GEURE KONTU
Itokinak zigorretan, eta sua petroliontzian

Urtebete pasatxo igaro da Europako Batasuna Errusiaren aurkako zigorrak indarrean jartzen hasi zenetik, eta artean posible da Moskun Louis Vuitton poltsak eta Mercedes autoak erostea, eta EBrentzat okerrago dena, industria militarrak erabil ditzakeen teknologia handiko osagaiak eskuratzea. Itogin galantak ditu EBk Errusiaren aurka jarritako hamar solairuko zigor sortak, eta hamaikagarren bat eraiki nahi du orain, zuloak itxi eta Moskuko ekonomia gehiago itotzeko. Hamaikagarren solairu horrek, ordea, badu berezitasun bat: Errusiaren auzoen gainean eraikiko du, Bruselak uste baitu haien bitartez sartzen ari direla produktu debekatuak Errusian.
Baina auzoak eta auzoak daude. Batzuek Kazakhstan, Uzbekistan eta Armenia dute izena, eta beste batzuek Turkia eta Txina. EBk uste du batetik zein bestetik iristen direla bere produktuak Errusiara, baina badaki ez duela ondorio bera izango batzuk ala besteak zigortzeak.
Dagoeneko lehen ika-mikak azaldu dira Pekinekin, Europako Batzordeak Txinako zenbait enpresa zigortu nahi dituelako Errusiari armak egiten laguntzeagatik. «Norbere legeen ondorioz Txinari edo beste herrialde bati zigorrak ezartzearen aurka gaude. Eta, hori gertatuko balitz, oso irmo erantzungo genuke. Geure herriaren eta geure enpresen interes legitimoak defendatuko ditugu», ohartarazi zuen asteartean Qin Gang Txinako Atzerri ministroak. Bruselak zigortu nahi dituen enpresen artean AEBen zerrenda beltzeko lau enpresa daude. Horietako bati, King-Pai Technology izenekoari, misilen gidaritzan erabil daitezkeen osagai mikroelektronikoak Errusiari saltzea egotzi dio Washingtonek.
Txinaren erreakzioa ohar garbi bat da EBko gobernuentzat. Haien esku dago erabakitzea EBko enpresek zein produktu eta zein herrialdetara ezingo duten esportatu. Zigorrak ezartzeko arau proposamena joan den astean aurkeztu zien Europako Batzordeak estatu kideei, eta aste honetan hasi dute eztabaida. Akordioa, egotekotan, ez da espero gutxienez datorren astera arte.
Uzkur daudenen baiezkoa lortu nahian, zigorrak «tentu handiz» erabiliko direla ziurtatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Gainera, estatu kideek betorako eskubidea izango dute, produktu bat edo herrialde bat zerrenda beltzetan sartzeko guztien adostasuna beharko delako.
Berez, Bruselaren asmoa da sortuko duten zigor sistema nahikoa izatea herrialde batzuek beren jarrera aldatu eta Errusiarako zenbait esportazio geratzeko. Asmo horrekin, David O'Sullivan EBko Zigorren mandataria Turkian, Uzbekistanen eta Kazakhstanen ibili da azken asteetan. Hiru horien artean, Turkia da kasurik zailena EBrentzat; harekin merkataritza harreman estuak ditu, eta mugazain gisa erabiltzen du etorkinen sarrera gutxitzeko.
Petroliontzia sutan
EBk erdizkako arrakasta (edo erdizkako porrota) eduki du Errusiara bere produktuak helarazteko debekuekin, baina hobeto funtzionatu diote Errusiak petrolioarekin lortzen dituen sarrerak mugatzeko neurriek. Bloomberg-ek aste honetan zabaldu duenez, azken hilabetean handitu egin ditu petrolio esportazioak, baina %45 jaitsi da horren truke lortutako dirua, eta hori zen G7koen helburua. Lehen Europara zihoazen upelak Txinara eta Indiara doaz orain, baina haiek merkeago erosten diote.
Baina Errusiak bere petrolioa saltzeko aurkitutako bide berriak baditu arrisku batzuk. Greziako banderako petroliontziak eta EBko eta Erresuma Batuko aseguruak erabiltzeko zailtasunei aurre egiteko, Errusiak ehunka itsasontzi zahar erosi ditu bere petrolioa esportatzeko, itzalpeko flota deitutakoa. Hori bera egin zuen Iranek AEBen zigorrei izkin egiteko, eta pentsatzekoa da Iranen itzalpeko ontzietako bat dela hilaren hasieran Malaysiatik 40 miliara leherketa handi bat jasandakoa, Pablo izenekoa. 28 marineletatik 25 erreskatatu ahal izan zituzten, baina itsasoaren erdian jarraitzen du, inork ez duelako haren kargu egin nahi. 1997ko ontzi zahar bat bat da, Gabongo bandera du, baina jabea Marshall uharteetan erregistratuta dago, eta beste ontzirik ez du, ezta asegururik ere. Zorionez ingurumenarentzat, Txinako portu batean 700.000 upel petrolio hustu berri zituen, eta haren hondarrak besterik ez zeuden sotoan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.