Aña-Mari Grenie. Miarritzeko mediatekako langile ohia

«Estralurtarra nintzen, ene erradikaltasuna bakana baita funtzio publikoan»

Itzaletik bertzeentzat lanean ari den indar ikusezin bat da Grenie. Ausardiaren etiketa bildu zuen determinismoari aitzi egin ziolarik; deitura frantsesak markatu bide logikoari uko eginez. Azeriaren diskrezioz, bide berrien urratzailea da.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
Miarritze
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Aña-Mari Grenie miarriztarrak (Lapurdi, 1954) ez zekien Euskal Herrian sortu eta bizi zenik. Bertze herri bat deskubritu zuen helduarora heltzean. Orduan, tokiz batere higitu gabe, Frantzia utzi eta hain agerian ez zen herri horren alde aritu da geroztik borrokan. Itzaleko guduka, betiere. Euskal errefuxiatuen aldeko gose greba behin betiko metamorfosia izan zen Grenierentzat. Orduan «atipikoa» izan zena, «zorionez», ez da haboro hain izaki bitxia: belaunaldi berriei «esker» baitira orain miarriztar euskaldunak.

Grenie, miarriztar izen tipikoa?

Enegana jin zara ez naizelako hain arrunta. Ez baitira ehun enea bezalako curriculuma dutenak. Baina ez naiz bakarra: gu aitzin izan baitira sekulako lana egin dutenak, Jakes Abeberri, konparazione.

Nola bizi zen abertzale ez zen Grenie hura?

Ez nintzen batere kontziente Euskal Herrian bizi nintzenik. Pentsa, Irun eta Lezoko [Gipuzkoa] familiaren bisitatzea, guretzat, Espainiara joatea zen. Euskalduntasunarekin neukan lotura bakarra La Côte Basque-n [euskal kosta] bizi nintzela! Folklore hutsean gelditzen zen. Hemen euskalduna atzeratua zen, «paysan» [laborari], nahiz eta gure etxean horrela ez ikusi.

Euskararen itsaso urdin eta zabalera murgildu zinen. Nola?

Euskarazko kurtsoetan parte hartzea proposatu zidaten lizeoan, baina errusiera izan balitz ere, berdin onartuko nukeen. Euskarari dagokionez, aitak beti sostengatu izan gaitu. Errespetu handia zuen, Grenie deitura baldin bazuen ere.

Frantxoa Salaberri kalonjeak eman zizkigun klaseak. Elizako kantu anitz nekizkien.

Lizeoko kurtso horiekin aski izan zitzaizun?

Ez! Bide luzea izan da, orduan ez baitzen ez AEKrik ez deus. Beharbada zazpi aldiz egin dut lehen urratsa! Kur-kur. Ez, arrailerian ari naiz.

Errefuxiatuek laguntza ikaragarria ekarri zidaten: Pili Garmendia nafarrak euskara irakasten zidan esku batean niniari jaten ematen zion bitartean! Lehergailua ezarri zioten etxean, baina, uroski, ez zuten hil. Hemengoek, laguntza handia ekartzen bazuten ere, ez zuten ulertzen zergatik nuen euskara ikasten: «Grenie deitura duzu!», erraten zidaten, mespretxuz. Gainera, ene euskara «espainola» zela erraten zidaten. Garai hartan oso ikasle guti ginen. Hala, luzaz egona naiz euskaraz mintzatzera ausartu gabe, ez bazen euskal errefuxiatu politikoekin.

Zerk zintuen abertzaletu?

Euskara ikasten hasteak eta Burgosko auziak sentsibilizaturik, gauzak biziki fite abiatu ziren: Euskal Herria existitzen hasi zen enetzat. Politikaz interesatzen hasi nintzen. Frantzia euskal errefuxiatu politikoen kontrako neurri administratibo batzuk hartzen hasi, eta haiek urruntzen hastea izan zen ene mobilizatzeko gakoa.

1972ko urriaren 31ko tokiko prentsaren arabera, San Martin elizan gose greba abiatu zutenzazpi gaztek. Tartean zure izena. Ez zenituen 18 urte baizik.

Baionako gose grebaren sostenguz, toki anitzetan egin zen bezala, guk gurea abiatu genuen eskatzeko euskaldunei Euskal Herrian bizitzeko eskubidea ematea, eta euskal errefuxiatuen kontrako neurriak ezeztatzea, hots, kanporatzea eta obligaziozko bizilekua ematea. Gose greba hura eskandalua izan zen, gure familiak zinez ezagunak baitziren. Horrekin batera, sostengua ere errezibitu genuen. Euskal mugimenduak segitzeko gakoa izan zen niretzat, betiere nehongoetan sartu gabe: gomita ukanagatik ere ez bainintzen oraindik prest sentitzen.

Errefuxiatuen aldeko borroka nola saretu zenuten?

1984ko Hazparneko Berria trinketeko biltzarra biziki garrantzitsua izan zen enetzat: besteak beste Patxi Nobliak parte hartu zuen; esplikatu ziguten euskal errefuxiatuak zeinen kinka txarrean ziren. Ordura arte Frantziak beti ukatu zituen Espainiaren estradizio eskaerak. Baina errefuxiatuak mehatxatuak zituzten, Mitterand eta Gonzalez presidenteen arteko tratuarengatik. Batzarretik landa errefuxiatuen aldeko hamahiru komite sortu ziren; horietatik, herri koordinazioa gelditu da Baionan: Errefuxiatuen Sostengu Komitea (ESK).

Errepresioa zabaldu zen orduan. Nola?

Bai, ordura arte IKren inguruko jendea atxilotu zuten, eta lagundu zuen jendearekin hasi ziren: Ondikola, Gimon, Totorika eta bertze anitz; aterpetzeagatik lehenik, militanteak izateagatik gero. Ehunka preso izan ziren. Hala, haiek ere sostengatu behar ziren: horrela zen sortu EPSK, Errefuxiatu eta Presoen Sostengu Komitea. Manifestaldiak antolatzen genituen kasik aste guziez, segur aski sobera, baina ezin zen deus egin gabe gelditu.

Gisa berean, Gure Irratian Presoen Oihartzuna emankizuna animatzen nuen, presoen berriak emateko. Gure lana zen egoera salatzea, jendea sentsibilizatzea, hautetsiengana joatea, ez baitziren ohartzen giza eskubideak urratuak zirenik, euskaldunen eskubideak ez zirela errespetatzen.

Frantses legeak ere ez ziren betetzen: deportazioak egiten baitziren justiziatik batere pasatu gabe. Zuzenean mintzatuz jendea harritzen zen. Hamabost urtez aritu naiz EPSKn buru-belarri lanean.

Lanetik kanpoko obra zen.

Bitxikeria zen: batzuentzat, estralurtarra nintzen, ene erradikaltasuna bakana baita funtzio publikoan. Herriko etxeko langilea nintzen. 1991n abertzaleak herriko etxeko gehiengoan sartu zirelarik, Jakes Abeberriren lehen laguntzailea bilakatu nintzen. Abeberri norbait garrantzitsua izan da ene bizian, adiskide handia, nahiz eta ez garen beti ados izan politikoki. Beste molde batez begiratu ziguten.

Nori zitzaion soa aldatu?

Herriko kontseiluan sartuz kanbiatu zen abertzale eta militanteekiko begirada. Aldaketa handiak gertatu ziren, hala nola Miarritzeko ikastola izan zen herriko etxeak ordaindutako eraikin batean egiten zen lehena Iparraldean. AEK-k ere eraikin berria ukan zuen, euskarazko lehen haurtzaindegia... Militantea izan naizen denbora guzian, euskara kurtsoak ere eman ditut, AEK aitzin eta gero ere.

Kartzela hurbiletik pasatu zitzaizun.

Ez naiz preso izan, baina 1992an Frantxoa Garat apezaren arrastatzeaz baliatu nahi izan zuten eni informazioa ateratzeko; horregatik, polizia etxerat deitu ninduten: oroitzen naiz Abeberrik ninduela eraman bere jantzi elegantean... Bestalde, presoen bisitan asko izan naiz, hamar urtez hilabetero; horrek ere markatu du ene bizia. Haietako batean bista galdu nuen buruko odol kolpearen ondorioz. Pentsatzen dudalarik Xixtorren [Frederic Haranburu] familiak 30 urte baino gehiago daramatzala kartzelaldia pairatzen...

Oraindik ere militatzen segitzen duzu?

Batez ere Bake Bidean ari naiz; ahal dudan guzia egiten dut bake prozesua aitzina joan dadin, presoak askatzeko eta herri honek bere bidea segi dezan justizian, jendearen eskubide kultural eta politikoak errespetatuz.

Martxoko herriko bozei begira, Miarritzeko abertzaleek beren zerrenda dute, baina bertze batzuek Didier Guillaume oraingo frantses laborantzako ministroaren kandidaturaren alde egiten dute. Zer diozu?

Karikatura bat da! Gu entseatzen gara zerrenda bakar bat osatzen abertzaleen artean gure balioak defendatzeko. Miarritze, maluruski, aldatzen ari da, inmobiliarioan bada sekulako presioa, eta gazteak behartuak dira kanpora joatera bizitzera, kosta osoan bezala. Hor da drama handiena. Ministroa sostengatzen dutenek ez dute kolektiboki egin: hor beren postua ari dira negoziatzen. Guk beti programa bat negoziatuz adostu izan dugu beste gehiengo batean sartzeko, baina beti talde lana izan da.

Miarritzeko mediatekako euskal funtseko langilea izan zara zure karrerako azken urteetan. Nola bizi izan duzu euskaldun gisa?

Egun guziez euskaraz egin daitekeen tokia da Miarritzeko mediateka. Irakurleen kluba dugu, eta, gainera, Marikita Tanburin eta Maialen Etxegoienek sortu zuten idazteko tailerra dinamizatzen nuen, eta zinez giro berezia eta alaia zen, sormenez betea. Egia erran, ez nuen sinesten gai ginenik hain gauza anitzak sortzeko. Gozatu ditut zortzi urteak. Irakurtzeko gogoa piztea zen ene helburua, eta besteei entzunez lortzen da. Guti leitzen da orokorki, eta euskaraz are. Garai batean atipikoa izan naiz, baina orain ez naiz gehiago: atzematen baitituzu hemen sortu eta euskaraz ari direnak. Ugutz Robles gurutzatzen dudalarik, hunkitzen da euskaraz entzuten nauelarik, zeren eta frantses ttipi bat ezagutu baitzuen etxera etortzen zelarik bisitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.