Tokio 2020. PIRAGUISMOA

BOST URTE LUZE UR BIZIETAN

Rioko Olinpiar Jokoetatik Tokiokoetara pasatu diren bost urteak luzeak izan dira Maialen Chourrautentzat. Hainbat aldaketa egin behar izan ditu, horietatik nagusia Kataluniatik Euskal Herrira itzultzea. Entrenatzeko modua aldatu du.

Chourraut, urrezko domina irabazi zuela jakin zuen momentuan. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Maialen Chourrautek hainbat aldaketa izan eta egin ditu Rioko Olinpiar Jokoetatik Tokiokoetara. Guztiek lagundu eta baldintzatu dute Tokion egindako lana.

RIO-KO DOMINA
ETENA EGIN EZINIK


Rioko Olinpiar Jokoetan irabazitako urreak ifrentzua ere izan zuen Chourrautentzat. Konpromiso gehiago. Familian eta piraguan zentratutako bizimodua nahastu. Haren jarraitutasuna, diziplina eta ordena aztoratu. Entrenatzeko zailtasunak sortu.

Domina lortu izanaz damutzeraino: «Asko amesten duzu gauza bat lortzeari buruz, lan asko egiten duzu, eta, lortu eta gero, damutu ere egiten zara». Rioko urrezko dominak zaildu egin zion Olinpiar Joko horiekin etena egin eta hurrengoei begira jartzea.

OSASUN ARAZOAK
ZORABIOAK


Rioko Olinpiar Jokoen ondorengobi urteetan osasun arazo dezente izan zituen. Zorabioak izan zituen urtebetez. Horrek ez zion utzi nahi bezala entrenatzen eta lehiatzen. Batzuetan, egun osoa pasatzen zuen zorabio sentsazioarekin. Zorabioetara ohitu zen.

Tokioko Olinpiar Jokoei begira ari zen lanean, eta ez zion entrenatzeari utzi nahi: Olinpiar Jokoetarako lekua lortu behar zuen hautaketa probetan. Denboraldia bukatu eta gero heldu zioten zorabioen arazoari. Gaitza diagnostikatu zioten: jarrerazko bertigo onbera. Ariketa batzuk egiteko esan, eta hiru astean desagertu ziren hilabete luzeetan ernegatu zuten zorabioak.

PIRAGUA BERRIA
EGOKIA AURKITU EZINIK


Ur bizietako eslalomean piraguistak eta piraguak, kayakak, bat egiten dute, bat bihurtzen dira. Horregatik, piraguan egiten den edozein aldaketak eragina du jaisteko eta nabigatzeko moduan. Rioko Olinpiar Jokoen ondoren, araudia aldatu egin zuten, eta horrek hainbat buruhauste eragin dizkio Chourrauti.

Batetik, handitu egin zuten piraguen gutxieneko pisua, zortzi kilotik bederatzira. «Ni txikia naiz, eta aldea asko nabaritzen da», zioen Chourrautek.

Bestetik, piraguaren azpiko gilen neurriak ere aldatu zituzten. Horrek piraguen nabigazioa baldintzatzen du, eta Chourrauten piragua ez zihoan ondo. Proba asko egin zituzten. Piragua asko probatu: 25. Egokia aurkitu are.

ETXERA ITZULTZEA
FAMILIAREN BABESA ETA ESTIMULU BERRIAK


Chourrautek eta familiak hamabost urte egin zituzten La Seu d'Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak). Iazko udan, ordea, Euskal Herrira bueltatu ziren, familiaren altzora, eta, kirol ikuspegitik, estimulu berrien bila. «Alde guztietatik ondo etorri zaidan erabakia izan da», nabarmendu du.

Euskal Herrian ez dago ur bizien kanalik, eta, ezinbestean, entrenatzeko modua aldatu egin behar izan du. Pauen (Okzitania) du gertuena ur bizietako kanal bat, etxetik bi ordura. Hara joan da astean bitan; La Seu d'Urgellen, egunero entrena zitekeen kanalean.

Paueko kanala ezagutzen du, baina Chourrautek dio kontrako eztarritik joaten zaiola. «Kostatu egiten zait han arraun egitea. Indarra dauka, eta gauza asko ikasi ditut». Horrek hobetzera behartu du. Era berean, galdu egin ditu La Seu d'Urgelleko kanalean hainbeste aldiz entrenatzearen poderioz zituen ohitura batzuk. Ohitura horiek zaildu egiten zioten gero beste kanal berri batzuetara egokitzea.

Paueko saioak bestelako prestaketarekin osatu ditu. Bidasoa ibaikoekin. Eta itsasokoarekin, Kontxan. Atletiko San Sebastian kluba bihurtu zaio beheko kanpalekua. Bere eta bere lagun zaharren etxea. 12 urterekin piraguan ibiltzen hasi zen kluba.

ESKARMENTUA
LAU OLINPIAR JOKO


Chourrauti buruz hitz egitean, domin olinpikoak aipatzen dira: Londresko brontzea (2012), Rioko urrea (2016) eta Tokioko zilarra (2021). Ez da ahaztu behar, ordea, Pekingo Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuela, 2008an —ez zen sailkatu finalerako—. Lau olinpiar ziklo, beraz. Ia bi hamarkada daramatza munduko piraguista onenen artean.

LASAITASUNA
EZER EZ GALTZEKO


«Aske sentitzen naiz». Chourrautek goi mailako edozein lehiaketak eragiten dituen zalantzak, tentsioa eta urduritasuna izan ditu; baina bestelako aldarte batekin heldu dio hirugarren domina lortzeko erronkari. «Ez daukat ezer galtzeko». Hori izan da Chourrautek lehiaketa baino lehen gehien nabarmendu duen ideietako bat. Ezer ez galtzeko, guztia irabazteko.

BIDEAREN GARRANTZIA
EGINDAKOAZ HARRO


Pentsamolde aldaketa izan du Chourrautek. «Domina olinpiko bat da, baina garrantzitsuena bidea da», esan zuen domina lortu berritan. «Handia egin dugu, baina handiagoa da egin dugun bidea», gehitu zuen gauean, patxada handiagoz. Pertsona gisa izandako garapenaz ari zen. «Oso harro nago bideaz, erori naizen bakoitzean jaiki naizelako; sinistu egin dudala egin nezakeela, nahiz eta zalantza asko izan».

Mugarria izan du Tokio, aldaketa: «Tokioraino etorri behar izan dut, kontrako eztarritik joan zaizkidan Olinpiar Joko batzuetara, bidea estimatzeko. Amets bat lortu nahi izatea, nahiz eta ez lortu, asko da. Eta orain hasi naiz estimatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.