Zentsuraren marrazkiak

Nestor Basterretxeak Arantzazuko kriptarako egin zituen zirriborroak ikusgai daude Oteiza museoan

Nestor Basterretxearen Guda izeneko zirriborroa; gerraren miseria islatzen du. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Altzuza
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924) Arantzazuko santutegirako egin zituen zirriborroak bildu dituzte Jorge Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa). Artistak bi alditan egin behar izan zituen kriptarako marrazkiak. 1952an egin zituen lehendabizikoz, baina Vatikanoak atzera bota eta ezabatu zituen. 1980an, diseinu berri bat aurkeztu zuen, frantziskotarrekin adiskidetu ostean, eta marrazki horiek daude egun Arantzazun. Erakusketan, bi garaietako hiruna zirriborro ikus daitezke, Arantzazuko zenbait argazki eta polemikaren nondik norakoak azaltzen dituen ikus-entzunezko obra batekin batera. Urtebete iraungo du.

Begirada gurutzatuak izeneko proiektuaren barruan kokatzen da Basterretxearen erakusketa. Gregorio Diaz Ereñok, Jorge Oteiza museoko zuzendariak, azaldu duenez, iraganeko eta orainaldiko artistak Oteizaren lanekin erlazionatu nahi ditu egitasmoak. Hala, Oteiza eta gainontzeko sortzaileen obrak harremanetan jarri nahi dituzte, «ez monologoak egiteko, baizik eta, artisten artean, joan-etorriko komunikazioa sortzeko». Basterretxearen sorkuntza izan da Oteizarenarekin elkartu duten lehenengoa, baina aurrerantzean artista gehiagoren aleak eskainiko dituzte museoan. Nestor Basterretxearen seme Gorka Basterretxeak sortzailearen hitzak irakurri zituen erakusketaren aurkezpenean, aita osasunez «makal» dabilelako.

Areto nagusian kokatu dituzte Basterretxearen zirriborroak. Gela horretan bertan daude Oteizak Arantzazuko basilikarako zizelkatutako apostoluak, baita pietatea ere. Ereñok azaldu duBasterretxearen lanen kokapena ez dela kasualitatea: «Oteiza museoko areto nagusiak Arantzazuko basilika gogorarazten du; horregatik, han batu nahi ditugu Arantzazuko kriptarako sortutako lan guztiak».

Sei dira osotara zirriborroak. Denak arkatzez egindakoak, paperean. Hiru irudi 1953koak dira, eta gainontzeko hirurak 1980koak. 1953ko marrazkien bidez, bekatua, bekatuen ordaintzea, barkamena eta loria irudikatu nahi izan zituen Basterretxeak. Irudi ilunak dira denak, figuratiboak eta espresionistak. Basterretxeak berak «espresionismo dramatikoa» irudikatzen dutela dio. Adam eta Eva, gerra, deabruak eta burezurrak azaltzen dira bozetoetan. «Sinbolismo ulergarria» da, artistaren ustetan. Vatikanoak, berriz, ez zuen iritzi bera; «basakeria» gisa kalifikatu baitzituen muralak. Ondorioz, katolizismoarekin bat egiten ez zutela iritzita, borratzeko agindu zuen. Artistak pintura zuriz estalita topatu zituen pareta zirriborratuak.

1980koak dira beste hiru obrak. Horien gaia libreki hautatu ahal izan zuen sortzaileak. Polemikaren ostean, Basterretxeak konpondu zuen frantziskotarrekin izandako liskarra, eta egun Arantzazun dauden marrazkiak egin zituen. Marrazki horien hiru zirriborro ere jarri dituzte erakusketan. Ereñoren arabera, bi sorkuntza prozesuetako adibideak ikusteak Basterretxearen lanaren eboluzioa ulertzea ahalbidetzen du. «Artista forma figuratiboetatik forma abstraktu eta geometrikoetara pasatu da», nabarmendu du. Basterretxeak berak sasoi horretan abstrakziorako bidea hartu zuela adierazi du.

Irudiak baino askoz gehiago

Erakusketan, Arantzazuko kriptako zenbait argazki daude, bozetoen gauzatzea imajinatzeko. Horrez gain, Basterretxearen etxean grabatutako bideo batekin osatu dute erakusketa. Bideoan, bi eraikitze prozesuetako argazki zaharrak azaltzen dira, eta ondoren sortzaileak Arantzazuko sorkuntza prozesuan bizitako momentu «gazi-gozoak» azaltzen ditu: Oteizaren laguntza, Vatikanorekin izandako gorabeherak eta bigarren obraren sorkuntza prozesua, besteak beste. Ereñok aurreratu duenez, aurten Basterretxearen obra landuko dute museoko ikastaroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.