Bukatu da Olatu Talka

Hamar urteren ondoren, antolatzaileek iragarri dute aurtengo jaialdia azkena izan dela. Inoiz baino jende gehiago bildu da azken aldian
Ia 200 ekintza hartu ditu X. Olatu Talkak asteburuan.
Ia 200 ekintza hartu ditu X. Olatu Talkak asteburuan. GORKA RUBIO / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko ekainak 4
Asteburuan igaro da Olatu Talka jaialdiaren hamargarren aldia, Donostian. Aurkezpenean ez zuten iragarri, baina, jaialdia igarota, antolatzaileek jakinarazi dute aurtengoa azkena izan dela. Jon Aizpurua jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, Olatu Talka «hiriko egitasmo kulturalak saretzeko tresna» bilakatu da, eta «hiriko eragileei erakusleiho bat eskaini behar zaiela» erakutsi du hamar urte hauetan. Orain, ordea, adierazi du «gogoeta egiteko garaia» heldu dela, oraindik zehaztu ez duten egitasmo berri bati forma ematen hasteko.

Inoiz izan duen parte hartzerik altuenarekin bukatu du zikloa jaialdiak. Ostiralean hasi eta igandera bitartean, arte adierazpen askotako ia 200 ekintza izan dira hirian, erdigunean nola hainbat auzotan, eta denera 60.000 lagunek hartu dute parte, antolatzaileen arabera. Eguraldi onak ere zerikusia izan du arrakastan.

Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren harira sortu zen jaialdia, eta 2010ean egin zen estreinakoz, egitasmoa artean hautagaitza fasean zegoenean.

Agurra, itsasoaren aurrean

Olatu Talkak igandea izan zuen azken eguna. Aurreko bietan bezala, adin askotako jendearentzako ekitaldiak izan ziren; horren erakusgarri, Ametzagaina parkean jarritako Jolas Kraterra.

Oro har, musikak eta dantzak leku nabarmena izan zuten eguneko programazioan: Kontzertourreko emanaldi ugariez gain, besteak beste, Basoka proiektuak folka eraman zuen Miramongo basora; Izarrak Plazara egitasmoak gazteen kantu saioak eskaini zituen Alderdi Ederren; eta sanba kalejirak jende asko batu zuen, eguerdian, Kontxako pasealekuan. Hala izan zen jaialdi itxierako ekitaldian ere: Boga emanaldiak adin askotako abesbatzak batu zituen, Aquarium kanpoaldean. Ehun lagun aritu ziren kantuan; testuingurua baliatuta, itsas munduari loturiko euskal kantu ugari eskaini zituzten.