Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

'Hooligan' deshidratatuak

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Londresen ia 30 gradura helduko da merkurioa datozen bi asteotan. Hala diote iragarpenek. Nahiko antzera Ingalaterra osoan ere. Arrautza-gorringoa da nagusi eguraldiaren mapetan, eta badaramatzate egunak horrela.

Ingalaterrako selekzioa ere, emaitzetan suma daitekeenagatik, eguzkitsu samar: bi garaipenen ostean, gaur dute final-zortzirenetako partida Kolonbiaren aurka, eta, aurrera eginez gero, ez dirudi finalerako bidea historiako zailena izango litzatekeenik eurentzat.

Eta selekzioko kideen artean, giroa oskarbi: gizonkeria vs gizontasuna neurtzen duen balantzan, bigarrena nagusitzen ari da. Fabian Delph erdilariari etxera bueltatzeko baimena eman diote, emazteak hirugarren umea egin duelako; eta, Amaia Agirrek igandeko zutabean idatzi zuenez, Harry Kane golegileak ere bide bera har dezake laster, aita izateko puntuan delako. Hainbeste istorio pertsonal ezagutarazteko makina den Munduko Kopa honetan, zinez eskertzen da, odisea handiegiak izan gabe ere, benetan inporta duten gauzei lehentasuna ematen dieten gizonen istorioak aurkitzea.

Baina erne, tenpora beltzak iragarri ditu Glastonburyko artzainak: barrileko garagardoa amaitzen ari zaie zaleei. Tira, garagardoa ez: karbono-dioxidoa da falta zaiena, hau da, garagardoa upeletik gora igo eta txorrotaraino heltzea ahalbidetzen duen gasa. Eta ez dakit zerbait tamalgarriagorik imajina daitekeen, zerbezarik gabeko zale ingelesak baino.

Eskerrak merke dituzten Espainiarako hegaldiak eta ferryak: igande arratsaldeko penaltien ostean argi ikusi zen Espainian sobratu egingo direla datozen asteotarako pilatutako garagardo-erreserbak. Pena litzateke alferrik galtzea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.