LH ingelesez: berriro etxea teilatutik

Uxue Lasa Villa eta Raul Lopez Ekai
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak berriro ekin zion martxoan argi distiratsuz betetako titular bati; oraingo honetan «Nafarroan aurrekaririk gabeko eskaintza» eta «atzerriko hizkuntzetan egindako eskaintza; ingelesez, zehazki» iragarri zituen. Titularrak egundoko zifrak ditu, baina ez du inolako argudio-euskarririk, zirrara mediatikoa besterik ez du bilatzen.

Baina errealitateari helduz, gobernu batek horrelako eskaintza garrantzitsu bat egiten duenean, gero ikasgeletan gauzatu behar da; eta, kasu honetan, galdera hurrengoa da: kontseilari jauna, benetan gauzagarria al da?

Prentsaurrekoan, kontseilariak hezkuntza-mugarri berri bat aipatu zuen: ingelesa Nafarroako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan sartzea produkzio sektoreen eskariari erantzuteko formula gisa. 360 ikaslek baino gehiagok prestakuntza, partzialki, ingelesez egiteko aukera izanen dutela esan zuen. Hala ere, diskurtso honetan ezinbesteko ardatz baten falta sumatzen da, hots, irakasleena. Kontuan hartu al da irakasleen iritzia modulu horiek ingelesez eskaintzeko? Atzerriko hizkuntza horretako irakasleek duten ezagutza-maila aztertu da modulu espezifikoak emateko? Zein hizkuntza-maila eskatuko da ikasgaiak talde elebidunetan garatzeko?

Garrantzi gutxi dute PAIrekin izandako gertaerek eta duela gutxi Castejongo ikastetxe publikoa programatik atera berri izanak. Eta garrantzi txikiagoa du Hezkuntza Departamentuak inolako laguntza pedagogikorik gabe horrelako lanpostuak bere gain hartzen dituzten irakasle kontratatuen egoerak.

Diotenez, harri berarekin estropezu egitea gizakiak bakarrik egin dezakeen akats bat dela; hala ere, tamaina horretako erabakiak alde bakarretik, aurreikuspenik gabe, azterketarik gabe, irakasleei entzun gabe, negoziazio edo kontsulta sindikalik egin gabe hartuz gero, errazagoa da berriz ere leku berean iraultzea.

Era berean, gogorarazi nahi dugu Nafarroako Irakaskuntza Publikoa Hobetzeko Itunak jasotzen duela espezialitate jakin batzuetan euskarazko eskaintza zabaltzeko behar diren neurriak aztertuko direla. 2018. urtetik zain gaude. Era berean, materialak prestatzeko edo itzultzeko orduak edo baliabideak emanen zaizkiela aipatzen da, bai eta zikloen ezarpenak behar duen aurreikuspena eginen dela ere ziklo horiek emateko langile kualifikatuak izan daitezela. Teoria argi dago; praktika, ez hainbeste.

Horrelako eskaintza bat egin aurretik exijitzen dugu testuingurua aztertzea, materialak aukeratzea, profesionalekin hitz egitea eta oinarrietatik hastea, teilatutik izan beharrean. Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren ardura da modulu elebidun horiek sustatzeko duen gaitasuna aztertzea, Lanbide Heziketan eskuratzen diren edukien eskurapena eta gaitasunen garapena oztopatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.