Eragile feministei murrizketarik ez!

Hainbat eragile feminista
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Mugimendu feminista osatzen dugun eragileak autogestioaren tradiziotik gatoz: ekinbide ezberdinak garatzeko, askotan, sare komunitarioen bitartez autofinantzaketa baliatu izan dugu. Era berean, eragile askok baliabide publikoak bilatu ditugu gure proiektuak martxan jarri edo gure egiturak indartzeko.

Elkarte feministak aktibo garrantzitsuak gara jendartean. Gure lana balio handikoa da, izan ere, harreman, balio sistema eta biolentzia heteropatriarkalei aurre egiteko ehuna osatzen dugu; hortaz, jendartea feminismotik eraldatzeko ezinbesteko zutabea gara. Horregatik, erakunde publikoen ardura da, Berdintasun Sailen bitartez, eragile feministen jarduna aitortzea, baliabideez hornitzea zein diruz babestea, eragileek hala nahi izanez gero. Hori, ordea, ez da bermatzen: batetik, elkartegintza feminista sustatzera bideratutako aurrekontua eskasa delako. Bestetik, instituzioek ezarritako erritmo, epe eta burokrazia itogarrian murgilarazten gaituztelako, eta hori, askorentzat gainditu ezina den langa delako.

Azken urteetan, berdintasunaren diskurtsoak entzun ditugu kolore ezberdinetako alderdi edota erakunde publikoetako ordezkarien ahotan. Baina, gehienetan, hitzak ez dira islatu politika ez publiko zehatzetan, ezta horiek garatzeko baliabide humano zein ekonomikoetan. Horregatik, askotan salatu dugu erakundeen garbiketa morea.

Egia da erakunde eta udal batzuetatik saiakera eskerga egin dela, bai ikuspegi feminista politika publikoetan txertatzeko, bai proiektuak garatzeko. Hala ere, jakin badakigu horiek norbanakoen borondatean oinarritu direla, eta horiek oztopo ugari eta bakardadea izan dituztela bidelagun. Ondorioz, esan dezakegu Euskal Herriko erakunde publikoetan, ez aurrekontuak, ezta politika publikoak ez direla feminismoan ardaztu. Hala, hartzen diren neurriak ez dira nahikoa emakumeok bizi ditugun egiturazko biolentziei aurre egiteko, eta, ondorioz, bigarren mailako herritar bihurtzen gaituen sistema betikotzen dute administrazio eta gobernuek.

Prekarioa zen, lehenagotik ere, eragile feministon egoera, baina COVID-19aren krisiak egoera larrian utzi gaitu, autofinantzatzeko iturriak eta diru laguntzak blokeatuta. Ondo dakigu gure jendartean nork ordaintzen dituen krisiak, emakumeok aspaldion baikaude krisian. Eragile feministon ekinbideek bizibide anitzak barnebiltzen dituzte: formatzaileak, hizlariak, idazleak, sortzaileak, ikerlariak, maketatzaileak, liberatuak, koordinatzaileak, itzultzaileak, kazetariak eta abar. Sektore zabala gara eta azken hilabeteetan egoera guztiz ziurgabea bizi dugu, baliabide zein aurrera egiteko inongo bermerik gabe. Ildo beretik, martxan genituen proiektu, jardunaldi zein topaketak (batzuk, ez denak) finantziazio publikoz dira bideragarri, baina 2020ko dirulaguntza deialdiak ez dira atera eta jakin dugu murrizketekin datozela.

Horrenbestez, erne gaude, eta ohartarazi nahi dugu hainbestetan salatu dugun garbiketa morea inoiz baino ageriago geratuko dela, non eta berriz ere, osasun krisian, alor soziala eta berdintasun politikak murrizten diren lehenengo eremuak badira. Ez dugu horrelako arduragabekeriarik onartuko.

Testu honen sinatzaileok honako hau exijitzen diegu Emakunde, INAI, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba zein Nafarroako diputazio eta udalei: murrizketak etetea eta baliabideak eskuragarri jartzea eragile feministen lana behar bezala aitortu eta diru publikoz hornitzeko. Eragile feministen jarduera, mintzakidetza eta lidergoa ezinbestekoa dira, baldin eta jendartean sakoneko aldaketak eragiteko sarea josten jarraitu nahi badugu.

Eragile feministei murrizketarik ez!!!

ATXIKIMENDUAK: Arabako Emakumeen Asanblada, Asociacion Mujeres con Voz, B.A.L.A., Bakioko Sare Feminista, C.O.M.F.I.N., Emagin, Emari Sestaoko talde feminista, Emakumeok Gerraren Aurka, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Neska Gazteen Sarea, Forum Feminista Maria de Maeztu, Galtzagorri, Lamingorriak , Lunes Lilas Nafarroa eta beste 10 eragile feminista eta 38 berdintasun teknikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.