Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Bowie asko

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Moonagedaydream'

Zuzendaria: Brett Morgen. Herrialdea: AEB.Iraupena: 135 minutu.

David Bowie 70eko hamarkadan, 80koan, 90ekoan. David Bowie dantzan, abesten, bidaiatzen, erretzen. Bowieren ahotsa: kantuetan, elkarrizketetan, hausnarketan. Hallo Spaceboy, Life on Mars?, Moonage Daydream, Space Oddity, Modern Love, Heroes, Let's Dance. Milaka pertsona kontzertuetan, negarrez, Bowieri eskua eskaintzen, musu ematen. Eta milaka irudi: Charles Chaplin, lehertzen diren galaxiak, Murnauren Nosferatu.

Brett Morgenek zuzendu du David Bowieri buruzko Moonage Daydream dokumentala. Horretarako haren familiak pasatutako eta inoiz ikusi gabeko irudi asko erabili ditu, baita bere kontzertuetakoak, egin zituen filmetako eszenak, bideoklipak eta bere bidaia erretratuak ere. Eta bozgorailuetan Bowieren kantak eta Bowieren ahotsa. Morgenek badu eskarmentua musikariei buruzko dokumentalak egiten: 2012an Crossfire Hurricane zuzendu zuen, The Rolling Stones musika taldearen hasierako urteei buruzko filma, eta 2015ean Kurt Cobain: Montage of Heck Nirvana taldeko abeslariaren bizitza erretratatzen duen lana estreinatu zuen Sundanceko zinema jaialdian.

David Bowiek 1967an bere lehen diskoa kaleratu zuenetik hogei disko baino gehiago argitaratu zituen; azkena 2016an, bere heriotza baino egun batzuk lehenago. Musikaria zen, aktorea, eskultura eta pintura lanak egiten zituen, eta bideo esperimentalarekin jolasten zuen. Etengabe eraldatzen ari zen artista bat zen, beti mugimenduan, beti hazi eta ikasten. Morgenek aldaketa konstante hori erakutsi nahi izan digu Moonage Daydream-en, artista eklektikoaren erretratua, izar bitxia, beti pausu bat aurrerago zihoana. Horretarako irudi, musika eta soinu ozeneko etengabeko bonbardaketa bat eraiki du. Kontzeptuan ulertu dezaket zein den bere asmoa, eta tarte baterako funtzionatzen duela iruditzen zait, baina arnasa hartzeko unerik gabeko 2 ordu eta 15 minutuko film batek nekatu egiten du. Esperientzia bezala funtziona lezake —noizean behin Bowieren ahotsa entzuteko begiak ixteko aukera hartuta—, baina zarata asko duen filma iruditu zait; bai bisuala, baita soinu aldekoa ere. Berriro diot ulertzen dudala intentzioa zein den, eta argi daukat Bowieren kasuan dokumental klasiko bat ez litzatekeela egokia izango; baina nik musikariaren hitzetan apur bat gelditzeko beharra sentitu dut, esaten zuena benetan entzuteko, bere kantez disfrutatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.