Itsaspeko ondarea babestu nahi eta ezin

Arkeologoek diote euskal kostalde osoko urpeko mapa arkeologikoa «ezinbestekoa» dela itsaspeko ondarea babesteko. Azpiegiturarik ez bada ere, mugaz gaindiko hitzarmen bat izenpetzea lortu dute, eta baikor dira.

«Ez dugu ezer administrazioan, ez eta unibertsitatean ere; kontzientzia hartu behar dugu» larritu da Intxaustegi. INSUB.
Ainize Madariaga
2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Maria Intxaustegi mundu osoan barrena eraman du urpeko arkeologiak. Haatik, Donostiako Insub urpeko ikerketa kultur elkartean baratzea deliberatu du: «Aukera asko dauzkat, baina hemen gelditzen naiz Euskal Herriko itsaspeko mapa arkeologikoa lortzeko borrokatu nahi dudalako, inexistentea delako».

Izan ere, mundua Euskal Herriari «begira» dagoela ohartarazi du: «Euskal Herriko itsasontziek mundu osoa zeharkatu zuten: Floridan aurkitu genituen hemen egin ontziak, Txilen ere bai, Filipinetan... Hango arkeologoek gurekin lan egin nahi dute ontzien iturburura joateko, baina ezin dute, ez baitute nora jo, ez baitugu inolako azpiegiturarik!», pleini da Intxaustegi. Are gehiago, Mediterraneo kosta osoan badituzte hori lantzeko zentro espezifikoak: Murtzian, Valentzian, bai eta Andaluzian ere. «Guk hemen ez daukagu ezer», auhenka ari da. Ondarearen bilketa lan hori egiteko dago, beraz, nahiz eta ez den orain arteko lana ukatu behar. Arkeologoak ongi oroitzen ditu Aranzadi eta Insubek egin dituenak: Manu Izagirrek, adibidez, Urbieta itsasontzia atzeman zuen Oiassoko portu erromatarrean. Baina «kasualitatez» izan direla azpimarratu du, mapa arkeologikoaren «faltan»: «Horretarako, prospekzio arkeologikoa behar da, zeinak kostalde osoa miatuko bailuke;zer dagoen eta zer ez jakiteko».

Zerumugatik berri ona

Preseski, aurten berri «ona» dute: Ziburuko Itsas Begia eta Insub elkarteek hitzarmena izenpetu baitute, mugaz gaindiko elkarlanean aritzeko: «Historian, Frantziak eta Espainiak beti banatu izan gaituzte, baina hor dira Pirinioak, eta guretzat ez dira Txinako harresiak! Historia komun bat daukagu, eta ibai bakarrak bereizten gaitu». Hala, sakabanatuak diren artxiboen bilaketarako batez ere, talde lanaren beharra azpimarratu du.

Datu deigarria eman du Intxaustegik: Miarritzetik Plentziaraino ez dira bederatzi aztarnategi baizik egin 90eko hamarkadaz geroztik; bertzeak bertze, Hondarribian Oiasso aurkitu zuten; Donostian, oraindik hondoratuak diren bi itsasontzi; Getarian, zilarrezko lingoteak; eta Urdaibain, XV. mendeko Urbieta ontzia.

Dena den, arkeologoak gauzak baikor ikusten ditu, uste baitu hemendik aurrera gauzak «aterako» direla: «Nahi nuke nire lana normalizatzea. Gure lanari esker, ondarea babesten dugu, eta potentzial handia dugu daukagun historiarekin. Lehengo marinelei eta gaur egungo gizarteari zor diegun lan bat da». Erromantizismoari lekurik kendu gabe, «nazioarteko metodologia zientifikoa» bidaide dutela azpimarratu du Intxaustegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.