Valentzia 72-50 Lointek Gernika Bizkaia

Erregaiak iraun dion arte

Gernikak nekea sumatu du, eta berriro galdu du Valentziaren aurka, eta Eurokopatik at geratu da. Burua tente agurtu da, bikain arituta

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Valentzia. Casas (10), Gomez (7), Adams (13), Abalde (2), Tirera (10) —hasierako bostekoa—; Buch (14), Raman (8), Reisingerova (6),Cotano eta Gari.

Lointek Gernika Bizkaia. Ocete (8), Dietrick (10), Arrojo (6), Milic (17), Roundtree (6)

—hasierako bostekoa—; Ariztimuño, Diez,Lo (2), Mazionite eta Molina-Prados (1).

Markagailua. 12-19, 29-31 (atsedenaldian);49-42 eta 72-50.

Epaileak. Karakatsunis, Sakaci eta Marziali.Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 2.500 ikusle inguru La Fontenta pabiloian.

Kito. Amaitu da Lointek Gernika Bizkaiaren ibilia Eurokopan. Valentziak kanporatu du final-zortzirenetan. Joanekoan, Malosten egin bezala, Herrialde Katalanetako taldea nagusitu zen atzo itzulikoan, La Fontetan: 72-50. Beraz, Valentzia ariko da final-laurdenetan, eta Lointek Gernika Bizkaia lehiaketatik kanpo geratu da.

Balentria egin behar zuten gernikarrek, hamar puntu irauli behar baitzituzten, non eta aurkariaren kantxan. Hori gutxi balitz bezala, Mario Lopezek ohartarazi zuen «erregai gutxirekin» zeudela. Horren erakusle zen hainbat jokalari kili-kolo zeudela: Milic, Mazionite, Roundtree eta Lo. Ez zen egoerarik aproposena balentria bat egiteko.

Baina saiatu, gogotik saiatu ziren gernikarrak. Argi zuten egitekoa: indartsu hasi, Valentzia urduri jar zedin. Horretarako, sendo aritu behar zuten defentsan, eta eraginkor erasoan. Esan eta egin. Zazpigarren minutuan, ia ezerezean utzi zuten Valentziak joaneko partidan lortutako abantaila: bederatzi puntu jarri ziren aurretik (8-17). Pentsatzekoa zen etxekoek gora egingo zutela. Eta hala izan zen. Reisingerovari esker, 7-2ko partziala lortu zuten (15-19). Baina Gernikak beste estutu bat eman zuen, eta zortzi gora jarri zen (17-25). Kolpeari beste batekin erantzun zion Valentziak, 27na berdinduta, atsedenaldirako hiru minutu falta zirela. Buchen puntuek eta zonakako defentsa batek min handia egin zien gernikarrei. Atsedenaldian, hala ere, aurretik ziren: 29-31.

Bigarren zatiari aurrenekoari bezala ekin zion Gernikak: indartsu (29-35). Berriro erantzun zuen Valentziak, baina oraingoan, oso gogor, 20-5eko partziala lortuta. Hogei puntu horietatik hemezortzi hiruko marratik eskuratu zituen. Konturatu orduko, etxekoek bideratua zuten lehia eta kanporaketa: 49-40. Miraria behar zuen Gernikak, eta ez zirudien hori egiteko moduan, nekeak jota baitzen. Horretaz aprobetxatu zen Valentzia, aldea handitzeko. Azkenean, 22 punturen aldeaz irabazi zuen. Zigor handiegia zen gernikarrentzat.

Mugarriz mugarri ibili da

Triste eta etsita ziren Gernikako kideak partida amaieran, eta ulertzekoa da, beste mugarri bat ezarri nahi baitzuten klubaren historian. Baina tristura horrek gutxi iraun beharko luke, handia egin baitute Europako kluben arteko bigarren lehiaketa nagusian. Mugarriz mugarri ibili dira, eta inoiz baino urrunago iritsi dira. Bi koska egin dituzte gora: final-hamaseirenen aurreko kanporaketara iritsiak ziren gehienez, eta final-zortzirenetara ailegatu dira. Aspaldi ez zuen halakorik egin euskal talde batek. Duela hamahiru urte izan zen azkenekoz, eta jada desagertuta dagoen Hondarribia-Irunek egin zuen. Talde handi haren lekukoa hartu du Lointek Gernika Bizkaiak.

Gainera, Eurokopan ez ezik, Espainiako Ligan ere bikain ari da Mario Lopezek entrenatutako taldea: hirugarren postuan da sailkapenean, eta Perfumerias Avenida eta Girona ahaltsuak bakarrik ditu aurretik. Burua altxatu behar du, eta orain arte bezala jarraitu. Gertu du hurrengo erronka, erronka ederra: Espainiako Kopa, datorren astean, Salamancan (Espainia). Atzokoa ahazteko modurik onena litzateke Kopan nabarmentzea. Jada erakutsi du gai dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.