Quino

Mafaldaren binetetan biziko da

Mafalda pertsonaiaren egilea izateagatik zen ezaguna Salvador Lavado, 'Quino'. 1973an marraztu zuen azken aldiz, baina haren begirada kritikoak mundu osoko etxeetan jarraitzen du. 88 urterekin hil da.
LEO LA VALLE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko urriak 1

Ez zen izan haren lumatik sortutako pertsonaia bakarra, baina bai ezagunena, eta maitatuena. Mafalda haur azkar eta konformagaitzaren egilea izan zen Joaquin Salvador Lavado, Quino. 1964tik 1973ra pertsonaiaren eta haren lagunen abenturak irudikatu zituen, arazo unibertsalak jorratzen zituzten, eta, urteak igaro arren, gaurkotasuna izaten jarraitu duten 1.928 zintatan.

Marrazkilaria Argentinako Mendoza herrian jaio zen, 1932an. Argentinara emigratutako andaluziarren semea zen, eta haren osaba Joaquin Tejon margolari eta diseinatzaile grafikoaren eskutik aurkitu zuen bere bokazioa. Arte Ederretako ikasketak hasi zituen, eta, amaitu ez zituen arren, marrazkiaren eta proportzioen oinarrizko kontzeptuak bereganatu zituen.

Esto Es astekarian argitaratu zituzten marrazkiak lehen aldiz, eta beste hedabide askotan argitaratzen hasi zen ondoren. 1949an, ordea, horiek utzi eta istoriotxoetan eta umorean aritzeko erabakia hartu zuen. 1954an publikatu zuen lehen umore orrialdea, eta hortik aurrera haren binetak, marrazkiak eta istorioak Amerikako eta Europako egunkari eta aldizkari ugaritan agertu ziren. Nazioarteko umorista grafiko garrantzitsuenetakotzat hartua izan da, eta Mafalda pertsonaia esanguratsuari esker lortu zuen ospea.

Mafaldaren lehen bertsioa ez zen inoiz argitara atera. 1962an marraztu zuen Quinok, baina hasierako asmoa ez zen komiki baten pertsonaia sortzea: etxetresna elektriko baten iragarki batentzat komiki zinta bat marrazteko enkargua jaso zuen. Zintan familia bat irudikatu behar zuen, baldintza bakarrarekin: pertsonaia guztien izenak m hizkiaz hastea, etxetresnaren markarekin lotzeko. Marrazkilariaren eta agentziaren arteko akordioa ez zen gauzatu, ordea, eta Gregorio umorezko gehigarrian argitaratu zituzten zintetako batzuk.

Ofizialki, 1964ko irailaren 29an estreinatu zen Mafalda komiki zinta moduan, Primera Plana astekari argentinarrean. 1965eko martxo bitartean 48 zinta argitaratu zituen aldizkariak. Lehen aldi horretan, Mafalda eta haren gurasoak ziren pertsonaia bakarrak, harik eta 1965eko urtarrilean Felipek lehen agerraldia egin zuen arte. Aldizkariak Argentinako eta nazioarteko garai hartako gaiak jorratzen zituen, eta Quinok horiei buruzko zintak marrazten zituen.

Primera Plana aldizkaria utzi, eta El Mundo egunkarian hartu zuen erreleboa pertsonaiak, 1965ean. Egunkaria izanik, egunero argitaratzen ziren zintak, eta horrek aktualitatearekin lotura zuzenagoa zuten gaiak jorratzeko aukera eman zion marrazkilariari. Garai hartakoak dira politikari eta etxeko kontuei buruzko pasarteak. El Mundo-n hasi eta berehala, pertsonaia gehiagoren premia sentitu, eta Manolito eta Susanita sortu zituen Quinok. 1967ko abenduan, El Mundo itxi, eta Mafaldaren argitaratzea eten zen. Baina Siete Dias Ilustrados astekarian beste lan batzuk argitaratzen zituen ordurako Quinok, eta, 1968ko ekainean, haren umorezko orria Mafaldagarekin ordezkatzea adostu zuten.

1973ko ekainaren 25ean argitaratu zuen Mafaldaren azken zinta. Pertsonaia berak jorratzeaz nekaturik, beste kontu batzuetan lan egiteko gogoa zuen. Ordutik, eta Unicefen kanpaina batzuetan salbu, ez zuen Mafaldaren zinta gehiago kaleratu.

Quinoren umorea garratza zen, eta sarritan erakusten zituen gizakiaren alde zakarrenak nahiz absurdoenak. Hala, burokraziaren, autoritatearen edota erakundeen aurka jartzen zituen pertsonaiak eta irakurleak. Baina errealitatearen alde ezkorrak islatuta ere, haren istorioak samurtasunez beterik zeuden.

1976ko estatu kolpearen ondorioz, Quinok Argentinatik ihes egin eta Milanen (Italia) erbesteratu behar izan zuen, eta han ere umorezko orrialdeak marrazten jarraitu zuen. 1976tik 1983ra arte iraun zuen militarren diktadurak, baina ez zituzten hark sortutako istorioak zentsuratu. Egileak bazuen teoria bat: «Uste dut genero txikitzat hartzen zutela». 1990ean Espainiako nazionalitatea eskuratu zuen, eta, ondorioz, Madril eta Buenos Aires artean ere bizi izan zen hainbat urtez.

2014an 50 urte bete ziren Quinok Mafalda lehen aldiz marraztu zuenetik. Urte hartan, marrazkilariak esan zuen haur kritikoak egiten zituen galderek artean ez zutela erantzun argirik, eta 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran auzitan jartzen zituen arazo unibertsalak konpondu gabe zeudela oraindik. «Orduz geroztik ezer ez da aldatu munduan. Batzuetan harritu egiten naiz orain dela berrogei urteko zinta horiek egungo gorabeherekin lotuta daudelako», adierazi zuen.

Umore beltzagoa

Mafaldaren binetak marrazteari utzi zionetik, Quinok umore garratzagoa eta beltzagoa jorratu zuen, neurri handiagoan publiko helduarentzat eta umorezko liburuen bildumatan bilduz joan zena. Berrienen artean Qué presente impresentable! (2005), La aventura de comer (2007) eta ¿Quién anda ahí? (2013) daude. Azken urteetan, batez ere, Clarín egunkari argentinarrean argitaratu zuen.

Marrazkilaria 88 urterekin zendu da, sorterrian, Mendozan. Han bizi zen 2017tik, emaztea hil zitzaionetik. Osasun arazo ugari izan zituen azken urteetan, eta gurpil aulkian ibiltzen zen. Clarín egunkariaren arabera, arazo kardiobaskular bat izan du. Haren senideek adierazi dutenez, «adinari dagozkion arrazoiengatik» zendu da, bizitza «betetasunez» bizi ondoren.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Idoia Garzes idazlea, bere helduentzako lehen eleberria, <em>Mendiko gaitza</em>, eskuetan duela. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Mendiko gaitza: fisikoa ez ezik, soziala ere bai

Amaia Igartua Aristondo

Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' liburuko protagonista desagerpen batekin lotuko du mendian aurkitutako txartel batek. Helduentzako lehen eleberria du, eta proiektuarekin Zubikarai beka jaso zuen iaz

Sean Connery, Berlinen, 2005. urtean ©MARCUS BRANDT/POOL / EFE

Sean Connery aktorea hil da

Iñigo Astiz

Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin 

Develaireren erakusketa, Nafarroako Museoan. ©Iñigo Uriz / Foku

Itxialdian %67 murriztu zen Nafarroako kultur enpresen fakturazioa

Ane Eslava

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi txosten aurkeztu ditu, konfinamenduak kultur arloan izan duen eraginari buruz

Michel Tabachnik suitzarrak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra herenegun. ©TIPEZ

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna