Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Filmatzearen ardura

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'Girasoles silvestres'

Zuzendaria: Jaime Rosales. Aktoreak: Anna Castillo, Oriol Pla, Quim Avila, Lluis Marques, Manolo Solo, Carolina Yuste.Herrialdea: Herrialde Katalanak. Iraupena: 107 minutu.

Jaime Rosalesen Girasoles silvestres-ek, orain arte Sail Ofizialean ikusitako filmen arteko izenbururik ederrena eta iradokitzaileena edukitzeaz gain, estilorik helduena ere badauka. Zinemagileak elipsiaren gaineko kontrol izugarria du, eta haren bidez kontatu du Julia protagonistaren istorioa (Anna Castillo), hiru gizonekin izandako bikote harremanak lotuta.

Drama soziala eta familiako gorabeherak nahastuta ageri dira, baina, Hermosa juventud (2014) eta Petra (2018) lanetako tonutik aldenduta, errealismo argiago batean girotuta. Hala ere, istorioak ezin du tentsioa gainetik kendu, pertsonaiak ezbeharraren ertzean jartzen dituelako aldiro, berdin hondartzan, ur ertzean eta kalean.

Kanpoko pozen eta barruko haserreen artean, enkoadratzeek etxean kaiolatzen dituzte pertsonaiak, eremuz kanpokoa erabiliz. Kameraren lana ez da ikusgarria —Sueño y silencio (2012) izan liteke egilearen espresioaren gailurra—, baina baditu planteamentu interesgarri batzuk —baita soinu diseinu indartsu bat ere— batez ere irudiaren kulturari lotutakoak: badago oihartzun bat gizonak aurrez aurre filmatuta ageri diren planoen eta protagonistaren amaierako selfie-aren artean; ingurukoen argazkiz betetako telefonoen artean, zinemaren arduretako bat da aldiro pertsonak filmatzea. Azken plano hori filmeko ederrenetako bat da, gainera.

Rosalesen zinemak arreta eskatzen du beti, haren kontamolde sendoak bide zalantzagarrietatik eramaten zaituelako beti. Oraingoan, deigarria da gizonezko pertsonaien garapena, beste begirada batek kontakizuna aberastuko lukeelako: zenbat eta posizio hobea izan, eta tatuaje gutxiago, orduan eta pertsona hobeak dira, errazagoak enpatizatzen.

Aipatzekoa da Castilloren lana, orain arte ikusitako antzezpenetan biribilena akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.