Inigo Astiz
Durangoko azoka. ANALISIA

Trantsiziozko azoka bat

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez da janari edo edaririk saltzen; orokorrean, patxadatsua da jendearen joan-etorria, eta, han edo hemen sor daitezkeen jende pilaketak kenduta, eraikinean ez du zertan inolako aireztatze arazorik egon, Landako guneko ate guztiak parez pare irekiz gero, adibidez. Edonola ere, pandemiaren bilakaera ikusirik, zuhurtziaz jokatu, eta Durangoko Azokarako sarrera ordenatzeko saiakera egitea erabaki dute Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Txandaka eta aurrez izena emanda bakarrik sartu ahalko dira bisitariak salmahaiak ikustera eta zuzeneko emanaldietara. Maskara jantzita beti. Argi ikus daiteke osasun alorrean bainarik txikienari ere zirrikiturik ez uztea erabaki dutela antolatzaileek.

Ez da izango Durangoko Azoka posiblerik onena; ziurra da hori, baina Durangoko Azoka fisikoa posible egitea izan da antolatzaileen helburua. Argi igar daiteke asmo bakar hori iragarri dituzten neurrietako bakoitzaren hondoan. Eta irailean BERRIAri eskainitako elkarrizketan ere, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak garden azaldu zuen zergatik gotortu behar zen presentzialtasuna: «Azoka da, modu masibo eta kontzentratuan, euskal kultura ukigarri egiten duen gertakari handienetakoa, handiena ez bada».

Antolatzaileek erabateko salbuespen bihurtu nahi izan dute iazko azoka digitala. Durangoko Azoka berriz ere salmenta gune huts bilakatuz gero, galdu egiten direlako euskal kulturak eskas xamar dituen dentsitatea, ikusgaitasuna eta igurtzia.

Eta, noski, ekonomikoak ere badira motiboak. Pandemia aurreko azken azoketan 5,5 milioi euroren salmentak egin zirela kalkula daiteke, Siadeco ikerketa etxeak egindako azterketak oinarri hartuta; horrekin alderatuta, eta lorpen handia izanik ere, 400.000 euroren inguruan ibili ziren iazko salmenta digitalak.

Bi mutur horien artean, pandemia aurreko azokarantz gerturatuz joateko aukerak ziurtatzen dituen azoka bat egitea hautatu dute antolatzaileek. Ez da onena, baina bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.