Albistea entzun

Tokio 2020

BRONTZE LANDU ETA SUFRITUA

Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok domina lortu dute, Espainiak Egiptori 31-33 irabazita. Lehia orekatua izan da. Aginagaldek min hartu du orkatilan.
Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo, brontzezko domina irabazi izana ospatzen.
Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo, brontzezko domina irabazi izana ospatzen. RFEBM Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon - Berriemaile berezia

2021eko abuztuak 8 - Tokio

Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo eskubaloi jokalariek badute beren domina. Ondo kostatako brontzea. Izan ere, Egiptok estu hartu zuen atzo Espainia, partida fisiko bat eginez. Azken bi minutuetan erabaki zen lehia, eta hor Espainia hobeto aritu zen defentsan. Horrek eman zion domina: 33-31.

Partidaren lehen minutuak ondoren gertatuko zenaren isla izan ziren. Parekotasun handia egon zen. Buruz buruko partida bat planteatu zuen Egiptok, 6-0ko defentsa aurreratu batekin. Aurkariaren armiarma sarea apurtzeko, Espainiak pazientziaz jokatzearen alde egin zuen, eta hegalekoen eta pibotearen bidez min egiteko. Pibotean zen Aginagalde. Haren blokeoek jaurtitzeko aukera ematen zioten Espainiari, eta bi gol ere sartu zituen. Baina Egiptoren defentsa gogor batean min hartu zuen orkatilan, eta ez zuen gehiago jokatu. Beraz, orkatila bihurrituta, baina domina olinpiko batekin amaitu du bere ibilbidea irundarrak selekzio arteko txapelketetan.

Egipto eroso ari zen, berak nahi zuen lekuan baitzuen partida: 5-3. Espainiak, ordea, ez zuen lortzen korrika egitea eta bizi jokatzea. Baina behin eta berriz hori egiten saiatzen zen, eta, horren ondorioz, baloiak galtzen zituen, eta jaurtiketa txarrak egin.

Baina minutuak aurrera joan ahala lortu zuen partidari beste martxa bat jartzea. Gonzalo Perez de Vargasen pare bat geldituk eman zioten aukera, baita Egiptoko pare bat jokalariren bi minutuko kanporatzeek ere.

Lehen zatiko azken bost minutuak izan ziren partidako bizkorrenak. Espainiak min egin zuen hor, eta, gainera, hegaletatik zuloak topatzen hasi zen. Aleix Gomez erabakigarria izan zen: lehen zatian bost gol sartu zituen. Gainera, defentsa estutu zuen Espainiak, eta albokoen jaurtiketetara ondo atera zen. Ordu arteko abantaila handienarekin joan zen atsedenaldira: 19-16.

Lehen zatian bezala, Egiptok hobeto ekin zion bigarrenari. Espainiak baloi batzuk galdu zituen, eta hori baliatu zuen Egiptok 37. minutuan partida berdintzeko: 21-21. Omar Yahai eta Ahmed El-Ahmar ezker hegalekoen jaurtiketek min handia egin zioten Espainiari.

Txapelketa honetan, Egiptori luze egin zaizkio partidak, eta azken hamar minutuetan behera egin izan du. Atzo, ordea, ez: hortxe segitu zuen, bere joko fisiko eta buruz burukoa egiten. Espainiari zailtzen ari zitzaion partida, baina Duixebaev eta Antonio Garcia agertu ziren azken bi minutuetan, baloi erabakigarriak jaurti eta domina ziurtatzeko.

Partida amaieran, hunkituta zen Gurbindo: «Oso pozik gaude. Domina batekin joatea merezi genuen. Azken minutuetan, dugun izaera grinatsu eta lehiakorra atera dugu, esperientzia eta gaztetasuna uztartuz. Londresko eta Rion egon ez izanaren arantza atera dugu». Jokoak urtebete atzeratu zirelako dago Gurbindo Tokion, iaz hamasei hilabete eman baitzituen jokatu gabe, lesio batengatik: «Ametsa da hemen egotea. Etxekoei eskaintzen diet garaipena. Ziur haiekin hitz egitean hunkitu egingo naizela».

Finalean, Frantziak 25-23 irabazi zion Danimarkari. Duela bost urte, Rio de Janeiron (Brasil), danimarkarrak nagusitu zitzaizkien frantziarrei finalean. Urrezko hirugarren domina du Frantziak: Pekinen eta Londresen ere gailendu zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adnan Januzaj eta Alexander Sorloth, elkar besarkatzen, Realeko atzoko bi golegileak, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Nagusitasunez irabazita egin du aurrera

Jon Ander De la Hoz

Realak Atletico Madrili irabazi dio, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Txuri-urdinek neurketa osoa jokatu dute, eta arazorik gabe lortu dute gailentzea

Iñaki Williams eta Iker Muniain Athleticeko jokalariak. ©Julio Muñoz / EFE

Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. ©SALVADOR SAS / EFE

Zalantzati segitzen du oraindik

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Fausto Mota kopilotua, eskuinean, haren taldekide Rui Oliveirarekin, Dakar rallyan. ©FAUSTO MOTA

«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»

Mikel O. Iribar

Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.