizitzaren garestitzeak bete-betean eragiten die familia pobreenei. EBZk aste honetan kaleratutako txosten baten arabera, diru sarrera apaleneko familiek batez beste beren diru sarreren %70 bideratzen dituzte etxebizitza gastuak, gas eta argindar tarifak eta elikagaiak ordaintzera. Aitzitik, diru sarrera ertaineko familiek esfortzuaren erdia (%34) egin behar izaten dute oinarrizko gastuei aurre egiteko. EBZk ondorioztatu duenez, %10eko inflazio batek %5 murrizten die erosahalmena errenta maila ertaineko familiei; errenta apalenei, berriz, %20. Hots, arazo berberaren aurrean, kalteberago dira pobreenak, ahalegin bikoitza egin behar baitute.

Zorpetuek arazo handiagoa

Mehatxu horri finantzaketa kostuen igoera gehituz gero, are zaurgarriago bihurtzen ditu errenta apaleneko familien artean zorpetutakoak. Izan ere, euroaren eremuan batez beste diru sarreren %20 inguru bideratzen dituzte zorra pagatzera, eta interes tasen igoerak egoera zailean utziko ditu, batez ere interes tasa aldakorreko hipoteka badute. Aurretik zailtasun garaietarako gutxi aurreztu badute, hipotekak eta kontsumo kredituak ordaintzeari uztetik gertu egongo dira. Hilabete baten buruan aurreztutako dirua gastatu dezaketenak kiebran egongo dira, eta itsulapikoan urtebete baino gutxiagorako aurrezkia bildu dutenek maileguari aurre egiteko arazoak izan ditzakete.

Alegia, familia pobreenen finantza arazoak azaleratu ahala, bankuen kaudimenari kalte egingo diote. Egiazki, kaltetzen hasia da. Herrialde guztietan, maileguen ordainketetan hiru hilabeteko atzerapena islatzen duen berandutze ratioa igo egin da, bai eta, apalago bada ere, ordaindu ezin dutenen huts egite ratioa ere. Oraindik orain, ez da alarmarik piztu, bi adierazle horiek arrisku egoeratik at daudelako. Izan ere, 2022ko ekaineko datuen arabera, bankuek mailegatutakoaren erdia (%52) utzi diete familiei, eta horien artean %13 baino ez dira errenta apalenekoenak.

Horregatik, euren finantza arazoak oraingoz ez dira azaleratu Europako bankuen kontuetan. Duela urtebete, Europako herrialde gehienetan maileguen berandutze ratioa %2tik behera zegoen, eta, EBZk kalkulatzen duenez, kasurik okerrenean, errenta apaleneko mailegu guztiek porrot egingo balute ere, adierazle hori zortzi hamarren baino ez litzateke igoko.

Horrek ez du esan nahi mehatxua aintzat hartu behar ez denik. Izan ere, batetik, egoera ez da berbera euroguneko herrialde guztietan. Adibidez, Greziako bankuek %10 inguruko berankortasun ratioa dute; Italian eta Portugalen, ratioa %2tik gora dago. Horietan errenta apalenekoen mailegu kopurua handiagoa denez, arazoak azkarrago azaleratu daitezke bankuen finantzetan.

Bestetik, luzarora begira arrisku faktore handia da finantza sistemarentzat. Izan ere, inflazioak zenbat eta gehiago iraun, familien erosahalmena jaitsi egingo da, kontsumoa murriztuko, eta lan munduko baldintzak okertu daitezke —besteak beste, langabezia—. Ondorioz, hipotekari aurre egin ezin diotenen kopurua igotzeko arriskua handituz joango da. Horregatik, EBZk bankuei ohartarazi die kaudimena sendotzeko: diru hornidurak handitzeko, alegia.

Beste neurri batzuk ere har daitezke. Euriborraren igoera ikusita, Espainiako Gobernua eta bankuak protokoloa negoziatzen ari dira finantza arazoak dituzten errenta maila apaleko eta erdiko familien egoera leuntzeko. 2012ko Praktika Oneko Kodea hartu nahi dute erreferente gisa, eta hipotekaren kuotak diru sarreren %40 gainditzean aktiba daiteke protokoloa. Baldintzak oraindik ez dituzte zehaztu, baina epeak atzeratzeaz eta kuotak murrizteko aukerez ari dira. Aldi berean, erraztasunak eman nahi dituzte interes tasa finkoko mailegura aldatzeko.

Beharbada goizegi da oraindik argi gorriak pizteko, baina zenbat eta gehiago iraun inflazio handiak, beste finantza krisi bat leherrarazteko arriskua handitzen da. Diru sarrera apaleneko familien finantza arazoak arrisku horren ohartarazpen bat dira, ikatz meatzeetan erabiltzen ziren kanarioen modukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.